bertsolaritza

Txapelduna jolastokian

Hendaiako ikastolak omenaldia egin dio Amets Arzallus bertsolariari; ikasle ohia izana da, eta hantxe hasi zen bertsotan ikasten ere. Haur eta gurasoak bildu dira. [YouTube]http://youtu.be/FrUEO-eioO8[/YouTube]

Illargi Agirre
2013ko abenduaren 20a
11:50
Entzun

Bihotz arrosa batek bereizten ditu mikroaren aurrean txapelarekin dagoen bertsolaria, eta alboko neska. 2Amets maite dugu" jartzen du hizki larriz. "Neska ni naiz", dio neskatxa batek paperari begira, egin berri duen irudia azaltzen duen bitartean. Gisa horretako maitasun adierazpeneko marrazkiak egin zizkioten atzo Hendaiako ikastolako haurrek Amets Arzallus bertsolariari, arratsaldean antolatu zioten omenaldian. Sustrai Colina ere joatekoa zen, baina ezinezkoa izan zitzaion azkenean.

Jexus Arzallus aita eta Amets Arzallus bera gaztainak erretzen ari dira jolastokian omenaldiaren aurretik, haurrek askal dezaten. Bertsolariaren aldeko mezuekin betetako pankartaz josita daude ikastolako hormak. "Poztasun handia eman digu guri Ametsen txapelak. Bultzada handia da bai euskararentzat bai ikasleentzat. Badirudi munduko txapelduna dela, kasik. Haurrek aurretik miresten zuten, eta txapela irabazita oraindik eta gehiago", azaldu du Peio Urriza irakasleak.

Nabari da haurrek gertuko sentitzen dutela bertsolaria. Agurtzera joaten zaizkio, sinatzeko eskatzen diote, eta harentzat egindako marrazkiak oparitu. "Oso ondo kantatzen duzu Amets", esan dio batek. Mirespenari irribarre batekin erantzuten die guztiei Arzallusek, umil. Gertuko.

"Hemen hazi eta hezi nintzen, eta hemen hasi nintzen bertsotan. Ingururik politena da niretzat eskerrak jasotzeko. Ikastola honi esker iritsi naiz nagoen lekura ere", dio Arzallusek.

"Txapela, lehen harria"

"Ohorea" dela eurentzat Arzallus han egotea esan du Arantxa Elizalde ikastolako zuzendariak. "Gure ikastolaren izenean zorionik beroenak eman nahi dizkizugu. Ilusioarekin ametsak errealitate bilakatu ahal direla frogatzen duzu; eredu zara gure ikasleentzat", adierazi dio Elizaldek.

Gitarrista baten laguntzaz, pare bat kantu abestu dituzte ikasle zein gurasoek, Arzallusen inguruan bilduta, eta bertsoen txanda iritsi da, gero. Ikastolako haurrek kantatu dizkiote; baten bati doinua ahaztu zaio hasi aurretik, eta Arzallusek gogorarazi dio. Aurreskua dantzatu diote eta ikasleek egindako txapelak oparitu. Bat Sustrai Colinarentzat zen, baina ez denez etorri, Miren Antia eta Jesux Arzallus gurasoek amaitu dute txapela jantzita. Ikastolako eraikin berria eraikitzeko dituzten oztopoen harira kantatu du bertsoa Arzallusek: "Ta ikastolarik gabe / ez nuke nahiko herria / horregatik bihur bedi / lortu den txapel berria / ikastola berriaren / lehendabiziko harria".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.