Txarrantxa kentzeko kantua

Maitasunaren alde eta boterekeria ororen kontra. Victor Jarak posizio mugiezin horretatik idatzi zituen dozenaka kantu gogoangarri. Militantzia komunistan zein garaiko antzerki esperimentalean ere buru-belarri aritu zen. Pinocheten diktadura ezarri eta berehala hil zuten, gaur duela 50 urte.

Pinocheten diktadurako lehen egunetan erail zuten Victor Jara kantaria; zehazki, gaur duela 50 urte. ANTONIO LARREA/REUTERS.
itziar ugarte irizar
2023ko irailaren 16a
00:00
Entzun
«Nik ez dut kantatzen kantatzeagatik/ Ez eta ahots ona izateagatik/ Kantatzen dut gitarrak/ Baduelako zentzua eta arrazoia». Abestu zituen ehunka hitzetatik, Manifiesto-ren hasierak bil dezake, beharbada, gitarra soinean kantura ateratzen zenean, Victor Jarak egin nahi zuena. Egiten zuen horri zor zion zentzua eta arrazoia. Sinbolo bihurtu du denborak, garai batena, giro batena; Hego Amerikako ezker mugimenduarena, Txileko kantagintza berriarena. Maitatua izan zen oso —gorrotatua ere bai—, eta inoiz guztiz joan ez den haren kantua ozendu egin da azken asteetan ostera, Txileko diktaduraren 50. urtemugaren karira. Gaur beteko dira, hain justu, 50 urte kantugilearen heriotzatik, eta erail zutenak zigortu dituzten garaiarekin egin du bat urtemugak.

Te recuerdo Amanda, A desalambrar,Duerme, duerme negrito, El derecho de vivir en paz, Ni chicha ni limoná, Luchín... Izenburuak irakurtze hutsarekin askok entzungo dute Jararen kantua, eta ezer gutxik bezala frogatzen du horrek lortu zuen sonaren neurria. Haren bizitzaren amaiera tragikoak ere eragin zuen kantaria enblema bihurtzea. Pinocheten diktadurako krimen sinbolikoenetako bat izan baitzen haren aurkakoa. 1973ko irailaren 11n militarrek Santiagoko Moneda jauregia bonbardatu eta biharamunean atxilotu zuten Jara, eta hilaren 16an agertu zen haren gorpua Metropoliko hilerritik gertu. Tarteko egun horiek Txileko Estadio Nazionalean eman zituen atxilo —egun, Victor Jara estadioa—, non bortizki torturatu zuten —56 hezur haustura eta 44 bala zulo agertu ziren autopsian—. Azken hitz ezagunak han idatzi zituen, hil aurreko orduetan, estadioan zeuden kideak gogoan hartuz hasten dena: «Bost mila gara hemen./ Hiriaren zati txiki honetan./ Bost mila gara./ Zenbat gara denera/ hirietan eta herrialde osoan?/ Hamar mila esku ari gara hemen/ ereiten eta fabrikak ibilarazten».

Gorputegiko langile bati zor zaio haren gorpuak hobi komun batean amaitu ez izana. Kantaria ezagutu zuen hark pilan heltzen hasi ziren hilotzen artean, eta ezkutuan egin zituen tramiteak Jararen familiari gertatukoaren berri eman eta modu klandestino batean lur eman ziezaioten.

Parraren «argia»

Giza askatasunaren aldeko posizio garbia izan zen Jararena beti. Nekazari familia batean jaio zen, Quiriquina izeneko herrixkan, 1932an, eta etxean beti ezagutu zuen gitarra bat, ama, Amanda Martinez, kantaria baitzen. Jarak 15 urte zituenean hil zen, ordea, eta hirira heldutakoan, bizkor barneratu zen folklore latinoamerikarraren munduan. Violeta Parra gazte ezagutzeko «zortea» izan zuen, eta, esan ohi zuenez, mugarri bat izan zen haren bizitzan. «Nik zer egin behar nuen argitzeko gertaera bat izan zen».

Bakarkako lehen LPa 1966an kaleratu zuen, Victor Jara izenpean —hor datoz El arado eta Paloma quiero contarte—, eta hurrengo urtean atera zuen El verso es una paloma, besteak beste, Cheri eskainitako El aparecido kantua dakarrena. Ordurako, ezkerreko mugimenduekin eta iraultza sozialistarekin konprometituta agertzen zen kantaria. Haren diskoetan ohikoak ziren, adibidez, kaleko protestetako grabazioak entzutea; unibertsitate publikoaren, Kubako Iraultzaren eta besteren aldeko aldarriak hedatzen zituztenak. Kanpora ere eraman zuen konpromiso hark, eta, 1969an, esaterako, Helsinkin Vietnamgo gerraren kontra egin zen nazioarteko ekitaldi jendetsuan jotzeko deitu zuten. Urte horretan kaleratu zuen Pongo en tus manos abiertas laugarren lana —Rolling Stones aldizkariak Txileko inoizko bost disko onenen artean kokatu zuen 2008an—; eta ondorengo urteetan, berriz, Canto libre (1970), El derecho de vivir en paz (1971), La población (1972) eta Canto por travesura (1973).

Langileei kantatzearekin batera, maitasunari eskaini zizkion hainbat konposizio Jarak. Hil baino hilabete gutxi batzuk lehenago, hala zioen Limako telebista batean egin zioten elkarrizketan: «Guk, protesta kantariak deitzen gaituztenak —ni ez nator bat termino horrekin [barre egiten du]—, uste dugu maitasuna dela ezinbestekoa dena; gizakien artekoa, aberriarekikoa, lurrarekikoa... Maitasuna da gizakiaren izate-arrazoiaren esentzia».

Salvador Allende presidenteak, tentsio handien erdian, sozialismorantz hartutako bidea hasieratik babestu zuen Jarak, eta kultur enbaxadore ere izendatu zuen Allenderen gobernuak. Hala egokitu zitzaion, esaterako, Sobietar Batasunera eta Kubara bidaiatzea, eta Pablo Nerudari, Literatura Nobel saria irabazi berritan, egin zitzaion omenaldia zuzentzea. Jardun militanteaz eta musikaz gain, antzerkia ere sakon maite izan zuen kantariak. Brecht, Sofocles eta besteren obrak zuzendu zituen, eta garaiko eszena esperimentaleko izen goratuenetako bat izan zen.

Diktadurapeko urte ilunetan, milaka lagunek ezkutuan segitu zuten hura entzuten. «Nire kantua aldamioetakoa da/ hel dadin izarretara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.