Gonzalo Etxebarria. Margolaria

«Transmisioan sinesten dut»

Gaurkotasun handiko bilbotar zuberotartuak mundua ulertzeko hamaika leiho ireki ditu, Donaixtiko kolegio ohi okupatuan egin berri duen margolanari tiraka,

BOB EDME.
Nora Arbelbide Lete.
Mendikota
2012ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Gonzalo Etxebarriaren (Bilbo, 1954) lana gero eta ezagunago egiten ari da. Horren lekuko, Barbalotak erakusketa, Donostiako Arteko galerian irailaren 30a arte jarria dutena. Lekuko, Baionako ostiralean hasiko den Black and Basque jaialdian Zumetarekin ukanen duten tarte berezia. Tailerrak eskainiko dituzte Arkatzezko Murru kolektibo bat oinarri. Lekuko, erakusketa permanentea Urdazubiko kalostrapean. Lekuko, Debussyz bururatu berri duten Donibane Lohizuneko erakusketa kolektiboa. Lekuko, Xora filmekoei eman eskukaldia… Eta horrela beste hainbat.

Baina zerrenda gehiegi luzatzea baino gehiago, hobe, menturaz, margolan baten aipagai berezia egitea. Bakarra da, eta ez da agendetan, eta, halere, garrantzi handia du artistarentzat eta, bide batez, artistaren bidea ulertzeko. Hau da, Donaixtiko San Mixel kolegio pribatu ohiko sartze nagusitik eskaileretatik gora murruan egin margolana.

Kolegioa azken hiru urte hauetan hetsia zela, joan den uztailaren 20an talde bat han jarri da etxebizitza kolektiboak eta kultur proiektu bat antolatzeko ideiarekin. Egoitzaren jabe Gurutzearen Alabak kongregazioak okupatzaileak epaitegira bidali ditu, eta epaileak okupatzaileei lekuak hustea agindu die. Ondorioz, joan den aste hasieratik polizia etor daiteke noiznahi barrukoak kanporatzeko.

Okupatzaileen ekimenarekin bat egiten duten horien artean dago Etxebarria. Artistak okupazio horretan «egia» ikusten du. Proiektua izugarri ederra dela deritzo: «Oso konkretua da. Eta proiektua daramatenak oso argiak dira. Badakite ontsa nora joan daitezkeen eta nora ez. Haietaz oso hurbil sentitzen naiz. Euskal Herrian beste modu batez bizi nahi duten euskaldunak dira».

Okupatzaileek deitu ziotelarik egoitzako murruei koloreak jartzea eskatuz, Etxebarria plazer handiz joan zen laguntza eskaintzera. Artista engaiatua erran ahal zaio horri? «Eguneroko zentzuan engaiatua izatea» inportanta dela pentsatzen du, hori bai. Baina artea eta militantzia ez ditu baitezpada lotuak ikusten, ez ditu nahasi nahi: «Artea harreman zuzena da biziarekin, sakona da. Ezin kontrolatua da». Militantzia eta engaiamendua, agian, egiteko maneran ikusten ditu. Egiteko maneran eta transmisioan.

Arte Ederretako irakasle da bi kolegiotan, eta Mendikotan partekatzen duen Uztaro tailerrean 30 ikasle ditu. Helduekin astelehenetan eta haurrekin larunbatetan biltzen da. «Transmisioan, haurrekin eta… horretan sinesten dut. Arrazoibide politikoa da. Partekatzea, ikastea, ematea, joan-jin hori gizartea eraikitzeko manera bat da, manera politiko bat. Alde horretatik bai, militantzia bat da. Baina gero, irudiak, ikonoak… Dena ez da militantzia, hori ez da posible».

33 urte Bilbo utzia duela

Artista engaiatua, gizon engaiatua… Iheslari politikoa da Gonzalo Etxebarria. Kasik 33 urte Bilbo utzia zuela. Eta kasik horrenbeste Zuberoan dela. Hainbestetaraino non, bere burua «zuberotartzen ari dela» baitio. «Nire beharrak, ametsak, hemengoak direla konturatzen naiz. Harremanak lurrarekin, jendeekin...». Paperen aldetik ere, «frantsesa» egina da, irri karkaila batean onartu duen bezala. Bere aitañi Biarnoko Nay herrikoa zuela, horri esker lortu zituen nortasun agiri ofizialak.

