The Jesus and Mary Chain, Kutxa Kultur berrituko lehen izena

Lasarteko hipodromoan egingo da aurrenekoz, irailaren 15ean eta 16an. The Hives eta Love of Lesbian taldeek ere joko dute jaialdian

The Jesus and Mary Chain, 2015eko BBK Live jaialdian. LUIS TEJIDO / EFE.
mikel lizarralde
2017ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Hemezortzi urteko isilaldi diskografikoa hautsi, eta Damage and Joy diskoa argitaratuko du The Jesus and Mary Chain Eskoziako taldeak apirilean. Jim eta William Reid anaien taldea izango da, hain zuzen, Kutxa Kultur festibaleko izen nagusia aurtengo ekitaldian. Antolatzaileek atzo eman zituzten jaialdian parte hartuko duten artisten lehenengo izenak —The Jesus and Mary Chainez gain, The Hives eta Love of Lesbian ere ariko dira—, eta, bidenabar, jaialdiak data eta leku aldaketa izango dituela ere jakinarazi zuten. Igeldoko jolas parkean egin izan da orain arte Kutxa Kultur festibala, baina, aurten, Lasarteko hipodromoan antolatuko dute. Datei dagokienez, irailaren 15ean eta 16an egingo da jaialdia, eta ez, orain arte bezala, hilabete horretako lehen asteburuan. Bestalde, aurten aurrenekoz, jaialdiaren antolatzaileek kanpadendak jartzeko gune bat atonduko dute.

«Jaialdiaren historian inoiz jo duen talde handiena». Sergio Cruzado antolatzailearen hitzek ondo adierazten dute The Jesus and Mary Chainen garrantzia. 1985ean estreinatu zen, Psychocandy lan —orduan— iraultzaile eta zaratatsuarekin, eta, 1999ra arte, soinu propio bat eratzeaz gainera, beste hamaika talderentzako nolabaiteko gida osatu zuen. 2007an itzuli ziren agertokietara —2015ean BBK Liven izan ziren—, baina orain arte ez dute ezer berririk grabatu. Orain arte.

The Hives, berriz, ezaguna egin da rock-and-roll bizia egiten duelako eta taldekideak beti zuri eta beltz janzten direlako. Suediako taldeak bost disko kaleratu ditu dagoeneko, eta tokitxo bat lortu du garage-punk eszenan

Love of Lesbian Kataluniako taldea, berriz, ohiko bihurtu da bere herrialdeko eta Espainiako indie jaialdietan, eta jarraitzaile andana lortu ditu hogei urteko ibilbidean. Ingelesez abesten hasi ziren, baina gaztelaniara egin zuten salto geroago.

Hiru izen besterik ez dira, eta antolatzaileek jakinarazi dute datozen hilabeteetan joango direla egitaraua osatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.