Argitaletxerik handi eta ezagunenentzat ez ezik, argitaletxe txikientzat ere erreferentzia garrantzitsua da Durangoko Azoka, baita borondatezko lanean oinarritzen diren argitaletxe ez- komertzialentzat ere. Horren adibide argia da Edo argitaletxe sortu berriak atzo Ahotsenean egindako aurkezpena. Edo argitaletxeak ez du erakusmahairik azokan, baina sortzaileen gunea baliatu du plazara atera dituen aurreneko lanak aurkezteko: Charlotte Perkins-Gilmanen Hormako paper horia narrazioa, Ana Isabel Moralesek euskaratua; Gari Garaialderen Zu ikusteko bidean argazki liburua; Samara Velte BERRIAko kazetariaren Eta Karmele? antzerkilana; eta Idoia Beratarbideren Alderik alde ilustrazio liburua.
Produktu berriak Durangoko Azokan saltzeko aukera aztertu zuten Edo argitaletxearen sortzaile eta kudeatzaileek, baina oraingoz behintzat aukera horri ezezkoa ematea erabaki dute, pentsatuz ahalegin handiegia izango zela lortutako emaitzarekin alderatuz gero. «Ahotsenea sortzaileentzako gunea den neurrian, oso leku egokia iruditzen zaigu gure lanen berri emateko, eta iaz ere hemen izan ginen gure proiekturako bazkideak egiten, Durangok topagune gisa indar handia baitu», komentatu du Iratxe Retolaza Edo argitaletxeko kideak. «Liburuak saltzeko, ordea, gure kasuan, askoz ere gune naturalagoak dira hainbat liburu denda, gaztetxe eta gisakoak, eta era horretako leku askotatik deitu digute dagoeneko aurkezpenak egiteko ere».
Gatuzain argitaletxearentzat ere Durangoko Azoka gune garrantzitsua da, urteroko ekitaldi ezinbestekoa, lan berriak erakusteko ez ezik baita saltzeko ere, haien salmentak urriak izan arren beste argitaletxe batzuenekin alderatuz gero. Aurten, hiru liburu berri ekarri ditu Gatuzainek Durangora: Geraldine Collet-en Nik badakit egiten haurrentzako liburua, Ione Josiek euskaratua; Maritxu Lopeperen Biharko lurraren hazia; eta Diana J. Torresen Pornoterrorisme, Hartzea Lopez Aranak gaztelaniatik frantsesera itzulia.
Gatuzainen kasuaren antzekotzat jo daiteke Meettok argitaletxearena eta Cenlit argitaletxearen Denonartean zigiluarena, beste batzuen artean. Meettokek Itxaro Bordaren 100% Basque ekarri du, labetik atera berri, Bego Montoriok gaztelaniara itzulia. Denonarteanek, bi album ilustratuz gain, Mathias Malzieu-ren Bihotzaren mekanika, David Vannen Sukkwanen irla, Daniel de Rouleten Ez duzu ezer ikusi Fukushiman eta Linna ben Mehnniren Tunisian Girl. Udaberri arabiarraren blogaria ekarri ditu, Alberto Barandiaran, Juanjo Olasagarre, Inma Errea eta Itziar Diez de Ultzurrunek euskaratuak, hurrenez hurren.
Durangoko 47. Euskal Liburu eta Disko Azoka
Topagune ziur baten indarra
Erakusmahaia izan edo ez, Durango garrantzi handiko erreferentea da argitaletxe handientzat ez ezik txikientzat ere

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu