Aristerrazukoa da erromerien plazarik ezagunenetako bat, eta denbora gehien daramanetako bat. Urritik ekainera bitartean egiten dute, igandero, ordu berean, 18:30etik 21:30 ingurura arte; aurten, ekainaren bigarren igandean izango da azkena, udako etenaren aurretik. Juan Mari Azkuek (Aia, Gipuzkoa, 1955) antolatzen ditu aspaldian asteroko saioak; Aristerrazu baserri-jatetxekoa da, baita Andatzako Erromeria Elkarteko kidea ere.
Zer giro plazan azkenaldian?
Gaur egun, ondo dago. Jendea oso animoso ibiltzen da, eta gazteak ere pixkanaka ugaritzen ari dira; 15-16 urte ingurukoak, 20tik gorakoak ere bai. Hiru bat bikote badaude orain, 15 bat urtekoak: erromeria hasi eta buka dantzan aritzen dira. Normalean, jende helduxeagoa ibiltzen da: lauzpabost kuadrilla beti etortzen dira, handi samarrak. Lehen, garai batean, gazteak zirenean erromerietan ibiltzen zen jendea da, eta horiek dira Aristerrazuren bizkarrezurra.
Aristerrazuk publizitaterik behar al du?
Jendeak badaki igandero dagoela. Tarteka etortzen dira inoiz izan gabekoak ere: beti entzun izan omen dute Aristerrazuren inguruan, baina behin ere izan gabekoak. Beraz, tarteka-tarteka, etortzen dira, baina publizitatea beti dator ondo: nabaritzen dugu publizitate pixka bat gehiago egindakoan jende gehiago animatzen dela.
Joaten den jendeak zer joera du: dantzara animatzen dira, edo ikusle joaten dira?
Zer esango dizut, bada! Gehienak dantzara. Begira egoten direnak ere badaude, baina hasi eta buka dantzan aritzen direnak badaude, eta bizkarrezur deitzen diedan horiek ez dute piezarik huts egiten. Gutxiago etortzen direnek tarteka egiten dute, ez baita erraza dantzan aguantatzea! Gazteek ere esaten dute: «Horiek dute horiek meritua: nik hiru segidan eginez gero, pixka bat itxaron beharra daukat».
Lan pixka bat emango dizu asterokoa antolatzeak, ezta?
Normalean nahiko erraz egiten da, baina batzuetan izaten dira igande ergel samarrak, trikitilariek ezin dutelako edo. Oso harreman ona daukat haiekin, eta ondo moldatzen naiz emanaldiak lotzeko. Normalean, ezagunak edo gertukoak aritzen dira, puntan dabiltzanak, baina beti izaten da sorpresaren bat. Datorren maiatzean, bi neska trikitilari gazte arituko dira: inoiz ez dute plaza batean erromeria bat egin, eta gogoz omen daude.
Zenbat denbora daramazu antolaketa lanetan?
25-30 urte izango dira. Azken urteetan, igandetakoak nik antolatzen ditut, baina hiru laguneko elkartetxo bat daukagu; zerbait handia egin behar denean, hiruron artean adosten dugu nola egin.
Gazterik hurbiltzen al zaizue antolatzen laguntzera?
Ez. Garai batean bai: auzoko gazteek antolatzen zuten dena lehen. Orain dela 40 bat urte izango zen hori, edo gehiago. Soinu jotzaileak bilatu behar izaten zituzten, tarteka haien bila ere joaten ziren autoarekin; erromeria egin bitartean, txapela pasatzen zen, eta diru horrekin ordaintzen zitzaien. Garai batean, txapelean bildutakoarekin lortzen zen haiei ordaintzea. Erosotasun garaiak etorri zirenean, gazteak auzotik joaten hasi ziren, eta, azkenerako, gutxi gelditu ziren; ordutik aurrera, guk hartu genuen antolatzeko ardura.
Txapelik ez da pasatzen gaur egun, ezta?
[Gipuzkoako] Diputazioak aspaldian ez digu ezer ere eman, baina udalak pixka bat laguntzen digu. Orain txapelik ez da pasatzen, eta jatetxeak ematen duenarekin pagatzen dugu. Egia esan, trikitilariak ere ondo portatzen dira: haiek ere badakite hau dela urte guztiko erromeria toki bakarra, eta haiek ere normalean baino gutxiagorekin gelditzen dira.
Binaka aritzen direnak ohikoagoak dira Aristerrazun?
Gehienbat, bai, baina hirukoak ere izaten ditugu: trikitia, panderoa eta bateria. Adibidez, duela bi aste, laukote bat izan genuen, Bide Batez izenekoa. Tarteka, halakoak ere izaten dira. Hil honen amaieran ere, Ezten Giro talde handia izango dugu.
Bi ereduen artean, zein hartzen du gusturago Aristerrazuko plazak?
Finko dabiltzan horiek lehengo moduan nahiago dute. Baina tarteka horrelako taldeak etortzen direnean ere ondo pasatzen dute, gazteei gustatzen zaiela ikusten dute eta.
Aristerrazuk zenbateko garrantzia izan du trikitiaren eta panderoaren iraupenerako?
Nik uste dut izan duela garrantzia. Musikariek ere hala esaten dute, halako tokirik ez dutela bilatzen, jendeak dantza egiten duen leku bat, eta abar. Esaten dute honi eutsi beharra dagoela, ahal denera arte. Trikitilariekin eta erromerietan aritzen direnekin hitz egiten dut, eta esaten dute udan, festaz-festa aritzen diren arren, hemengo girorik ez dutela inon ere topatzen. Oso-oso toki gutxitan, oso nekez.
Aristerrazuk jarraituko du?
Oraingoz, bai. Zenbat denbora ez dakit. Gauzak asko aldatu izan dira denbora gutxian, baina asmoa, behintzat, badago. Jendea anima dadila udaberrian, igandeetan etorri, plaza ikusi eta ezagutzera.
Trikitia plazetan eta musika eskoletan. Juan Mari Azkue. Aiako Aristerrazuko erromeriaren antolatzailea
«Trikitilariek diote hemengo girorik ez dutela inon ere topatzen udan»
Trikiti eta panderoen plaza iraunkorrenetako bat da Aristerrazukoa, Aian, eta iganderoko zitan ez dute hutsik egiten ez soinu jotzaileek, ez dantzariek; binaka zein taldean, harrera ona izaten dute denek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu