Toure detektibea sortu du Jon Arretxek

Bilboko San Frantzisko auzoan bizi den Burkina Fasoko etorkin bat da '19 kamera' nobela beltz berriko protagonistaAurreko lanen aldean umorea du berritasun, eta sail baten lehen alea izango da

gorka erostarbe leunda
Donostia
2012ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Toure dauka izena, baina ez da futbol jokalaria. Toure dauka izena, baina ez da dirutan milioiduna. Bilboko San Frantzisko auzoan bizi den Burkina Fasoko gizonezko etorkin bat da Toure. Beste bospasei lagunekin batera bizi da «patera pisu batean». Nolabait bizimodua aurrera atera behar, eta, sasi-igarle lanetan hasita, ia ikerlari izaten amaituko du. Jon Arretxeren 19 kamera nobela berriko pertsonaia nagusia da Toure. Erein argitaletxearekin plazaratu du, euskaraz eta gaztelaniaz aldi berean —19 cámaras izenburuarekin)—.

Lehen ere nobela beltza landutakoa da Arretxe. Xahmaran (2009) eta Tangerko ametsak (2011) Ereinen Uzta Gorria bilduman argitaratu zituen, 19 kamera bezala. Aurreko bi nobelak atzerrian kokatu zituen idazleak; Istanbulen bata, Tangerren bestea. Biak ere «nahiko nobela tragikoak» dira, idazlearen hitzetan: «Mundu guztia hiltzen baita. Giza tragedia itzelak gertatzen dira». Oraingoan estiloa aldatzeko gogoa zuen Arretxek, eta aldatu egin du.

Batetik, nobela Euskal Herrian girotu du, besteak ez bezala; Bilboko San Frantzisko auzoan. «Nire gustuko belztasuna agertzeko lekurik aproposena da, dudarik gabe, San Frantzisko inguru hori. Azken batean, Afrika txiki bat da, eta nobelan ere halaxe izendatzen da». Bestetik, ondorengo liburuetan ere azalduko den pertsonaia bat sortu du: Toure. «Nobela beltzeko ia idazle guztiek dute pertsonaia bat sail bat sortzen duena. Jendeak esaten zidan horrelako bat sortu behar nuela neuk ere. Horretan saiatu naiz».

Pertsonaia sortzekotan, «zerbait desberdina, originala» sortu behar zuen; ez zuen ertzain edo ertzain ohi ikertzailerik irudikatzen, eta etorkin afrikar bati eman zion «sasi-detektibe» protagonista izateko ahalmena. «Ez da detektibea. Bizirik irautearen alde edozer egin behar da. Toureri igarlearena egitea bururatzen zaio, beste afrikar askok egiten duen moduan. Horrela hasten da nobela». Pixkanaka gauza «bereziagoak» suertatuko zaizkio protagonistari, eta apurka detektibe bihurtuz joango da. «Nobela honetan ez dut bilatu aurrekoetako gordintasuna; gauza arinagoak egiten eta umorea lantzen saiatu naiz. Nobela hau ondo ulertzeko umore klabean irakurri behar da, nahiz eta egoerak nahiko tragikoak izan askotan». Toureren bizimodua ez da bereziki erraza, baina aurrera egiten badaki, «bere afrikartasunari esker», idazleak argitu duenez. «Afrikan dezente ibilia naiz, eta han ikusi dut zelako indarrarekin egiten dioten aurre bizitzari, nahiz eta pobrezian bizi, eta zelako ahalmena duten bizitzaz gozatzeko ere».

Pertsonaia bera da ardatza

Liburuak «ez dauka trama potenterik», egilearen hitzetan, pertsonaia bera da liburuko ardatz nagusia. «Berari gertatzen zaizkionak kontatzen dira, eta gero, bere inguruan daude trama paralelo txiki asko: andre zuri aberats misteriotsu batek kontratatzen du, prostituta nigeriar adin txikiko bat desagertzen da, putetxe misteriotsu bat badago tartean... trafikatzaileak...».

Kontu gehientsuenak errealitatetik atera ditu Arretxek. Besteak beste, San Frantzisko auzoko etxebizitza batean igaro dituelako aldi batzuk nobela idazten zuen bitartean. «Ezusteko handia hartu dut. Denok buruan dugun auzo marjinala ikusteaz gain, egunero auzo hobe baten alde lan egiten duen jende mordo bat dago. Halakoetan balkoira irtetea nahiko izaten da errealitateaz jabetzeko, eta aukera hori izan dut nik».

Izenburuan aipatzen diren kameren antzeko funtzioa zuen Arretxeren etxebizitzako balkoi hark. San Frantziskon 19 kamera ezarri zituzten garai batean, eta gai polemikoa izan zela oroitzen du Arretxek berak. «Batzuentzat modu oso ona izango zen delinkuentzia eta halako istorioak kontrolatzeko. Beste batzuentzat norberaren askatasunaren murriztea ekarriko zuen. 19 kamera izan ziren eta pentsatu nuen nobelarentzat nahiko izenburu iradokitzailea zela». Ondorioz, narratzailea bikoitza da liburuan. «Toure bera da narratzaile nagusia, eta lehen pertsonan kontatzen du istorioa, eta bigarren narratzailea kamera horietako baten atzean dagoen pertsona da, eta hirugarren pertsonan kontatzen du. Kamera horrek ikusten dituen gauzak dira normalean gure begiek egunez ikusten ez dituztenak. Kamera horren atzean norbait dago. Segun eta zer ikusten den edo zer gertatzen den, egingo du ezikusiarena edo pasako du abisua».

Bi ahots ditu nobelak, eta «bi muturreko errealitate» islatzen ditu Arretxek 19 kamera-ren bidez. Batetik, San Frantzisko auzoaren marjinaltasuna. «Pisu paterak, droga kontuak, prostituzio dekadentea, trafikatzaileak...». Bestetik, operaren mundua eta auzo aberatsetako giroa. «Operaren mundua nahiko ondo ezagutzen dut, aspalditik nabilelako opera kantatzen Bilboko OLBE koruarekin. Horretaz baliatu naiz beste giro hori ere San Frantziskokoarekin kontrajartzeko».

Euskaraz eta gaztelaniaz aldi berean plazaratu du liburua Arretxek. Azalaren diseinua egin duen pertsona berak egin du itzulpena: Cristina Fernandezek. «Beti nahi izan dut neure liburuak beste hizkuntzatan ere irakur daitezen. Hasieran neu saiatzen nintzen nire liburuak gazteleratzen, baina konturatzen nintzen itzulpen txarrak zirela. Cristinaren itzulpenak jatorrizko bertsioa hobetzen duela esango nuke, lotsa handirik gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.