Txapel bumerana

Buruz burukorik jokatu beharrik izan gabe, Xabier Silveirak zazpigarrenez jantzi du Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapelaSilveira, Soto, Lagoma eta Fernandez, lehen laurak, sailkatu dira Txapelketa Nagusirako

Xabier Silveira txapela eskuan duela, atzo, Anaitasunan, eta atzean Julio Soto eta Erika Lagoma, bigarren eta hirugarren sailkatuak. JAGOBA MANTEROLA / ARP.
Beñat Zamalloa Akizu.
Iruñea
2013ko martxoaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gainontzeko finalistak gorabeheratsuago aritutako ariketetan, mailari eutsi zion Xabier Silveirak, eta sei puntuko motzean eta kartzelan, buruz burukorik jokatu behar ez izateko besteko aldea lortu zuen justu, atzo, Iruñean jokatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean. 20 puntu baino txikiagoa behar zuen aldeak buruz burukorik ez jokatzeko, eta 20 puntu gutxiago eskuratu zituen, hain zuzen ere, Julio Soto azken bi ekitaldietako txapeldunak. Saioko tentsio handiena izan zen epaileen lehen ebazpena jakin aurrekoa, eta berria eta txapelduna ezagutu ostekoa izan zen saioan izan zen leherketarik handiena. Ordurako giroa epeldua zen, bide onetik hasi zen saioan. Azken bietan Sotok jantzi eta gero, Bittor Elizagoien txapel jartzaileak txapela jantzi ostean, gertukoenak izan zituen batez ere gogoan txapeldunak agurrean, zazpigarren txapela buruan, Silveirak:

Txapeldunaren agurra:

Egoi, Arane, Jon eta Gaizka

aipatu nahiko nituzke.

Ama, izeba, Igoa

Erki, Esti ta hainbeste.

Musu haundi bat, agur eta ohore presondegi ta erbeste.

Zuei ere bai, nafar euskaldun

su hau ez baita dena ke.

Beñat, itxoin ordubete

amets bat behar dut bete.

Baina Silveira goizero jasan

dutenak zuek zarete

zuentzat, beraz, azken txapel hau Solete eta Txabete.

Gai-jartzaileak lehen puntua eman orduko kantuan zen lehen puntua emandakoetan Soto, eta aparteko gaitasuna erakutsi zuen, baina zortziko txikian hariarekin nahastetik zetorren, eta bakarkakoan deskribapenetik gehiago izan zuten goitik beherako bertsoek, kontakizunetik baino. Erika Lagoma ofizioetan indartsu jardun zen arrazoiketan. Zortziko txikian oinekin deklinazio akatsa egin zuen, eta, moldatu beharraren beharrez, ondo hasitako bigarren ofizioa hortxe galdu zuen. Kartzelan ere arinetik jardun zen Lagoma. Eneko Fernandezek, aitzitik, kartzelako onenetarikoarekin borobildu zuen sei puntuko motzeko azken ofizioan Silveirarekin hasitako bide ona. Lehen lau sailkatuek, Silveirak, Sotok, Lagomak eta Fernandezek, Txapelketa Nagusirako txartela eskuratu dute. Fernandezen kasuan lehen aldiz txapelketara aurkeztuta.

Lazkoz aleak utziz eta jarduna tarteka indartuz jardun zen. Jon Barberenak Fernandezek halatsu egin zuen, eta azkena izan arren, kartzelakoan nabarmendu zen. Kontrara izan zen Oskar Estangaren saioa, zortziko handian eta zortziko txikian nabarmendu zen, baina lehen bi ofizioetatik aurrerakoetan lausoagoa izan zen haren lana. Aimar Karrikak inoiz edo behin egin zuen gora, kartzelakoan sinpletik saioa txukuntzeko aukera baliatu zuen, aurrez sei puntuko motzean birritan poto egin ondotik.

Bildua zen Iruñeako Anaitasuna kiroldegi moldatua, eta 1.500 bertsozalek are bilduago egin zuten. Giroa berotuko zela aurreikusten zen hasieran, baina umoretik saioa lehertu behar zuten zortziko txikikoetan nahasketak izan ziren, eta ez zuten halakorik lortu, saioak hasieran une oro onetik izango zuela aurreikus zitekeen arren. Entzuleak piztuko zituzten ziriak saltoka etorri ziren, eta kartzelan zehar saioa motela ere egiten zen, bertsoaldi onak izan baziren ere.

Sei puntuko motzekoan egin zuen ofiziorik onena Silveirak, Fernandezekin. Bikote terapia batera joan diren bikotea ziren Silveira eta Fernandez. Silveirak sexu harremanak gainbehera ikusten zituen; Fernandez, ostera, gustura zen. Zahartzen ari zela egotzi zion Fernandezek, eta hala erantzun zion orduan Silveirak: «Agian, hasi naiz zahartzen / hori ez dizut ukatzen / arazoa da zuk ez nauzula / gazte bilakatzen». «Ez hasi aitzakiekin / zerbait behar dugu egin / sexua hiltzen bada, guztia / hiltzen da berekin», argitu zion Silveirak ofizioko azken bertsoan, eta horri «Hau da dagona, tamalez / ta bazenekien aurrez / ni ongi nago, zuk erabaki / jarraitu ala ez» botata eman zion azken juzkua bertsoaldia errematatzeko Fernandezek.

«Seinalea jaso duzu. Orain ez dago atzera bueltarik», jarri zien kartzelan hiru bertso neurri eta doinu librean kantatzeko gaia Alaitz Rekondo gai jartzaileak. Doinu berriz eta arrazoiketa bereziz osatu zuen bertsoaldia Silveirak. Herriaren alde gerran ari zenaren ahotik aritu zen, arerioari buruan tiro bat ematear zela. «Ez da errexa izango gero / karga hau eramatea / ez da ere 20 urteko / kartzel zigorra jatea. / Argi izpi bat nahi duen haren / zigorra da itzalpea / ta mesedetzat hartzen dudan hau / bihur liteke kaltea. / Ordea, herri maitea / inperioen hankapea / tiro bat aski ez bada berdin / bospasei ematea / gerra delako bide bakarra / nahi dugunontzat pakea», kantatu zuen bigarrena.

Leku batera ezkutuan sartua zen Fernandez, eta azalpenak eman nahi zion Yolanda Barcina zuen parean: «Zu hemen ez zara biktima / gugan jarri duzulako / baden guraize haundina / zabalduz zabiltzalako / Opus Deiaren doktrina / deabruari saldu / diozulako arima / Burgosera itzultzea / hobe zenuke, Barcina».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.