En Vivo 2013 jaialdiak rock musikaren gune garrantzitsu bihurtuko ditu berriro ere, udan BBK Live jaialdiak bezala, Kobetamendiko zelaiak, Bilbon, bihar eta etzi, The Offspring, Within Temptation eta The Toy Dolls taldeen emanaldiekin, besteak beste. Bilbon ariko diren taldeak Madrilen eta Bartzelonan ere aritzea zen hasierako asmoa, En Vivo jaialdia asmo anbiziotsu gisa sortu zenean, baina, Madrilgo eta Bartzelonako jaialdiak bertan behera geratu direnez, Bilbo izango da En Vivo jaialdiaren gune bakarra. Madrilgo eta Bartzelonako emanaldietarako sarrerak erosiak zituztenentzat doako autobusak jarri dituzte Bilbora etor daitezen.
Antolatzaileek «jaialdirik rockero eta urbanoetako bat» dela esanez definitzen dute En Vivo. Jaialdia Potato taldearen emanaldiarekin hasiko da bihar, 18:30ean, lehen agertokian. Potatoren ondotik, Lendakaris Muertos, Within Temptation, Berri Txarrak eta Celtas Cortos ariko dira. Bigarren agertokian, berriz, 19:15ean izango da lehen emanaldia, Kaotikorena; gero, hauek ariko dira gune horretan: Los Zigarros, Banda Bassotti, Shikari Sound System, Guerrilla (Tributua Rage Against The Machineri) eta Powerages (Tributua AC/DCri).
Etzi, larunbatarekin, Segismundo Toxicomanoren emanaldia izango da, 18:30ean, lehen agertokiko aurrenekoa, eta, gero, Reincidentes, Soziedad Alkoholika, The Offspring eta The Toy Dolls ariko dira. Bigarren agertokian Boikot ariko da 19:15ean, eta, gero, Rulo y la Contrabanda, El Drogas, Mago de Oz, Porco Bravo eta Karkoma (Tributua Extremodurori).
Punk-rock talde erreferentea
The Offspring taldea 1984an sortu zen, Orange Countyn (Kalifornia, AEB). Punk-rock musikaren munduan ezagun eta zabalduenetako bat da, 46 milioitik gora disko salduak baititu. En Vivo jaialdian bere kantarik ezagunenak joko ditu taldeak, baita Days Go By diskokoak ere;horixe da taldearen orain arteko azkeneko estudio lana.
The Offspring, Within Temptation eta The Toy Dolls, En Vivo jaialdian
Kobetamendiko zelaiek 22 emanaldi hartuko dituzte guztira, bihar eta etzi, agertoki bitan banatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu