Toteltasunik ez ingeles zineman

Tom Hooperren 'The King's Speech' lana izan da garaile Oscarren zinema gauean, lau sari nagusi irabazi osteanIngalaterrako filmak beti nabarmendu izan dira Hollywoodeko sarietan, aldian-aldian

gorka erostarbe leunda
2011ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Toteltasunik gabe egin zuen eskertze hitzaldia Colin Firthek, aktore onenaren Oscar saria jasotzean: «Nire ibilbideak gailurra jo duela iruditzen zait. Eskerrik asko nire familiari eta nire emazteari, monarkiako kide izateko nire ilusioak bertan behera botatzeagatik, eta ezagutu dudanetik eman dizkidan gauza on guztiak emateagatik».

Umorea eta goxotasuna tartekatu zituen Firthek, Jorge VI Ingalaterrako errege hitz totelaren papera sekula ahaztuko ez duen aktore ingelesak. Ezintasun bat gainditzeko norberaren borondateak duen garrantziaz diharduen filma faborito zen Oscar sari nagusiak eskuratzeko, eta lortu ere lortu zituen. Harentzat izan baitziren, Firthenaz gain, film onenaren saria, zuzendari onenarena (Tom Hopper), eta jatorrizko gidoi onenarenaere (David Seidler). Sari tekniko gehienak eskuratu zituen, aldiz, Christopher Nolanen Origen filmak (efektu espezial onenak, argazkilaritza onena, soinu edizio onena eta soinu nahasketa onena), eta hiru baino ez zituen erdietsi beste faborito nagusiak, Aaron Sorkinen The Social Network-ek (gidoi onenarena, egokitutako gidoi onenarena eta edizio lan onenarena).

Hollywoodeko akademikoek gustukoak izan dituzte, oro har, drama historikoak eta ezintasun fisiko nahiz burukoetan oinarrituriko filmak. Bi premisak betetzen zituen The King's Speech-ek. Eta, gainera, film ingelesa da goi etabehe. Ohikoa izaten da Oscar sarietan, aldian behin,Ingalaterrako film bat urte horretako garaile bihurtzea. Hizkuntza alde dute, batetik, eta, eskola edo tradizio oso jakin bat ere bai, bestetik.

Produktu komertzial eraginkorrak hezurmamitzen trebeak izan diraingelesak, beti ere berezkoa duten ukituari muzin egin gabe. Errege-erreginen istorioak, gerretako heroienak eta klase sozial txiroenetako langileen borrokak pantailaratu izan dituzte eraginkortasun handiz. Euren istorioak eta historia kontatzen jakin izan dute, sarri umoreari leku eginez, eta ikusgarritasun zentzuari garrantzia emanez gehienetan.

Errege-erreginei buruzko film bat izan zen, hain zuen ere,Oscar sarietan aurrenekoz nabarmendu zen ekoizpen ingelesa, Alexander Kordak zuzenduriko The Private Life of Henry VIII. 1933koa da filma etaCharles Laughton zuen protagonista nagusia. Bere ibilbideko Oscar sari bakarra irabazi zuen Laughtonek, nahiz eta beste bi alditan izendatuen artean egon izan zen. Ez zen sari banaketan izan. Ingalaterrako zineman garai baten ikur izan zen Korda, zuzendari bezala eta London Films konpainiako ekoizle modura.

Olivier, zuzendari modura

Laurence Olivier aktore ingeles karismatikoak zuzendari moduan egindako bigarren lanarekin eskuratu zuen Oscar saria. Shakespeareren obran oinarrituriko Hamlet (1948) harkbeste zenbait hautagaitza ere izan zituen, nahiz sari nagusi gehiago ez irabazi. David Lean zuzendari ingelesaren The Bridge on the River Kwai (1957) izan zen sari nagusi bat baino gehiago eskuratu zuen lehen film ingelesa. Zazpi Oscar sari irabazi zituen, film eta zuzendari onenarenak, argazkilaritza onenarena eta gizonezko aktore onenarena (Alec Guinness) tarteko. Tony Richardsonen Tom Jones (1963) filmak lau sari eskuratu zituen, film onenarena eta zuzendari onenarena, besteak beste. Henry Fieldingen nobelan oinarrituriko lana izan zen, eta Albert Finneyk gorpuztu zuen protagonista bizizalearen rola. Beste seina sari bereganatu zituzten Fred Zinnemanen A Man For All Seasons-ek (1966) eta Carol Reeden Oliver!-ek (1968) ere 60ko hamarkadan.

Ia hamabost urte igaro behar izan ziren beste ekoizpen ingeles batek Oscar sarietan arrastoa uzteko. Hugh Hudsonen Chariots of Fire-k (1981) lau sari erdietsi zituen, film onenarena horien artean. Zuzendariak gerora ez zuen beste arrakasta bakar bat ere izan zinemagintzan, eta filma Vangelisen soinu bandarengatik oroitua da gaur egun, batez ere. Urtebete geroago iritsi zien film ingeles sarituenetakoa; Richard Attenboroughren Ghandhi-k zortzi Oscar irabazi zituen.

90eko hamarkadatik aurrera ugariagoak izan dira aldez edo moldez Oscar sarietan arrakasta izan duten film ingelesak. Antony Minghellaren The English Patient (1996) amodio istorio bikoitzazortzi sariren jabe egin zen; Mike Leighren Secrets & Lies errealismo gordinez zipriztinduriko lanak ez zuen bakar bat eskuratu, ordea, nahiz eta hainbat arlotan izendaturik egon zen.

Peter Cattaneoren Full Monthy-k (1997) arrakasta komertzialaz gain, Oscar sari bat jaso zuen soinu bandarengatik, John Maddenen Shakespeare In Love-k zazpi irabazi zituen (film onenarena eta Gwyneth Paltrow-ren emakumezko aktore onenarena, besteak beste), eta Robert Altmanen Gosford Park-ek (2001) jatorrizko gidoi onenaren eskuratu zuen .

The King's Speech-ek aurten izan duen arrakastaren aurretik,Stephen Frearsen The Queen-ek(2006) —beste behin errege-erregina kontuak— Oscar sari bat irabazi zuen —Helen Mirrenek emakumezko aktore onenaren irabazi zuen— eta Danny Boyle ingelesak zuzenduriko Slumdog Milloinaire-k (2008)hamar sari eskuratu zituen.

Ez dira urte asko igaroko film ingeles batek berriro ere Oscar sarietan protagonismoa lortu aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.