Ziztuan, halakoa izan da Berri Txarrak-ek Mexikora egin duen bisita. Astelehen gauean heldu, biharamunean UNAM unibertsitatean bertako euskara ikasleekin hitzordua bete, gauean kontzertua eman eta di-da, hanka. Kanadan dira orain. Gaur bertan kontzertua emango dute Galder Izagirrek, Gorka Urbizuk eta David Gonzalezek Canadian Music Fest jaialdiaren barruan.
Mexiko Hirian ia ezertarako astirik izan ez badute ere, ez diote hutsik egin UNAMeko euskara irakasle Gurutzune Etxeberriaren gonbitari. Ia ehun lagun batu ziren gaztetxe itxura duen Che Guevara auditoriumean. Ikasleek aspaldi okupatu eta kudeatzen duten gunera Euskal Herriko ikasle andana, eta euskara ikasten dabiltzan mexikarrak batu ziren. Rock taldeari bidea egiteko,gainera, aurkezle ezin hobea izan zuten: Miguel Arsuaga, euskal rockaren gainekoak ongien ezagutzen dituen mexikarra.
Bost urtez euskal rock mugimenduaren gaineko irratsaio bat izan zuen Arsuagak, eta mundu horretan direnak eta ez direnak ezagun ditu: «Urbizuk beti izan du oso ikuspegi irekia eta osoa. Esango nuke euskal musikagileen artean, bera dela gaur osoena».
Talde aitzindariak falta
Urbizuk berak eman ditu taldeari buruzko xehetasunak. Direnak direla, baina, astuna zaie Mexikon garai bateko rock taldeek oraindik duten oihartzunaren gainetik taldea ezagutaraztea. 80ko hamarkadan lehertu zen rock mugimenduaren oinordekoak direla aitortu die lagun mexikarrei. Aitortza, eta kezka:«Euskal Herrian ere egungo gazteek ez dute orduko haiekin moztu, eta hori egundoko akatsa da».
Haren esanetan, badira gaur talde on-onak Euskal Herrian, zer esatekorik badutenak baina laguntzarik batere ez dutenak. Aterabideak ere sumatu ditu hor nonbait: «Talde bat edo bi falta dira itotzen gaituen egoera hori ostikoka uxatuko dutenak eta, gainerako guztien eredu izanik, egungo rock mugimenduaren aitzindaritza hartuko dutenak».
Berri Txarrak-en asmoa gogoeta sustatzea da, «hausnarketa, salaketa hutsa egitea baino gehiago». Urbizu: «Oso erraza da polizia sasikume eta antzekoak botatzea. Gehiegi erabili izan da hori. Guk hori bera beste modu batez adierazi nahi dugu».
Aurrean zituen gehienak ez dira kantetan diotena ulertzeko gai. Baina entzuteko aukera izan dutena gogoko dutela esan diete hiru musikariei. Haiek erantzun diete hitzari bezainbesteko garrantzia, edo gehiago, ematen diotela musikari. «Musikak gainditzen ditu mugak».
Mexikon kontzertu bakarra eman dute, ez egoera odoltsuaren beldurragatik, egutegiak hartaratuta baizik. Toronton jotzeko gonbita jaso zuten, eta handik gutxira, hilabete lehenago, Brasilera joateko. Hutsune hori bete nahian, Txile, Argentina, Uruguai eta Mexikora bisita azkarra egitea erabaki zuten, hegoaldetik iparralderako bidean.
Mexiko atzean utzi dute, baina zaila izango zaie hor bizi izandakoak ahaztea. Izagirreri batez ere. Ezustekoa izan zuen aireportuan, aduana eta polizia kontrol itogarri guztiak gainditzear zirela, harengana jo eta berarekin joateko agindu zion-eta poliza batek. «Ez zara zu Berri Txarrak taldekoa?». Ahoa bete hortz utzi zuen musikaria. Zale sutsua zuen uniformeduna, biharamuneko kontzertura hutsik egingo ez zuena.
Txarrak berri Mexiko aldetik
Brasilen abiatutako biraren barruan, Mexikon geldialdia egin du Berri Txarrak-ek. UNAM unibertsitatean euskara ikasleekin mintzatu dira taldekideak, gauean kontzertua eman aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu