Musika

Gorka Erostarbe Leunda: «Trikitia beste edozein musika bezain malgu, ireki eta mestizoa izan da»

BERRIAko kide eta 'Badok' atariko koordinatzaileak ‘Egañazpi. Ezink esan polita ez dela...’ disko-liburua ondu du, pandero jotzailearen ibilbidean oinarrituta.

Gorka Erostarbe
Gorka Erostarbe, Trikitilarien monumentuan, Zumarragan. GOTZON ARANBURU / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
2024ko otsailaren 16a
05:30
Entzun

Biografiaz harago, trikitia balioesteko eta gainontzeko musika generoen pare jartzeko saiakera ere bada Gorka Erostarberena (Zumarraga, Gipuzkoa, 1977). Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen enkarguz ekin zion lanari, eta arreta piztekoa da Egañazpiren ibilbideari aldez edo moldez lotu dizkion izenak: Juan Carlos Perez, Van Morrison, The Beatles, Frank Sinatra... Larunbatean aurkeztuko dute ofizialki, Zestoan (Gipuzkoa), 60ko eta 70eko musikari ospetsu hark merezi bezala: trikitilariz inguratuta.

Liburuan parte hartu duten guztiek batez ere kantari gisa nabarmentzen dute Egañazpi, eta haren molde apal, goxo eta malenkoniatsua goraipatzen dute. Zer-nolako kantaria zen?

Kanturako trebezia handia zuela zalantzarik ez dago: tonuak hartu, edozer kantatu, duoak egin... denetan zen ona. Lehen diskoan —Triki-trixa de Azpeitia (Columbia, 1963)— porrusaldak eta trikitiak jaso zituzten, hau da, kopla estiloko abesti motzak, eta goi erregistroan kantatu zuen. Bigarren diskoan, berriz —Trikitilariak, Edigsa-Herri Gogoa, 1975—, beste molde bat nabari zaio, bai kantaeran, bai eta konposizioetan ere. Abesbatzetan aritua zen, eta nonahi hasten zen kantari. Berehala batzen omen zen kantura, edozein izanda ere, duoak eginez eta abar.

Esan liteke kantaria zela pandero jotzailea baino gehiago?

Horrela nabarmentzen dute denek. Baina panderoa jotzeko modua asko aldatu da. Orduan oso modu soilean jotzen zuten, eta trikitia laguntzeko, batez ere. Birtuosismorik ez zen, baina bilatzen ez zelako. Hori gerora etorri da. Egañazpik soil eta ondo jotzen zuen. 60ko hamarraldian, mikroak erabiltzen hasi zirenean, mikroaren azpia jotzen zuen oinaz, eta perkusio berezia sortu zuen; aitzindaria izan zen horretan. Beraz, melodia bai, baina erritmoa ere oso barrukoa zuen.

«Egañazpik mikroaren azpia jotzen zuen oinaz, eta perkusio berezia sortu zuen; aitzindaria izan zen horretan».

GORKA EROSTARBEKazetaria
Eta, horra sorpresa, saxofoia ere joko zukeen?

Denbora izan balu solfeoa eta saxoa ikasiko zituzkeela esan zuen aspaldi. Bere musika zaletasunaren seinale da, baita apaltasunaren seinale ere.

Solfeoa jakin ez izanaren mina sarri aipatzen zuten garai hartako trikitilari eta pandero jotzaileek. Hobeak izango ziratekeen musika akademikoki ikasita? Naturaltasuna galduko zuketen?

Hobeak, ez dakit; bestelakoak izango ziratekeen. Teknikan edo jakintzan irabaziko zuketen, baina trikitilaria hori baino gehiago da. Beharbada ez zioketen hainbesteko garrantzia emango transmititzeko gaitasunari, espresiobideari, tokian-tokian eta tenple diferenteetan jotzeko ahalmenari. Eta jendartean egotea, zauden tokian zer eta nola eman jakitea... ahal horiek kaleak ematen ditu, ez akademiak. Beste genero askok kalea galdu dute, baina trikitiak mantentzen du oraindik.

Sakabi eta Egañazpi The Beatles taldearen pare jarri dituzu.

Landakanda pandero jotzailearen hitzak dira, eta bikote horren dimentsio sozial eta publikoaren erakusle dira. Alderatze horrek, bestalde, trikitiaz nituen aurrejuzguak eraisten lagundu zidan. Uste ustel asko entzun izan dira, itxiak eta beren mundura bilduak direla eta abar, baina, beste edozein musika moldetakoak bezain malgu, ireki eta mestizo izan dira. Musikazaleak ziren, eta belarria oso erne zuten beti, garai hartako italiar kantuen euskarazko bertsioren batek, esaterako, frogatzen duenez.

