Itsaso Gutierrez. Musikaria

«Tratu txarren kontrako aldarria egitea izango da diskoaren helburua»

Genero indarkeriaren eta emakumeen kontrako tratu txarren kontrako diskoa prestatzen hasi da On taldeko abeslaria. Azken urteetan euskaraz egin diren kantuak jaso nahi ditu bilduman.

Donostia
2013ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Itsaso Gutierrez (Donostia, 1979) Jauko Barik, Keike, Xarma eta On musika taldeetan egin duen ibilbideagatik da ezaguna. Orain proiektu berri bat dakar esku artean, izan ere, arduratuta dago krisiaren eraginez emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako taldeek murrizketak izan dituztela-eta, eta, horregatik, tratu txarren salaketek behera egin duela.

Zein da esku artean duzun proiektua?

Egitasmoa da tratu txarren edo genero indarkeriaren inguruko kanten bilduma bat osatzea. Jada aurretik eginak dauden kantuak dira, eta bi irizpide betetzen dituztenak: gai horren ingurukoak izatea eta euskaraz izatea. Ez da taldeek orain egingo dituzten kanten bilduma bat, baizik eta jada eginak dauden abesti batzuk biltzea. Ikus dadin orain dela urte batzuk horretaz abesten zela, eta oraindik ere bai. Arazo horrek oraindik gaur egun gizartean dagoela adierazten du, nolabait. Diskoa azaroaren 25ean kaleratuko da, eta egun berean gaiaren inguruko prentsaurreko batean aurkeztuko da. Azaroaren 30ean, Durangoko Plateruena kafe antzokian parte hartu duten musikariekkontzertu bat emango dute. Diskoarekin batera, gaiaren inguruko datuak biltzen dituen liburuxka bat ere aterako da.

Eta zein da proiektu horren helburu nagusia?

Tratu txarren aurkako aldarria egitea. Horretarako, bai emakumeek eta bai gizonek abesten dituzten kantuak jasoko dira. Horrez gain, proiektuaren etekin ekonomikoak biktimen alde egiten duten elkarteentzat izango dira. Gainera, orain krisia dela-eta, horietako elkarte bat desegin dute, eta dirua nola banatu pentsatzen ari gara.

On taldeko kide zara, eta zuen kantu askoren hitzetan egiten duzue emakumeen aldeko aldarria. Rock estiloak, gainera, nolabaiteko haserre eta ezinegona kanporatzeko aukera ematen du.

Ni musikan lagunartean hasi nintzen. Urteak joan ahala konturatu nintzen emakumeek ditugun zailtasunez. Adibidez, rock munduan emakumeok ez genuela lekurik izateko erraztasunik. Denboraren poderioz ohartu nintzen horretaz. Musika niretzat komunikazio bide bat da, eta, rockean emakume gutxi daudenez, guri dagozkigun gaiak gutxi lantzen dira. On taldearen helburuetako bat da gai horiek aldarrikatzea. Nire haserrea adierazi eta emakumeen begi eta sentimenduetatik Euskal Herriari abesten saiatzen naiz.

Gizartean orokorrean nola ikusten duzu egoera gaur egun? Aurrera egin dela iruditzen zaizu?

Egia da gauza askotan aurreratu dugula, baina askotan aitzakia gisa darabilkigu. Emakumearen presentzia hutsa ez da nahikoa kasu askotan. Jarrerak eta epaitzeko moduak aldatzean lan asko dago oraindik egiteko, hezkuntzan, esaterako. Eskoletan eta etxeetan dago oinarririk handiena, eta hor hutsune handi bat ikusten dut, kontzientzia hutsune handi bat. Aurrerapauso txiki bat egin izanak ezin du aurrera bidean egiteko gelditzen den guztian lanean jarraitzea oztopatu. Horrela, azken finean, berdinetan jarraitzen dugu. Berdintasunaren aldeko kanpaina ugari egiten dira oinarria behar bezala landu gabe. Asko dago hausnartzeko, eta autokritika falta itzela dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.