«Txilio egin txerriek nola»

James Dickey poetak idatzitako 'Deliverance' lana zinemara eraman zuen John Boormanek 1970eko hamarkadan, arrakasta handiz. Fantasia maskulino gisara aurkeztu ziren liburua eta filma; egiaz hala den jakiteko aukera eskaintzen dute egun.

'Deliverance' (John Boorman, 1974) filmeko irudia.
'Deliverance' (John Boorman, 1974) filmeko irudia.
2025eko maiatzaren 25a
04:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Gizaki modernoaren eta naturaren arteko lotura edo borroka literaturako eta zinemako gai ohikoenetariko bat izan da, zeina gehienetan bi modutan landu den: ikuspegi inozoaren bidez edo ikuspuntu ilunaren bitartez. Bigarren aukerak lehenengoak baino obra interesgarriagoak eta sakonagoak eman ditu, ezbairik gabe, eta horien artean Deliverance kokatzen da. James Dickey poeta estatubatuarrak 1970ean argitaratu, eta sekulako arrakasta izan zuen garai hartako irakurleen artean. Horren ondorioz, John Boorman zinemagile britainiarrak zinemara eraman zuen bi urte geroago. Dickeyk filmaren testuan parte hartu zuen, eta aktore lanak ere egin zituen. 1972ko gehien ikusitako filmen zerrendako bosgarren postua lortu zuen lanak. Hala, 70eko hamarkadako film gordin eta basatienetarikoa izanagatik, Oscar sarietarako hiru hautagaitza lortu zituen; hain justu, filmik, zuzendaririk eta muntatzerik onenaren sariak. Aurrekontu eskasarekin filmatua izan zen, eta zinemagilea aktoreen konpromisoaz baliatu zen filmari ahalik eta errealismo handiena eransteko —Boormanek ez zuen sosik espezialistak kontratatzeko, eta aktoreek egin zituzten pelikulako hamaika eszena arriskutsuak—. Rabun konderriko Chattooga ibaiaren ur ertzetan filmatu zen, baina bai eleberrian bai pelikulan ibaiak beste izen bat hartzen du, Cahulawassee.

Atlantako lau negozio gizonek Georgia estatuko iparraldean igaroko dute asteburu bat, Apalatxeak mendikate zabalaren azken muturrean, Gobernuak eraikiko duen presak desagerraraziko duen ibai ezezagun eta bizi bat kanoaz jaisteko asmoz. Hasiera batean, asteburu eztia dirudiena ibaian zehar zabalduko den bidaia odoltsu eta biolentoa bilakatuko da: hirikoen harrotasunak bertakoen etsaitasunarekin egingo du talka, eta txokeak hankaz gora jarriko ditu lau lagunen printzipio, balio eta bizimodu burgesak; izan ere, hala filmak nola liburuak indarkeriari buruzko hausnarketa trinkoa osatzen dute. Ehiztari hiritarrak trauskilen ehizaki bilakatuko dira; hiltzen eta akabatzen ikasi beharko dute.

Filmak bi eszena ahaztezin ditu: leku bakartuetako ohitura endogamikoak aurpegian erakusten dituen gaztearena; eta igandezaleetako batek jasango duen bortxaketarena

Horiek horrela, bizirautea izango dute helburu. Lewis lider hipermaskulinizatua antzezten duen Burt Reynoldsen hitzak oso adierazgarriak dira, eta egun bizi ditugun garai dramatikoetara ere ekar daitezke: «Makinek huts egingo dute, eta sistemak huts egingo du... Orduan, zer? Biziraupena. Horretarako gai direnentzat. Hori da jolasa, biziraupena».

Filmak zinemazaleen memorietan iltzatuta dauden bi eszena ahaztezin ditu: bata, leku bakartuetako ohitura eta jardun endogamikoak aurpegian erakusten dituen gaztearena, portxean banjoa jotzen duen bitartean, hiriko lagunetako baten gitarrak lagunduta —soken bidezko duelu horrek Urrezko Disko bat jaso zuen—; eta, bestea, igandezaleetako batek hillbilly bikotearen eskutik jasango duen bortxaketarena, AEBetako zineman bortxaketa maskulino bat hain gordin erakusten zen lehen aldia izan baitzen.

Filmatze liskartsua

Pelikularen filmaketa oso gatazkatsua izan zen. Inguru basatiak agertzen zituen zailtasunez gainera, James Dickey aktoreak bereziki zuzendaria etsaitzen zuen, bere irain eta jokabideen bidez, harroputz, matxista eta zurrutero sutsua baitzen. Hala, Boormani sudurra eta zenbait hortz apurtu omen zizkion. Antza denez, Dickeyk eleberria idatzi zuenean, liburua baino gehiago filma zuen buruan; beraz, filmatzen hasi zirenean, bere irizpideak ezartzen ahalegindu zen, eta horrek ika-mikak baino ez zizkion eragin. Idazlea benekotasunaren aldekoa zen, eta, haren ustez, zuzendariak eta aktoreek ez zuten esfortzu nahikoa egiten benekotasun horren alde. Azkenik, Boormanek filmaketatik bota zuen, baina ustezko lagun ere egin ziren, behintzat pelikula sustatzeko ekitaldietan erakutsi zutenez.

Filma sasoian loratutako Amerikako Zinema Berriaren ordezkari nagusietako bilakatu zen, eta, ondorioz, Dickeyren liburua ahanzturan hondoratu zuen. Garai hartan zinema mugimendu horren beste sortzaile batzuek ere biolentziaren inguruko gogoeta interesgarriak filmatu zituzten, tartean, Sam Peckinpah zinemagilearen Straw Dogs (1971) eta Martin Scorseseren Mean Streets (1973). Aditu askok Vietmango gerraren itzala ere sumatu dute Deliverance-n. Horren harira, aipagarria da oso 1981ean Walter Hillek estreinatutako Southern Comfort filma, zeinak Deliverance-n antzeko ezaugarriak erakusten dituen, baina Hillen lanean Vietnamgo sarraskiaren geriza askoz nabarmenago da, gatazka belikoaren metafora bihurtzeraino.

