Txikitutako klase ertaina

Mikel Belaskoain artistaren 'Middle Clash' erakusketa ireki dute Uharteko Buldain museoan

K Saioa Alkaiza(h)
Uharte
2012ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Koadroak, idazkiak eta musika. Hiru euskarri, helburu bakarra; klase ertainaren eta errealitatearen arteko talka islatzea. Hori da Mikel Belaskoainek Middle Clash izeneko erakusketaren muinean ezkutatutako mezua. Uharteko (Nafarroa) Buldain museoan jarri dute ikusgai. Hitz-joko bat da erakusketaren izena bera ere. Clash hitzak talka esan nahi du ingelesez, eta talkari buruz hitz egiten du erakusketak. Baina, era berean, eta hori da izenaren oinarrian dagoen elementua, klase ertainari buruz mintzatzen da, Middle Class-ari buruz, alegia. Bidenabar, The Clash punk talde britainiarrari ere omenaldia egiten dio Belaskoainek, abangoardiako kulturan izandako eraginarengatik. Azken finean, Middle Clash-eko sorkuntzek punk estiloa oroitarazten dute. Erakusketa abuztuaren 19ra arte egonen da Uharten.

Erantzun bat da erakusketa,Belaskoainen hitzetan. «1970eko krisiari erantzun zion 1980ko hamarkadako punkak. Orduko industrializazio osteko gizartea krisian zegoen, eta punkak erantzun zion nora ezean zegoen jendeari. Orain, beste zerbait sortu behar dugu gaur egungo egoerari erantzuteko». Ziurtasunik eza dago mendebaldeko gizartean, eta hori islatu nahi dute koadroek. Nora ezean dagoen klase ertainaren kronika da erakusketa.

Areto txiki batean biltzen dira margolanak, eta bozgorailuetatik 80ko hamarkadako punk musika aditzen da. Ikuslearen eskura erakusketari buruzko fanzinea dago; Belaskoainek berak idatzitako testuek eta koadroen zuribeltzeko irudiek osatzen dute liburuxka. Collage-aren teknika erabili du artistak, «merkea» eta «originala» delako.

Los últimos burgueses deitzen da erakusketaren funtsa biltzen duen koadroetako bat (Azken burgesak). Hain zuzen ere, klase gatazkaren nondik norakoak laburbiltzeko saioa da. Begirada aseptikoko gizon bat eta emakume bat, aurpegiz aurpegi ikusleari so daude. Iluna, hotza, eta bortitza da koadroa. Marrazkiaren mezua osatzeko idazkia egin du artistak. Burgesei buruzko testu bat: «Hor doaz, azken burgesak dira. Armairuaren atzean ezkutatu ziren, eta asteak eman zituzten isilik. (...) Geldi egon ziren, momien gisan. (...) Hor doaz, azken burgesak dira. Utz iezaiezue joaten, azkenekoak dira eta, azken burgesak».

Giza figura da Belaskoainek errealitatearen kritika egiteko aukeratutako elementua. Giza figura malenkoniatsuak, alegia. Sortzailearen iritziz, gaur egungo krisi egoeran ezerezean dago klase ertaina, ziurtasunik eza baino ez du aurrera begira. Haren irudiko, ongizate estatuaren lorpen gorena da klase ertaina, baina, gaur egun, mendebaldeko krisi ekonomikoak txikitu du kategoria hori. Hala, gizartearen egoera abiapuntutzat hartuta, publikoaren hausnarketa bultzatu nahi du artistak. Hausnarketa prozesuak, baina, ez du ondorio jakinik lortu nahi. Gizartearen prozesuetan jarri du soa, ez emaitzetan.

Erakusketak badu ere autobiografiatik. Ingurua eta bere burua izan ditu oinarritzat gizartearen egunerokotasuna aztertzeko. Batez ere, klase ertainaren sentipen eta bizipenak hartu ditu kontuan. Besteak beste, bizi ereduak, kritikotasunik eza, kontsumismoa, eta errutina.

Horregatik, normaltasunari egindako satira du bere margolan deigarrienetako bat, La normalidad (teen) izenekoa (Teen normaltasuna). Koadroa obrako hesi batean dago lotuta, eta bi gazte azaltzen dira. Loturak irudikatzeko metafora materiala da. Gainera, lanaren esanahia ulertzeko testua atxiki du Belaskoainek fanzinean. «Astean behin larrua jotzea normala da. 8 orduz lo egitea normala da. Seme-alabarik ez edukitzea ez da normala. Normala da beste inorentzat lan egitea. Gayizatea ez da normala. (...) Normalena da jendeari futbola gustatzea. Entzuten duzun musika hori ez da normala. Zure nagusia tontoa ez izatea ez da normala. Umeei tonto ahotsez hitz egitea normala da. Normala da. Normala, normala, normala...».

Erakusketaren harira, Belaskoainek dio arteak berreskuratu behar duela berezkoa duen funtzio kritiko eta arriskatua. Hala, garai klabetzat jotzen du gaur egungo gizarte egoera. Iritzi publikoaren sumindura gero eta handiagoa da,margolariaren aburuz. Haren ustez, jendeak oraindik ez dio erantzun gauzatzen ari den garai historikoari, eta aldaketaren garrantzia nabarmendu nahi izan du erakusketan.

Koadroetako mihiseetan estilo bereko pertsonak ikusten dira, estatikoak, bizirik gabekoak. Aitzitik, kritikaz aparte, ahalmena ikusten du Belaskoainek gizakiengan: «Ez dut masa iraultzatan sinesten, aldaketa pertsonaletan sinesten dut. Norbera izatea da gauzarik iraultzaileena». Galduta sentitzen da gizabanakoa ongizatearen estatua krisian dagoelako. Baina, Belaskoainek aukeraz beteta ikusten du etorkizuna. «Egun, askatasunean egindako bidean sinetsi behar dugu. Gizakia beraren kontzeptua birdefinitzeko aukera gure eskuetan dago krisi garai honetan». Kritikotasunez bai, baina, batez ere, etorkizunarekiko ikuspegi baikorraz mintzatu da Belaskoain.

Patxi Buldainen erakusketa

Mikel Belaskoainen erakusketaz gain, Patxi Buldainen lana ikus daiteke Buldain museoko lehengo solairuan. Artista nafarrarenibilbidea laburbiltzeko 29 obra daude ikusgai erakusketan. Ez da kasualitatea Buldain museoak Buldain eta Belaskoainen erakusketak batera egitea. Biek hartzen dute oinarritzat gizakia, eta bien gustukoa da gaurkotasuneko gaiak lantzea. Teknikari dagokionez, bolumena lant0zen ahalegintzen dira bi artistak. Gainera, espresionismoa izeneko korrontea artistikoaren barruan kokatu daitezke bien obrak. Beraz, espazio berera egokitu daitezke bi erakusketak, muturreko bi garai historikoetan sortutako koadroek egungo egoeraren analisiari osotasun moduko bat ematen diotelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.