KRITIKA. Zirkua

Tontolapikoon gozamena

 Barbara Probsten 'Bath-flop' ikuskizunaren irudi bat. BARBARA PROBST
Barbara Probsten 'Bath-flop' ikuskizunaren irudi bat. BARBARA PROBST
Agus Perez.
2024ko martxoaren 31
05:00
Entzun

Tontolapiko eguna

Konpainiak eta lanak: Carol Garel (Récital en grève), Barbara Probst (Bath-flop), L’arbre A Vache (Goodbye Persyl). Lekua: Durangoko Landako gunea. Eguna: Martxoak 29.

Normalean, Durangoko Aurora Abasolo parkean eta haren inguruetan izaten da Tontolapiko eguna, baina Ganso & Cia konpainiak eta San Agustin kultur guneak euria bazetorrela ikusi dute, eta emanaldiak Landako guneko pabilioian atondu dituzte.

Arratsaldeko lehen hiru konpainiak frantziarrak izan dira, eta haietariko lehena Carol Garel bakarlaria izan da, Récital en grève (Errezitala greban) emanaldiarekin. Bakarrik agertu da Garel, gitarra bat bere zorroan gordeta eta sorbaldan zeramala, eta luzamendu eternaletan eman du bere ordu erdia, klase borroka, greba eta iraultza bezalako kontzeptu zailak ume txikien, haien gurasoen eta bestelako ikusleen aurrean aldarrikatzen. Ikusten denez, ezin da beti asmatu, baina, zorionez, bagenekien arratsaldeko beste lanak onak edo bikainak izango zirela, eta horrela gertatu da, Tontolapiko egunean ohikoa den legez.

Hurrengo emanaldian Barbara Probst etorri da Bath-flop (Bainurako aparra) ikuskizunarekin. Probstek garai bateko bainuontzi klasikoa zeukan atzean, xaboi aparrez betea. Alboan atril bat eduki du, saldu behar zituen bainu-produktuen karteltxo batekin hornitua, eta ahots profesional batek azaldu digu haien publizitate saio bat ikusi beharko genukeela.

Ordea, laster hasi dira komeriak, ustezko saltzailea behegaineko xaboian irristatu denean, eta orduan hasi gara Probsten clown eta akrobata trebezia sinestezinez gozatzen, zinez sinestezinak izan direlako bainuontziaren gainetik, barrutik, ingurutik eta azpitik sortu dituen umore-uneak, ikusleak algara ozenetan murgildu dituztenak. Atrila ere baliatu du askotan, erritmoak ez du inoiz behera egin, arropa eta ilea busti zaizkionean barruko arroparekin geratu da, eta gero arropak eskatu dizkie ikusleei bera sikatu eta haiekin janzteko. Kalitate bikaina, benetan, publikoak berotasunez eskertu duena.

Hirugarren saiorako etxe nagusi bateko lorategian sartu dira ustezko bi gaizkile ezinago trakets, pabilioira Twingo zahar batean etorrita. Aurreko piezan bezala, Buster Keatonen slapstick estiloa eta teknikak baliatu dira honetan ere, baina ez hain era funtsezkoan, oraingo honetan gidoi irudimentsu eta mamitsuak pisu berezia hartu duelako planteamenduaren garapenean.

Horrela izanda, era guztietako pasadizoak eta abenturak bizi izan dituzte gure sarkin eskasek, eta haien artean bereziki barregarriak izan dira segurtasun kamerarekin eta lurrazpiko ur-hoditeriaren kontura izandakoak. Zelan ez, une batetik aurrera Twingo zaharrak bizitza propioa eduki du, protagonismo berezia hartuz, baina denetan onena gidoia izan da, argumentuan zehar hainbat ezuste eman ostean azken sorpresarik ez duelako izan, makina bat baizik, den-denak barrez lehertzeko modukoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.