Tipula azalez azal biluzten

Txinako kulturaren eta herrialdean izan dituen bizipenen berri eman du Rafa Egigurenek 'Gauza guztiak' lanean

Aurretik Ilargia putzuan ageri eta Mandarin dotore lanak idatzi ditu Egigurenek Txinari buruz. ANDONI CANELLADA / ARP.
Maite Alustiza.
Donostia
2011ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Ez da ohiko turismo gida bat, baina Txinara bidaiatu nahi duenak badu herrialdearen inguruan zer ikasi Gauza guztiak (Pamiela) liburuarekin. Rafa Egigurenek (Hernani, Gipuzkoa, 1948) duela 25 urte idatzitako oharrak, han izandako bizipenek utzitako oroitzapenak eta herrialdeko kulturaren pintzelkadak jaso ditu lan horretan. Bere burua ez ezik, Txina ere biluztu du, geruzaz geruza. Lagun baten bizipenen eta herrialde bateko kulturaren arteko koktela, hori da «euskaldun bat Txinan».

Herrialdeko kulturaren barrunbeak daude liburuaren muinean, hau da, taoisten parabolak. Ondoren izan ziren neotaoistenak ere presente daude, beste geruza batean. Hizkuntza bera ere landu du, txineratik euskararako itzulpenak eginez, esaerak eta esanahiak jorratuz. Tang garaiko olerkiak eta Song garaiko pinturak izan ditu hizpide, elkarrekin oso lotuta dauden bi arte. Euskaldunek Txinan egindako urratsak ere ekarri ditu gogora, pilotari eta jesuitenak tarteko.

«Txina ez da taoismoa bakarrik, ezta nire pasadizoak ere: geruza asko izan ditzakeen tipula bat da», Egigurenen arabera. Tipula bat da Txina, baita liburua ere, azal eta guzti. Bi zeinu txinatarrek hartzen dute azalaren erdialdea: «Hamar mila gauza», diote. «Txinako kulturan sartuta dagoen gauza garrantzitsu bat da, beraientzat hamar mila gauza han dauden gauza guztiak dira». Itsaso zabal horretatik lagin txiki bat jaso du Egigurenek, bere neurrian gazituz. «Kontrajarriak diruditen arren, irudimena eta oroimena bitarteko, gauza guztiak gorde litezke liburu batean».

Aldaketak herrialdean

Ikastera heldu zen Txinara, duela 25 urte, eta ez da berriro itzuli. Lagunen, prentsaren eta telebistaren bidez izan du geroztik haren berri. Txinak jasan duen aldaketari «ikaragarria» deritzo; hala ere, berak liburuan jaso dituen geruzek berdin jarraitzen dutela dio: «Liburuan agertzen diren gauzak ez dira aldatu. Horrelako zibilizazioen funtsa hizkuntzan eta kulturan dago; garai bateko kultura gaur egun arte iritsi da».

Dena den, Txinak izan du aldaketarik, munduko edozein herri edo hirik neurri batean edo bestean izan duen moduan. Duela mende laurden txinatarrek beraiek iragartzen zuten euren herrialdearen etorkizuna dezente aldatuko zela: «Eskolan elkar ezagutzeko guateke moduko bat egiten genuen, eta han esaten ziguten bazekitela berehala bigarren potentzia mundiala izango zirela, eta asmatu dute». Kaleak ez daude berdin; bertakoen bizimodua ez da berdina. «Pekinen txaletak zaldiekin ikusten ziren orduan, baserrietan ikusten zen jendea. Badakit orain zaldiak ez direla ibiliko, auzo txiki eta zahar horiek botatzen ari direla eta etxe orratz ikaragarriak daudela». Janzkera ere aldatu da, «garai hartan biztanleriaren erdia militarrez jantzita ibiltzen zen». Egungo Txinak, ordea, gordetzen du oraindik tipularen barrualdean dauden ohituren zaporea.

Txinari buruz argitaratutako hirugarren lana du Egigurenek. Aurrekoak Ilargia putzuan ageri (Erein) nobela eta Mandarin dotore (Gaztelupeko Hotsak) laneko poesien itzulpena dira. «Hiru zenbaki perfektua da, eta ez dut uste Txina ukituko dudanik hemendik aurrera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.