The Fellowship of the Ring izan zen abiapuntua. 2001ean estreinatu zuten The Lord of the Rings eleberri klasikoaren trilogiaren lehen atala. Zuzendari lanetan Zeelanda Berriko zinemagile nahiko ezezagun bat: Peter Jackson. Pelikula gore samarrekin hasi zuen bere ibilbidea, eta 1994ko Heavenly Creatures drama homosexualarekin eman zuen bere burua ezagutzera. Aurretik beste askok amestu zutena errealitate bihurtu zuen Jacksonek zazpi urte geroago: Tolkienen liburukotea filmatzea.
Hiru pelikula izan ziren, eta trilogiak izugarrizko arrakasta erdietsi zuen. Leihatiletan diru mordoxka lortzeaz gain, sariak ere barra-barra jaso zituen The Lord of the Rings-ek. Orotara, hamazazpi Oscar sari eskuratu zituzten hiru pelikulen artean. Horietatik, 2003ko The Return of the King izan zen laudatuena. 11 Oscar eskuratu zituen; horien artean, pelikula eta zuzendari onenarenak.
Sarien gainetik, genero fantastikoan beste mugarri bat ezarri zuen trilogiak. J. R. R.Tolkienen unibertso magikoa modu ikusgarriz moldatzen jakin zuen Jacksonek eta, oro har, oso kritika onak izan zituzten filmek. Teknologia berriak baliatu zituen, baina abenturaren oinarria ahaztu gabe; modu horretan, epikotasuna, klasizismoa eta fantasia uztartzea lortu zuen.
Trilogiak mundu osoan izan zuen arrakastari esker, Jackson zinemagintzako pertsonarik boteretsuenetako bat bihurtu zen. Hortik aurrera, ekoizle guztiek baiezkoa emanen zioten haren proiektuei, horiek ameskeria edo erokeriarik handiena izanda ere. Zuzendariak patxadaz hartu zuen egoera berria, baina laster aspaldiko ametsa betetzeko aprobetxatu zuen. King Kong da haren pelikula kutunetako bat, eta horren remake-a egin nahi izan zuen zinemagileak.
Horren ostean, 2009an, pelikula bitxi bat etorriko zen, The Lovely Bones. Alice Sebolden liburu batean oinarrituta, osagai fantastikoak dituen drama da filma, eta nahiko oharkabean pasatu zen.
Buruhauste franko
Baina ordurako gauza jakina zen Jacksonek proiektu handi bat zuela esku artean: The Hobbit-en pantailaratzea. Izan ere, The Lord of the Rings-ekin hasi aurretik, zuzendariak Tolkienen liburu horren moldaketa egin nahi izan zuen, baina azkenean amore eman eta eraztunaren trilogiari ekin zion.
2006an berriro hasi zen aspaldiko proiektu hori gorpuzteko lanean. Prozesu luzea eta korapilatsua izan da. Hasieran, eskubideen inguruan liskar handia izan zuen New Line ekoizlearekin. Behin korapilo hori askatuta, beste ekoiztetxe batekin beste arazo bat sortu zen. MGM erraldoiak finantzatu behar zuen filma, baina 2009an MGMk kiebra jo, eta proiektua airean gelditu zen.
The Hobbit-ek ez ditu soilik ekoizleekin arazoak izan. Hasieran bi film egin behar zituzten, eta bi zuzendariren artean filmatu behar zituzten; Jacksonek berak lehena eta Guillermo del Torok bigarrena. Baina prestaketa lanak uste baino gehiago luzatzen ari zirela ikusita, 2010ean Del Torok filma utzi behar zuela iragarri zuen. Berriro ere Peter Jackson bakarrik zegoen.
Zinemagilea ez zen kikildu, eta aurrera segitu zuen. Iaz hasi zen filmaketa, urte hasieran, berriro ere Zeelanda Berrian. Laurehun milioi euroko aurrekontua izan du filmak, eta hasiera batean bi pelikula egitea aurreikusita bazegoen ere, azken momentuan Jacksonek erabaki zuen honako honek ere trilogia izan behar zuela. Hortaz, lehen biak grabatu dituzte, baina hirugarrenaren hainbat atal oraindik ere filmatzeko daude.
Istorioari dagokionez, The Lord of the Rings baino lehenago gertatzen da The Hobbit; 60 bat urte lehenago. Protagonista nagusia Bilbo Baggins da, Frodoren osaba. Bidaia batean abiatuko da hobbita, Gandalf magoak eta hamahiru ipotxek lagunduta. Bidean elfoak, trollak, orkoak, herensugeak, eta gisakoak aurkituko dituzte, eta, azkenean, Lurraren sabelean, objektu gutiziatu bat: Eraztun Bakarra.
Aurreko trilogian Bilboren pertsonaia ere agertzen zen; orduan Ian Hom aktoreak egin zuen hobbitarena. Oraingo honetan, berriz, Martin Freemanek jokatu du rol horri. Dena den, aurreko hiru pelikuletako hainbat aktorek parte hartuko dute berri honetan ere: Ian McKellenek, Cate Blanchetek, Elijah Woodek, Hugo Weavingek eta Andy Serkisek, esaterako.
'THE HOBBIT: AN UNEXPECTED JOURNEY'
Zuzendaria: Peter Jackson.
Aktoreak: Martin Freeman, Ian McKellen, Richard Armitage, James Nesbitt, Aidan Turner, Graham McTavish, Jed Brophy, Stephen Hunter, Ken Stott.
Herrialdea: AEB.Urtea: 2012.
Iraupena: 166 minutu.
Gaur estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian, eta ostiralean Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Trilogiaren arrakasta berdindu nahian
Peter Jacksonen 'The Hobbit: An Unexpected Journey' J. R. R. Tolkienen liburuaren moldaketa da

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu