Sail Ofizialean gaur aurkeztu duten Jonathan Teplitzkyren 'The Railway Man' filmak harrera ona izan du ikusleen aldetik, zenbait momentutan hunkidura uneak sortu ditu, eta amaieran txaloak entzun dira.
Eric Lomax Bigarren Mundu Gerran japoniarrek harrapatu eta Myanmar eta Thailandia artean kokatutako lan esparru batera eraman zuten ofizial britainiar erretiratua da. Han, baldintza gogorrei aurre egiteaz gain, torturak jasan zituen. Orain, Ingalaterra iparraldean bizi da emaztearekin baina gertaera haien mamuek behin eta berriz aztoratzen dute. Halako batean, sufrimendu haren eragile izan zen soldadu japoniarretako batek bizirik jarraitzen duela jakingo du, eta berebiziko erabakia hartuko du.
Filma egiaz gertaturiko ekintzetan oinarritzen da, eta prozesu luzea izan da. Lehenik eta behin, Lomaxek berak idatzi zuen izen bereko autobiografiaren eskubideak erosi zituzten. Ondoren, bikotearekin harremanetan jarri ziren. Denborarekin zuzendari-gidoigileen eta aktoreen eta senar-emazteen artean harreman estua sortu da. Horren guztiaren emaitza da pelikula. Lomaxen alarguna, Patricia, Donostian da, eta gaurko prentsaurrekoan esan du gauza hauek jakin egin behar direla, eta horrelakoetan askoz ere gehiago esan dezaketela irudiek hitz soilek baino.