Topo Pass Interneteko plataforma kulturala sortu du Kalea elkarteak

Sortzaileak, kultur guneak eta hartzaileak harremanetan jarri nahi ditu tresna berriak, sare sozialen antzera

Eneko Etxegarai Urain.
Baiona
2011ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Topo Pass izena duen Interneteko plataforma kulturala aurkeztu zuen atzo Baionan Kalea elkarteak. Elkartearen izenak esanahi berezia du, Kultura Aniztasunaren Aldeko Lurralde Elkartea baita. Tresna berri horrek publikoa, artistak eta kultur guneak beraien artean kontaktuan jarriko ditu, «Facebook moduko bat» izango da, hau da, kultur guneek eta artistek beraien web orriak egingo dituzte, eta bakoitzak bestearenak ikusi ahalko ditu. Bakoitzak elikatu beharko du aktualitatea. Jendeak artista zein kultur guneen orriak ikusten ahalko ditu. Bultzatzaileen iritziz, «tresna paregabea» da.

Helburu zehatzekin eginiko plataforma da. Hala zehaztu dute elkarteko kideek, «publikoa osatu eta forma orotako kulturaren eskuratzea erraztea» baitute helburu, «baita Euskal Herrian bizitza kulturalaren eta artistikoaren garapena lagundu ere». Halaber, «kulturgintzan aritzen diren eragileen arteko lurralde banaketa gainditzen eta sarea osatzen» bultzatu nahi dute.

Atzo arte izen emateak kultur guneei eta artistei soilik zabaldua zen, baina gaurtik aitzina norberaren izenean kontua zabaltzen ahalko da atari berrian, Euskal Herrian egiten diren artisten zein ekimen kulturalen berri izateko. Horretarako, izen-abizenak eta helbide elektroniko bat sartzea nahikoa da. Interesatuekwww.topopass.com helbidean dute aukera.

Artisten erantzuna

Talde eta artista batzuek baiezkoa eman dute dagoeneko, tartean, Oskorri, Oreka TX eta Miarritzeko Malandain balleta. Gojira talde nazioartean ezagutuak ere bat egin du tresnarekin. Mario Duplantier bateria jotzaileak azaldu duenez, «Topo Pass sareak Euskal Herriko artisten kartografia bat proposatzen du, non artista bakoitza aurkezten ahal den. Iniziatiba honi nire sostengu osoa ekarri nahi diot». Odei Barroso bertsolariak euskararen erabilpena azpimarratu du. «Euskaraz erabil daitekeen tresna bat da; komunikazio tresna guti daude euskaraz; zorionez, hau horietako bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.