Berez, preskripzioa dela eta, muga pasa lezake Etxebarriak. Baina ez du Bilbora sartzeko asmorik mementoko: «Ez dut hegoaldera joan nahi konbentzitua bainaiz zikloa ez dela finitua. Helduko da berehala, gauzak ari dira oso aldatzen. Baina errefuxiatuen kolektiboak delibero kolektiboa hartuko duelarik joanen naiz. Bestela, ez dut sentitzen. Frustrazio handia sentituko nuke. Da joan, deusendako». Engaiamendu morala hautsiko luke bere iduriko: «Fideltasuna izan behar dut neure buruarekin. Bizian zenbait delibero hartzen dituzularik, hemen, borrokan sartzearena, uste dut beharrezkoa dela ondotik horiei begira fidel izatea».

Orain beti sentitzen du bere burua borrokan, baina «beste manera batez». «Ez banaiz borrokatzen, konturatu naiz ez dudala deus ukanen. Nahiz eta beti frustrazioa senti daitekeen Donaixtin bezala, nik uste dut gazteek berriz eginen dutela zerbait. Eta gero eta hobe, esperientzia gehiagorekin. Badute indar alimalea. Ez bada borrokatzen, sekula ez dira halako esperientziak sortzen, eta sekula ez dira haboro gauzak aitzinatuko. Maleruski, horrela da. Zenbait aldiz pisu da, baina horrela da». Hori guztia eta gehiago gogoan aritu da margotzen justuki, Donaixtiko kolegio ohiko murrua, «biziki gustura». Hondo ilun bat jarri dio margolanari, eta gainean kolore gorri biziko forma geometriko bat, eta horren azpian, ezin argiago Bethi aitzina idatzi du, kolore gorri berarekin. Kolegioaren lema da hori, okupatzaileek berenganatu dutena. Forma geografikoak «argitasuna, heldutasuna, ordena» irudikatzen du, okupatzaile gazte horiena. Eta gibelekoak «kaos» bat, egoera kaotikoaren oihartzun: «Okupatzaileek proposamen bat egiten dute herrian bizitzeko, herria aitzinarazteko, eta nola atea zerratzen dieten…. elizaren boterea harrigarria da».

Zuberoako paisaiak oinarri

Argitasuna eta kaosa, Donostiako erakusketako margoek ere horretatik edaten dute. Horietan, hondoak paisaiaz osatu ditu. Barkoxen duen etxetik Mendikotan duen tailerrera egunero egiten duen bidean ikusten dituen paisaiena, gero, tailerrera iritsi, lanean hasi eta orduan jalgitzen zaiona: «Aldiro ezberdina da». Eta gero badira gauzak agertzen direnak horren gainean. Gauza eraikiak edo puska zenbait. «Izan daiteke pertsonaia bat, untxi bat edo».

Baina beti bururatu gabeak diren grafismoak, anbiguetateari lekua uzteko: «Polisemia nahi dut landu, bakoitzak bere ikusmoldea ukan dezan. Irudi bat interpretatzeko manera anitz» direlako. Eta bien artean oreka bat. Oreka aurkitu arte margotzen segitu. Eta horren guztiaren lotura, kolorea. Usu jariakorra dena, bizi-bizia: «Oihuka bezala. Puntu jakin batean, betiere oreka xerkatzeko».

Oteizak sortu zuen Debako Arte Eskola, estetika aipagai, eta Etxebarriak bere burua espresionista gisa definitzen du: «Alemaniako espresionistetatik oso hurbil sentitzen naiz. Nik uste badela lotura bat mundua konprenitzeko, mistizismoan. Gure mitoak ez dira greziarrenak bezala, non gainetik heldu baitira; haiek handiak eta gu pean. Gu, hemen, pareko gara. Adibidez, laminak, Mari edo, ez badiegu minik egiten, ez badugu deus saiatzen haien aurka, haiek ez digute ezer egiten. Ez dira erasokorrak. Ez dira gu baino handiago».

Mitologiaren lekua lurraren lekuari lotzen zaio bere obran. Zuberoan azkar sentitzen duena, hain zuzen. Indar azkar bat, gero, margotzeko mementoan, erabiltzen duena. Ez hainbeste marrazkia egin eta margotzeko hautua egiterakoan, baizik eta destrukturazioaren hautuan. «Ontsa da ikastea, baina gero, ikasia desagerrarazteko: ene lana hori litzateke».

Nola diren gauzak, Zuberoarekin topo egin zuen lehen aldia, 1977 urtean, maskarada baten bidez izan zen. Eskiulatarrena izan zen, Barkoxen. Joseba Sarrionandiak zuen ekarri horren ikustera. Garaian ez zuen deus konprenitu: «Basakeria izugarria izan zen. Ez baduzu ezagutzen, drolea da». Orain, aldiz, zale amorratua bilakatua da. Pastorala baino «mila aldiz» nahiago du. Maskarada nola deskribatzen duen, bere obraren oihartzun bat ere entzun daiteke: «Hor du indarra, basakeria horretan. Eta, aldi berean, hain ordenatua da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.