Lau lagunen kontakizunak maskulinitate primitibo baten desioa irudika dezake: naturara abiatzen dira, kotxea armez betetzen dute.... Haatik, narrazioan bada «tentsio homoerotiko» bat ere

Dickeyren testura bueltatuz, egungo zuzentasun politikoaren ikuspegitik, eleberria kontatzeko modu eta sasoi jakin batera lotu da, 1970eko urteetara, baina, Impedimenta argitaletxeak oraintsu plazaratu duen gaztelaniazko itzulpena egin duen Jon Bilbao idazle eta itzultzailearen aburuz, «gaur irakurrita, Deliverance testu konplexu eta liluragarri gisa agertzen da, problematikoa eta egokia. Argitaratu zenetik igarotako hamarkadek, zein ordutiko borrokek, aldarrikapenek eta aldaketek, aukera berriak eskaintzen dizkigute interpretatzeko orduan». Izan ere, hala nobela nola filma fantasia maskulino gisara aurkeztu ziren bere sasoian, baina «Deliverance irakurtzen dutenek zinemako moldaketa ikusi dutenek baino datu gehiago izango dituzte, eta benetan horrela den jakiteko aukera izango dute», azaltzen du Bilbaok gaztelaniazko edizio berriaren hitzaurrean.

Horren harira, liburua maskulinitate tradizionalaren bilaketa gisara har daiteke, garai hartako aldaketa sozialek, besteak beste, familiako balio tradizionalen eztabaidak, Vietnamgo gerraren kontrako manifestazioek edo homosexualen eskubideen aldeko borrokak, betiko gizontasuna zalantzan jarri baitzuten. Hala, lau lagunen kontakizunak maskulinitate primitibo baten desioa irudika dezake: naturara abiatzen dira, kotxea armez betetzen dute... Haatik, narrazioan bada «tentsio homoerotiko» bat ere, inguru hipermaskulinizatuetan gertatu ohi den bezala. Bilbaok azaltzen duenez, Dickeyren aburuz, esperientzia homosexualak beharrezko errituak dira gizon heterosexualaren garapenean.

Horren adierazle bortxaketaren eszena da: Lewis pertsonaiak ez du bere uztai eta geziekin eszenan parte hartzen bere lagunaren bortxaketa gauzatu arte; izan ere, bigarren hillbilly-a Bobbyri berriro sartzekotan dagoenean egiten du tiro Lewisek. Ondorioz, Lewisek laguna nola sodomizatzen duten ikusten du... Ez zuen lehenago zerbait egiterik?

Liburuko eszena garrantzitsuenetarikoa da bortxaketarena, ardatzetako bat, xehetasun osoz eta luze kontatuta baitago. Filmaketan ere momentu kritikoa izan zen, zehaztasunez egin baitzen. Filmatzerakoan, eta modu erabat inprobisatuan, filmeko esaldirik ezagunenetakoa jaso zen, bortxatzaileak botatzen duen «txilio egin txerriek nola», zeina liburuan ez den agertzen.

Banjoen duelua

Pelikulako beste une gogoangarriena musikarekin lotuta dago: dueling banjos izenarekin ezagutzen den eszena. Lau turistak gasolindegi batean gelditzen dira, eta saltokia zuzentzen duen familiako kide bat, autismoa edo bestelako buruko gaitza duen ume bat, banjoa jotzen ageri da etxeko portxean. Hori ikusita, turistetako batek gitarra atera, eta umearekin komunikatzen hasten da musikaren bitartez. Azkenik, bluegrass kutsuko doinua asko azeleratzen da, eta bisitariak ezin dio bertakoaren erritmoari jarraitu. Umeari eskua luzatzen dionean, haurrak kasu ziztrinik ere ez dio egiten.

Eszena horretarako Boormanek itxura jakin bateko haur bat nahi zuen, lurralde horietan gertatzen diren jarduera endogamikoak bere fisikoarekin islatuko zituen bat. Hala, Rabun konderriko 15 urteko Billy Redden hautatu zuen, eta zinemagileak tokiko Mike Addis musikariaren altzotan jarri zuen. Hala, eszenan umea agertu arren, banjoa jotzen duten eskuak Addisenak dira.

Billy Reddenek sarritan esan du ez dagoela film horretan egindako lanaz harro, bere lurraldeaz eta biztanleez trufatzen delako. Burt Reynolds aktorea ere ez du atsegin: «Lotsagabea izan zen, eta gero telebistan esan zuen Rabungo jendeak autoak nola pasatzen diren begiratzen eta txistua botatzen besterik ez dakigula». Deliverance-n egindako antzezpen txikiaren ondotik, beste film batzuetan ere agertu da Redden, besteak beste, Big Fish-en (Tim Burton, 2003). Gaur egun, Redden Rabun konderrian bizi da, eta turistak haren bila dabiltza harekin argazkiak ateratzeko; izan ere, Deliverance filmari esker, turistek Chattoga ibaiaren ertzak inbaditu zituzten, baina ingurua ere hondatu zuten. Areago, hogei lagun baino gehiago hil dira ibaiko ur-lasterretan. Ondorioz, basoko agintariek neurri murriztaileak ezarri behar izan zituzten. Egun, turismoa Rabungo diru-iturri nagusia da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.