Egañazpirena ez ezik, familiaren erretratua ere egin duzu. Norainoko garrantzia du inguruak musikariarengan?

Erabatekoa. Beharbada sortuko da jenio bakarturik munduan, baina ohikoena eta ederrena ingurutik jasotzea da. Egañazpik nekez izango zukeen halako zaletasunik, etxean kanturako joera izan ez balute, eta Santa Engrazi ermita etxetik 200 metrora izan ez balu. Han erromeria ikusgarriak egiten zituzten asteburu oro, eta hantxe egin zion Sakabik elkarrekin jotzeko gonbita. Egañazpik 15 urte besterik ez zuen, eta erretilu bat joz trebatzen zen orduan. Kontuan hartu garai hartan trikitilaria bakarrik joaten zela erromeriara, han inguratuko zitzaiola bakarren bat, eta trikitilariak onartu egin beharko zuela, elkarrekin jotzeko. Egañazpik eta Sakabik leialtasun hitzarmen bat egin zuten, eta banaezinak izan ziren 30 urtez.

Trikitiaren historian eta Egañazpiren ibilbidean arakatzea bidaia bat dela diozu liburuan. Bidaia hori, gainera, zure bizi bidaiarekin txirikordatzen da. Zer eman du bi bidaien bat egite horrek?

Berriro gertukora hurreratzeko balio izan dit. Mundua anglobal, alegia anglo eta global den honetan, balio berreskuragarri bat dela iruditzen zait, gure belaunaldiko musikazaleek urrunera begiratzeko joera izan baitugu. Lekutzeko gogoa sentitu dut, erroei begiratzeko gogoa, eta ez soilik trikitiari, baita paisaiari eta jendeari ere; ez bertan goxo gelditzeko eta izugarrizko nostalgiaz, oinak errotuta sentitzeko baizik.

Bestalde, garbi dut umetan trikitia entzun izan ez banu ez nukeela halako musika zaletasunik izango. Gainera, nerabezaroan nolabait baztertutakoa baloratzeko eta trikitiarekin adiskidetzeko aukera eman dit.

Musika erreferentziez josita dator liburua. Trikitia garaiko musikaren barruan kokatu nahian? Ala zeure burua trikitiaren munduan lekutu nahian?

Bi-biak. Trikitia gure herri kulturaren musika adierazgarrienetako bat bezala balioesteko saiakera bat behintzat bada. Juan Luis Zabalak esan zuen behin kultura ofizialak folklorizatu eta alternatiboak baztertu duen generoa dela, eta esan hori gidalerro izan dut liburu osoan. Folklorizatzeaz bada debatea, eta ez dakit kultura ofizialak hori egin izana ona ala txarra ote den, baina begi bistakoa da mugatu eta arketipatu egin duela, arkeologiko bilakatu duela. Alternatiboak, sinpleki, erreparatu ere ez dio egin, nahiz eta salbuespenak ere badiren. Baina trikitiak, bere malgutasun horri esker, abangoardiarako bidea ere egin du.

«Trikitia eta kantua bera libreak direla berresteko balio izan dit liburuak».

GORKA EROSTARBEKazetaria
Galdera sorta utzi duzu airean, eta idatzi dituzun gogoetak ere ez dira gutxi. Egañazpiren figuraz harago, zer transmititu nahiko zenuke?

Trikitia eta kantua bera libreak direla berresteko balio izan dit liburuak. Musikazaleak eta musikaz idazten dugunok hura sailkatzen eta kaiolatzen saiatzen gara, gauzak ordenatzeko ahaleginean. Baina hortik ihes egiten dute, bai kantuak, bai eta trikitiak ere, eta bidexkak proposatzen dituzte, horietan sartu edo ez sartu, entzuleak erabaki dezan, jakin-minaren eta denboraren arabera. Esperimentazio handia dago, jazzarekin fusionatzen ari dira, adibidez, eta kontraste horiek ikaragarri gustuko ditut.

Zer meritu du Soinuaren liburutegia bildumak?

Sekulakoa. Hein handi batean oroimenen biltegi bat da. Historiatxoen bidez historia soziokultural baten puska gordetzen du, hain gozagarri zaigun musika ardatz hartuta gainera. Iruditzen zait beste esparru batzuetan ere egin beharko litzatekeela.

Eta zer esan CDaz?

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak ahalegin handia egin du kantuak biltzen. Askorik entzun ez diren kantuak eta deskatalogatuta daudenak ere batu dituzte: Columbia diskoetxean grabatutakoa, Arrate irratiak utzitakoren bat, Bai euskarari kanpainakoa... Eta altxor bat ere badakar: Luis Astiasaranek utzitako grabazio zahar bat, Egañazpiren etxeko logela batean grabatutakoa, Joseba Tapiak utzitako traste batekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.