Aurtengo Zinemaldiak gastronomiari eskaini dion saila ezin aproposagoa irudituko zitzaion askori. Non eta Donostian, Michelin izarren konstelazioan. Niretzat, ordea, gehiegizkoa da hiria eta gastronomiarekin egiten den analogia. Mitxelinak domina gisa luzitzen ditugun tripazain herria gara. Nire lagun batek, Josetxok, kanpotarrekin dagoenean eta «betiko gaiaz» galdetuta azalpenik eman nahi ez duenean, zera esaten du:
«Ni donostiarra naiz, pintxotan ibili eta hiru izarretako jatetxeetan jateaz gain ez dut beste ezer egiten».
Iruditzen zait saileko pelikula gehienek, ikuspuntu orokor, informatibo edota artistikoa izan beharrean —Ratatouille litzateke zentzu horretan erakuslerik gorena, eta serio ari naiz—, jatetxe ezberdinen marketin kanpainaren beste estrategia bat diruditela. Jakina da gure jatetxeek marketinaren champions league-n jokatzen dutela. Ezinezkoa da bi egun pasatzea komunikabideetan jatekoarekin zerikusia duen berririk azaldu gabe. Duela aste batzuk jatetxeetan gertatutako lapurreten albisteekin ere lehia moduko bat bizi izan genuen. Bazirudien lapurren bisita jasotzea beharrezkoa zela estatusari eusteko. Mekanikari baten tailerrean edo okindegi batean lapurtzera sartzen direnean, non daude telebista kamera eta kazetariak?
Donostiak, Euskal Herriak, gauza asko eta anitzak ditu eskaintzeko. Horietako bat soilik da gastronomia, baina urtero argi uzten dugu tripontzi turismoa erakarri nahi dugula. Gure nouveau riche jarreraz, motxila eta ogitarteko turismoari muzin egiten diogu. Ezinezkoa gainera libratzea. Astelehenean, Letiziaren senarrak Culinary Center-a inauguratuko du. Beste lagun batek, Angelek, gastronomiaren kontu guzti honek «porculinary» ematen diola esaten du. Ez zaio arrazoirik falta. Hori bai, nire familia osoak ostalaritzan lan egiten duenez, badakit nola emango didaten jaten aurrerantzean:supositorioekin «porculinary», alegia.
Donostiako 59. Zinemaldia. Plano subjektiboa
Tripazainak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu