Trakl, Marçal eta Cesairerekin, abian jarri dira Munduko Poesia Kaierak

Anton Garikanok, Itxaro Bordak eta Iñigo Aranbarrik apailatu eta itzuli dituzte bildumako lehen hiru antologiak

Anton Garikano, Beñat Sarasola eta Iñigo Aranbarri, bildumako lehen hiru liburuekin. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2014ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Georg Trakl, Maria Merce Marçal eta Aime Cesaire poeten antologiekin jarri du abian Susa argitaletxeak Munduko Poesia Kaierak bilduma, Beñat Sarasolak zuzendua eta euskal irakurleari mundu osoko poesia gerturatzeko asmoaz sortua. Anton Garikanok apailatu eta euskaratu du Traklen antologia, Itxaro Bordak Marçalena eta Iñigo Aranbarrik Cesairerena. Munduko Poesiaren Egunarekin bat eginez, atzo aurkeztu zituzten hiru liburuak, lehenik Donostian, prentsaren aurrean; Iruñean gero, jendaurrean.

Georg Trakl poeta austriarra «Europako espresionismoaren aitzindarietako bat» izan zen, Anton Garikanok azaldu duenez. «Lehen Mundu Gerraren aurretik, bere garaiko inor gutxik bezala igarri zuen sekulakoa zetorrela. Txikitatik jaso zuen Friedrich Nietzscherengandik-eta Jainkoa hil zelako ideia, eta gizakiak umezurtzak balira bezala erakusten ditu beti. Kritikari batek baino gehiagok dio Traklen poemak hilerrian egindako erromesaldien antzekoak direla: agertzen dira aingeruak, jainkoak, gizakiak sufritzen... denak marmolezkoak balira bezala, hotzak, gora begira, zeri heldurik gabe eta sufrimenduan eroriak». Hala ere, itxaropenari «zirrikitu moduko bat» irekitzen dio Traklen poesiak: «geu ohartzea geure gainbeheraz, eta ohartze horretatik geure burua askatzeko bidea aurkitzea». Bernardo Atxagaren hainbat lanetan agerikoak dira Traklen oihartzunak, Antzinako bihotz poema ezagunean besteak beste.

Maria Merce Marçal «XX. mendeko poesia katalanaren kanonean izena hartzen ari den poeta» da, Beñat Sarasolak azaldu duenez. «Soslai politiko nabaria duen poesiagintza da Marçalena, baina politikoa zentzu orokor batean, ez alderdi politikoekiko loturaren aldetik. Oso esparru intimoan kokatzen diren poemak dira, oro har, bi gorputzen ateko harremanean batez ere, baina harreman horren inguruan hainbat gai politiko azaltzen dira, hala nola boterea, menpekotasuna eta beste. Hainbat identitate politiko uztartzen dira Marçalen poesiagintzan, ez beti erraz uztartzeko modukoak: emakume izatea, lesbiana izatea, baina baita abertzale eta marxista ere. Identitate horiek guztiak bere poemetan artikulatzen saiatzen da».

'Negrotasuna' eta identitatea

Aime Cesaire poeta martinikarrak «negrotasunaren kontzeptua» landu zuen bere poesian, Iñigo Aranbarrik azaldutakoaren arabera. «Negrotasuna diot, ez Belztasuna, Cesairek iraina bandera egiten baitu, destaina identitatearen ikur». Negrotasunaren definizioaren bilaketa da Cesaireren poesiagintzaren ardatz nagusia. Aranbarrik apailatutako antologiaren orrialderik gehienak Sorterriratze baten kaiera poema luzeak hartzen ditu. «Paristik etxera egindako testu bat da, eldarnio moduko bat. Irudien mozkorraldi bat ageri da, Kariberik basenak eraso egiten dizu poema honetan, atsedenik ematen ez dizuna, hizkuntza bihurritzen duena, erritmoa txikitzen duena, jazz zulo batean ariko balitz bezala, prosa poetikoa mantra politikoekin edo aldarrikapenekin nahasten dituena, errukirik ez duena kolonizatzaileekin baina ezta kolonizatuekin ere, eta niri behintzat gordina bezain ederra egin zaidana».

Urtero sei poetaren antologiak kaleratuko ditu Susak Munduko Poesia Kaierak bilduman, hiru udaberrian eta beste hainbeste udazkenean. Aurtengo udazkenean kaleratuko diren hiru antologien egileak hauek dira: Carlos Drummond de Andrade (Koldo Izagirrek apailatu eta itzulia), Emily Dickinson (Angel Erro) eta Miguel Hernandez (Josu Landa). Bildumako liburuak banaka erosteko aukeraz gain, harpidetza egitekoa ere badago, eta dagoeneko 118 harpidedun ditu bildumak. Liburuen bertsio digitalak ere eros daitezke Susaren webgunean (www.susa-literatura.com).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.