XLIII. Irun Hiria Kutxa literatur sarien irabazleen izenak arratsalde hasieran jakinarazi dituzte. Felipe Juaristik, Jon Martin Etxebestek, Jon Kortazarrek, Arantxa Urretabizkaiak eta Joxemari Iturraldek osatutako epaimahaiak Txema Garcia-Viana Kartxi-ren (Donostia, 1963) Pentaedroa nobela hautatu dute, eta 25.000 euro eta garaikurra jasoko ditu idazleak. Hau ez du, nolanahi ere, ez lehen eleberria, ez lehen saria: Euskaltzaindia saria jaso zuen Arkitektoa (2007) lanagatik, eta ordurako emanak zituen Sei lore (2001, Susa) eta Triangulo hautsia (1998, Alberdania). Landu izan ditu, baita ere, narrazioa —Bi ipuin harrigarri (Elkar, 1999)—, poesia —Ihesi (Susa, 1986)— eta haur eta gazte literatura —Balatza, tximistaren alaba (Alberdania, 2000)—.
Aritz Gorrotxategi (Donostia, 1975) ere genero ugaritan aritua eta saritua da. 2000. urteko Irun Hiria saria jasoa da, esaterako, Kafkaren labankada eleberriagatik; eta Donstia Hiria saria eman zioten 2016an, Zer egingo dugu orain opariekin? ipuin bildumagatik. Ahazten diren gauzak (Erein, 2018) narrazio liburua du orain artean argitaratutako azkena. Idazlearen Amua poema bilduma Iñaki Aldekoak, Lourdes Otaegik eta Itxaro Bordak osatutako epaimahaiak aukeratu du. 15.000 euro eta garaikurra jasoko ditu Gorrotxategik.