Gerraondoko trikitiaren munduan hiru izen nabarmendu ziren besteen gainetik: Jazinto Rivas Elgeta, Faustino Azpiazu Sakabi eta Manuel Sudupe Gelatxo. «Hortik behera egin daitekeen zerrendan oso postu ona du Txankartak», Joxean Agirre idazle eta kazetariaren hitzetan. 1960ko eta 1970eko urteetan piezak grabatzeko eta txapelketetan parte hartzeko joera zabaldu zen trikitilarien artean, eta horrek askori «proiekzioa» eman zien, Agirreren hitzetan. Txankartak, berriz, ez zuen ezer grabatu, eta txapelketetan ere ez zuen parte hartu; horregatik geratu zen, agian, itzalean.
Ordea, musikari gisa gutxienez bi bertute bazituen Antonio Buenetxea Txankarta-k (Itziar, Deba, Gipuzkoa, 1922-2001). Batetik, errepertorio zabala zuen, eta bestetik, «zuzeneko musikariek behar duten dohain hori, denekikoak egiteko eta jendea pozik uzteko dohaina». Horri esker, izena lortu zuen soinu jotzaileak Gipuzkoan eta Bizkaiko zenbait lekutan. Haren figura eta obra gehiago ezagutarazteko, Txankarta. Itzalean geratu zen maisua liburua idatzi du Agirrek, Itziarko Andutz kultur taldearen ekimenez.
Erreportaje estiloan idatzi du liburua, eta Txankartaren hurbileko hamabost bat lagunen testigantzak jaso ditu. Erromerietako giroa etengabe agertzen da, dantza lotua egiteko debekuak eta Josepa Arozenak neska-laguntzari buruz kontatutako hainbat pasarte, esaterako. Soinu jotzailearen bi semek emandako datuekin osatu du biografia, baita bi alabak eskainitako «argazki hurbilago, irudi intimoago» batekin ere.
Txankarta, izaera aldetik, Elgetaren «ifrentzua zen, txanponaren beste aldea», kazetariaren ustez. «Sustraituegia zegoen agian, Itziarri lotua, baserriari, familiari, lagunarte bati... Oso herri giroan eraman zuen bere bizialdia. Gizon zoriontsua izan zela esan daiteke, eta agian hori ez da ona artista izateko». Hala ere, horrek kalterik ez ziola egin dirudi, Agirrek galdekatu dituen «ahots kualifikatu guztiek» orduko trikitia munduaren zerrendan lehen postuetan kokatu baitute Txankarta.
Grabazio zalea ez bazen ere, azkenean 1988an konbentzitu zuten hartarako. Durangoko Txirula estudioan hogei pieza grabatu zituen arratsalde batean. Lan hura familiak gorde du orain arte, eta liburuarekin batera eman dute argitara, Ion Ostolaza Trikitilari Elkarteko kideak eta CDaren koordinatzaileak azaldu duenez. Musikariak «bere garaiko errepertorio zabalenetakoa» zuela nabarmendu du. «Gerra ondoren sueltoa bakarrik jo zitekeen hainbat herritan, eta ba omen zuen erromeriak dena sueltoan jotzeko abilidadea, batere piezarik errepikatu gabe. Hori zaila da, are gehiago garai hartan grabagailurik-eta ez zegoelako». Kantuak besteei entzunda osatu zuen errepertorioa. Irratian eskaintzen ziren piezak Inaxio semeari kantuan errepikatzeko eskatuta, esaterako, semeak azaldu duenez. Aitak asko entseatzen zuela eta soinu txikia nahiz handia jotzen zituela gogoan du hark. Uneren batean handiaren alde egin zuen musikariak.
Erromeria Eguna larunbatean
Liburua Itziarren bertan aurkeztuko dute etzi iluntzean. Erromeria Eguna antolatu dute larunbaterako Andutz kultur taldekoek, hirugarren urtez. Lehen urtetik Txankartari eskaintzeko asmoa izan dutela azaldu du Itziar Beristain elkarteko lehendakariak.
Goizetik izango da jaia, Hernaniko txistulari, dultzainero eta albokariekin eta Zubietako joaldunekin. Herri bazkariaren ostean, musika, dantza eta bertsoak izango dira. Erromerian, berriz, Ostolaza eta Pujana, Zabale eta Larrañaga, Jagoba eta Amets, eta Furundarena eta Telleria ariko dira.
Txankarta soinu jotzailea itzaletik atera dute
Antonio Buenetxeari buruzko liburua eta haren hogei pieza biltzen dituen diskoa argitaratu dituzte

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu