Donostiako Nazioarteko 65. Zinemaldia. Sail Ofiziala

'The Wife' filmak itxi du Sail Ofiziala, Glenn Close protagonista duen lanak

Lehiaz kanpo erakutsi dute Bjorn Runge zinemagile suediarrak zuzendu duen lana. Senarragatik sakrifikatzeaz nazkatu den andrea du ardatz

Bjorn Runge zuzendaria, Glenn Close eta Annie Starke aktoreekin, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2017ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Duela sei urte, Donostiako 59. Zinemaldiko protagonista nagusietako bat izan zen Glenn Close, aktoreak jaso baitzuen urte horretako Donostia sari bakarra. Aurten, Donostiara itzuli da, Sail Ofiziala itxi duen protagonista gisa oraingoan. Bjorn Runge zinemagile suediarrak zuzendu duen The Wife filma proiektatu zuten Kursaalean atzo goizean eta iluntzeko itxiera galaren ostean, 65. Zinemaldiari amaiera emateko.

Joan Castleman da filmeko pertsonaia nagusia. Talentu handiko emakumea da, baina 40 urtez sakrifikatu ditu bere ametsak, bere senar Joeren ibilbide literarioaren mesedetan. Beren arteko harremanean pilatuz joan diren desorekez eta desleialtasunez nazkatuta, nahikoa da esatea erabakiko du halako batean Joanek, Joeri Literaturako Nobel saria ematekotan direnean hain juxtu.

Closek ez ezik, haren alaba Annie Starke aktoreak ere jokatu du protagonistaren rola; pertsonaiaren garai ezberdinak irudikatu ditu bakoitzak. Senarraren rolean, berriz, Jonathan Pryce aktorea aritu da. Bikotearen semearena Max Ironsek egin du, eta Christian Slaterrek, berriz, Joeren biografia idazten tematuta dabilen kazetariarena. Guztien lanarekin oso pozik agertu zen Bjorn Runge. Zinemagilearen esanetan, filmaketara iristerako Close «jada prest zegoen bere eskarmentuaren onena kamerari transmititzeko». Jonathan Pryceri buruz, berriz, «Closeren onena ateratzeko bere trebetasuna» nabarmendu zuen zinemagileak. «Tenis partida sofistikatu baten gisakoa izan da; pilota alde batetik bestera ibili da etengabe, eta beti izan da zerbait hobetzearen mesedetan».

Alabarekin eginiko lanaz mintzatu zen Close, eta beren pertsonaia bien artean «behetik gora» eraiki zutela esan zuen. Pertsonaiarekin erraz konektatu zuela azaldu zuen aktore estatubatuarrak: «Tamalez, andre askok bizitza osoa eman dute beren barruan duten argi hori estaltzen edo beste norbaiti eskaintzen, adibidez, senarrari. Ausardia ekintza bat iruditzen zait emakume batek bere argiari diz-diz egiten uztea».

Halaber, bere belaunaldiko andrazko aktoreentzat idatzitako rol gehiago eskatu zituen —70 urte ditu—. «Halako filmek hainbaten begiak irekitzen lagun dezakete, Joanen gisako pertsonaiak, adin horretan, interesgarriak baitira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.