Bi ahotsetara

Tonua

Xabier Erkizia.
2011ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Hemeretzigarren mendearen bukaeran Thomas Alva Edisonek gure memoriaren estruktura behin betiko aldatuko zuen gailua asmatu zuen. Irudiak, berdin hizki edo marrazki modura errepresentatzeko eta biderkatzeko makina asmatu zela mende andana bat pasa eta gero, azkenean soinuak biltzeko makina asmatu zuen norbaitek. Baina, arraroa badirudi ere, fonografoa ez zen musika biltzeko edo grabatzeko pentsatu, ahotsezko mezuak gordetzeko baizik. Erantzungailu izateko. Edison, ordea, laster konturatu zen musika zela bere asmakizun iraultzailea saltzeko modurik egokiena. Eta ideia on bat izan zuen: fonografoa agertoki gainera eraman eta Test-tone deitu zituen emankizunak edo erakustaldiak antolatu zituen. Bertan, hezur-haragizko musikari bat eta makina bera jarri zituen leku berean, bata bertzearen alboan. Biak abesti bera kantatzen (edo interpretatzen). Entzuleria, berriz, ohiko eserlekuetan, ilunpetan, baina agertokian zer gertatzen zen ezin ikusiz. Entzuleak makinaren eta gizakiaren arteko aldea nabaritzeko gai ote ziren jakin nahi zuen Edisonek. Bere iritziz, hain zen ona fonografoaren kalitatea, hain zegoen ziur jasoko zituen emaitzekin, bazekien entzuleak ez zirela gai izanen ahots-kordetatik eta polearen sokek eragindako mekanismoek bozgorailuetatik ateratako soinuen artean ezberdintzeko. Eta ez zuen arrazoirik falta, lehenbiziko saiotik test-tone direlako horiek arrakasta itzela jaso zuten, eta, bidenabar, hori baitzen azken helburua, fonografoak izugarrizko salmentak izan zituen.

Baina esperimentu horrek bertze gauza garrantzitsuago bat baieztatu zion Edisoni, berak jakin gabe, urteak aitzinera joan ahala pisu handiagoa hartuko zuena: Edisonek ez zuen musika errepresentatzeko makina sortu, musika egiteko makina baizik. Azken finean, esperimentuaren emaitzak ez zuen makina gizakiak bezala kantatzen jarri; gizakia makinak bezala kantatzen, ordea, bai. Eta geroztik, bozgorailuaren seme-alabak gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.