Begia eta egia hitzekin jolas eginez, (B)egia leloa hartu zuen iaz Literaturia jaialdiak, eta euskal literatura begien parean jarri zien zaleei, Zarautzen (Gipuzkoa). Aurten, Ihes hitza jarri dute erdigunean, eta topagune bat eskainiko die literatura ihesbidetzat hartzen dutenei. Bihar hasiko da euskal letrei huts-hutsean eskainitako jaialdi hori, eta, igandera bitarte, liburu azoka, solasaldiak, liburu aurkezpenak eta hainbat ikuskizunen emanaldiak bilduko ditu. Aurten ere, BERRIA hedabide babeslea izango da.
Urtero bezala, manifestu batekin emango diote hasiera Literaturiari. Ander Lipus antzerkigileari eman diote aurten manifestua prestatzeko eta jendaurrean irakurtzeko ardura. Ekitaldia Modelo aretoan izango da, 20:00etan. Segidan, Formol Laborategiko kideek hartuko dute oholtza, eta Heriotzak Eduardo du izena antzezlana taularatu. Susa argitaletxeak plazaratzen duen Munduko Poesia Kaierak bildumak hamar urte bete zituen iaz, eta, urteurrena ospatzeko, Biziei ere omen liburua kaleratu zuten —urteotan bilduman parte hartu duten 39 itzultzaileetako bakoitzak euskarara ekarri zuen bizirik den egile baten poema bat—. Liburu hori ikuskizun bihurtzeko enkargua egin zien argitaletxeak Formol Laborategiko kideei, eta «poesia ez-errezital bat» sortu dute Edurne Azkaratek, Intza Alkainek eta Mikel Ibargurenek. Otsailean estreinatu zuten obra, eta bihar Zarautzen ikusi ahal izango da. Ekitaldirako sarrera 8 eurokoa izango da.
Liburu azokak, berriz, larunbatarekin irekiko ditu ateak, eta, Lege Zaharren enparantzako karpan, goizez eta arratsaldez egongo da zabalik —11:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara—. Azoka irekita dagoen bitartean, liburu aurkezpenak ere egingo dituzte karpan bertan, Ahotsenea sortzaileen gunean. Amaiur Epher, Ane Labaka Maioz, Goiatz Labandibar, Ainhoa Urien Telletxe, Jesus Mari Olaizola Txiliku, Miren Agur Meabe, Julen Belamuno, Iker Aranberri, Agurtzane Intxaurraga eta Oier Guillan arituko dira beren lan berrienak aurkezten. Eta bertan egingo diote aitortza aurtengo omenduari, Zarauzko Garoa liburu dendari; eguerdian izango da omenaldia.
Lehen aldiz, gaztetxoentzat
Adin guztietako irakurleentzako lanak izaten dira Literaturian, eta haurrentzat bereziki ere prestatu izan dute jarduerarik, Literattipia izenaren pean. Gaztetxoentzat, baina, orain arte ez da izan berariaz antolatutako eskaintzarik, eta, lehen aldiz, haientzako jarduera bat bildu dute egitarauan. Hain zuzen, Oier Guillan idazle eta antzerkilariak idazketa tailer bat egingo du 12 eta 16 urte bitarteko nerabeentzat. Larunbatean egingo da tailerra, 10:30ean hasita, Etxezabalan, eta aurrez izena eman beharra dago parte hartzeko —literaturia.zarautzen@gmail.com helbidera mezu bat idatzita eman daiteke izena—.
Egun berean, hiru ekitaldi hartuko ditu Modelo aretoak. 12:30ean, Entzuteko liburuak izenburupean, podcasten inguruko solasaldi bat egingo dute: Ainhoa Etxebeste EITB Podkast plataformaren arduradunak gidatuko du saioa, eta Xabier Gantzarainek (Hizlandia), Xabier Etxeberriak (Artxipelagoa) eta Garazi Urkolak (Enkantea) parte hartuko dute.
