DONOSTIAKO 58. ZINEMALDIA. ZINEMIRA

«Trantsizioak bigarren aldiz isilarazi zituen Saturrarango presoak»

Preso ohien lekukotasunekin jaregin du ahanzturatik Mutrikuko kartzela frankista 'Debekatuta dago oroitzea' filmak. Ausardia eskertu diete biktimek Txaber Larreategi eta Josu Martinez zuzendariei

Juan Luis Zabala
Donostia
2010eko irailaren 23a
00:00
Entzun
Euskal Herriko itsasertzeko paraje eder ugarietako bat da Saturraran, Mutrikun (Gipuzkoa). Ez dago han frankistek 36ko gerran emakumeentzako sortu zuten kartzelaren arrastorik. Bestelako arrastoei heldu diete Josu Martinezek eta Txaber Larreategik kartzela hura zer izan zen oroitzeko, Prohibido recordar / Debekatuta dago oroitzea film dokumentalean: bertan preso izandako emakumeen eta haietako batzuen alaben lekukotasunei. Zinemira sailean estreinatu zuten atzo filma.

Saturrarango presoak baldintza latzetan bizitzera behartzeaz gain, haietako batzuei semeak edo alabak kendu zizkieten frankistek, beste film batek, Mikel Ruedaren Izarren argia-k fikzioaren bidez oroitarazi duen bezala.

Lanean hasita, aurki jabetu ziren Martinez eta Larreategi «oso esanguratsua» zela ia inork ez jakitea Saturrrango kartzelaren berri. «Kartzelaren eraikinak 80ko hamarkadan bota zituzten, nahiz eta jakin historikoki zein garrantzitsuak ziren», ekarri zuen gogora Martinezek, filma aurkeztean.

Saturrarango kartzelaren inguruko ahanztura «ez da iraganeko kontua», Martinezen ustez, «gaur egunera arte iristen den zerbait» baizik. «Lehenik Francok hartu zituen gatibu Saturrarango emakume preso hauek, baina gero trantsizioak bigarren aldiz isilarazi zituen, trantsizioko isiltasun paktuarekin, kontzienteki, gainera».

Historia «egungo errealitatearekin lotuta» ikusten dute bi zuzendariek. «Filmarekin memoria egin nahi genuen oraina ulertzeko, gaur egungoa ulertzeko», esan zuen Larreategik.

Lekukotasunen bila

Filma egiteko lanik handienetako bat kamera aurrean hitz egiteko eta orduko oinazeak gogora ekartzeko prest egongo ziren preso ohiak aurkitzea izan da. Ezezkoak ere jaso dituzte preso ohi batzuengandik.

Dokumentazio lana ere ez da erraza izan, Martinezek azaldu zuenez. «Ez zegoen liburu edo erreferente bakarrik. Handik eta hemendik bildu dugu informazioa. Saturrarango kartzelari buruzko informazioa Martuteneko kartzelan dute gordea, baina guk ez dugu artxibo horretara sarbiderik izan. Burokrazia burokrazia da».

Bi zuzendariekin batera, Saturrarango kartzelaren hiru biktima izan ziren atzoko aurkezpenean: Ana Morales eta Alicia eta Conchita Solleiro ahizpak. Ana Morales Saturraranen preso izan zuten, eta Alicia eta Conchita Solleiro Urania Mella preso ohi zenaren alabak dira. Saturrarango kartzela frankistaren gaiari heldu dioten «zinemagile gazteen ausardia» eskertu eta goretsi zuten.

«Nahiz eta nik gaizki pasatu gauza haiek gogoratzen, pentsatzen dut gazte hauek bezala jende gehiago ere konturatuko dela orduan gertatutakoak ez duela berriz gertatu behar», esan zuen Alicia Solleirok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.