Arratsaldean izango dira Modelo aretoko beste bi saioak. 18:00etan, Enplego zoriontsuago bat emanaldia egingo dute Iñigo Astiz idazle eta BERRIAko kazetariak eta Eñaut Elorrieta musikariak —ekitaldi horretarako sarrera 5 eurokoa izango da—. Eta, 22:00etan, berriz, Bertso saio espekulatiboa egingo dute Unai Iturriaga, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina bertsolariek, Leire Vargasek jarritako gaiei segika —sarrera 8 eurokoa izango da—.
Amaitzeko, antzerkia
Igandean izango du segida Literaturiak, eta bi ekitaldi prestatu dituzte jaialdiaren azken egunerako. Goizean, Ihes betea zilegi balitz izendatu duten saioan, Arantxa Urretabizkaia idazlea elkarrizketatuko du Garbine Ubeda idazle eta BERRIAko kazetariak, eta Olaia Inziarte musikariak hainbat kantu joko ditu. Santa Klara komentuko elizan egingo dute saio hori, 11:30ean hasita.
Arratsaldean, Literattipiak emango dio amaiera jaialdiari. Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez antzezlana taularatuko du Tanttaka konpainiak, Modelo aretoan, 16:45ean hasita —sarrerak 4,5 euro balioko du—.
Ordainpeko ekitaldietarako sarrerak salgai daude jada. Jaialdiaren webgunean (www.literaturia.eus) ez ezik, eskuragarri daude Modelo aretoko leihatilan ere. Asteburuan ere erosi ahalko dira sarrerak, ekitaldiak hasi baino ordubete lehenago, betiere aurrez bukatu ez badira.
omenaldia Garoa liburu dendari
Euskal literaturaren alde lan egiten duten norbanako, talde edo kolektiboei aitortza egin izan die urtero jaialdiak, eta halaxe egingo du aurten ere. Zarauzko Garoa liburu denda izango da omendua, zeina duela 50 urte baino gehiago hasi zen bidea egiten; liburu azokan egingo dute aitortza ekitaldia, larunbat eguerdian, denda ireki zutenetik «gaur arte euskal kulturari eta literaturari emandako bultzada eta eskainitako maitasuna» goratzeko. Manu Urbieta artista zarauztarrak sortutako oroigarri bat jasoko dute omenduek.
Egitaraua
MAIATZAK 23, OSTIRALA
- 20:00. Ander Lipusek Literaturiarako prestatutako manifestua irakurriko du, Modelo aretoan.
- 20:15.Heriotzak Eduardo du izena ikuskizuna taularatuko du Formol Laborategiak, Modelo aretoan.
MAIATZAK 24, LARUNBATA
- 10:30. Idazketa tailerra gidatuko du Oier Guillanek, Etxezabalan.
- 11:30-14:00 eta 17:00-20:00. Liburu azoka zabalik izango da, Lege Zaharren enparantzan.
- 11:30-14:00 eta 17:00-20:00. Liburu aurkezpenak egingo dituzte Ahotsenea gunean, Lege Zaharren enparantzan.
- 12:00. Garoa liburu dendari omenaldia egingo diote, Lege Zaharren enparantzan.
- 12:30.Entzuteko liburuak podcasten inguruko solasaldia egingo dute, Modelo aretoan. Ainhoa Etxebestek, Xabier Gantzarainek, Xabier Etxeberriak eta Garazi Urkolak parte hartuko dute.
- 18:00. Enplego zoriontsuago bat ikuskizuna emango dute Iñigo Astizek eta Eñaut Elorrietak, Modelo aretoan.
- 22:00.Bertso saio espekulatiboa egingo dute Sustrai Colinak, Nerea Ibarzabalek, Unai Iturriagak eta Leire Vargasek, Modelo aretoan.
MAIATZAK 25, IGANDEA
11:30.Ihes betea zilegi balitz izenburupean, eta Olaia Inziartek musikaz lagunduta, solasaldia egingo dute Garbine Ubedak eta Arantxa Urretabizkaiak, Santa Klara komentuko elizan.