Txillardegi idazlea. Txillardegi euskaltzalea. Txillardegi politikaria. Txillardegi pentsalaria... bakarra izanda ere, hamaika Txillardegi biltzen zituen bere baitan Jose Luis Alvarez Enparantzak (Donostia, 1929-2012). Txillardegi horiek guztiak ezagutzeko eta Jose Luis Alvarez Enparantzak Donostiarekin izan zuen harreman estuaren berri izateko, literatur ibilbidea egin zutenatzo Gipuzkoako hiriburuan, Fito Rodriguez idazle eta ikerlariak gidatuta. Kontxako pasealekutik diputazioaren egoitzara; handik Viktoria Eugenia antzokira; ondoren, Arrano Beltza elkartera, eta Lasala plazan amaitu. Txillardegi poliedrikoa ezagutzeko ibilbide literarioa bezain sentimentala.
Alderdi Eder ondoan, itsasoari begira, ekarri zuen gogora Rodriguezek Txillardegi pentsalari eta idazlea. Nola «idazle urbano, laiko eta iraultzailetzat» zeukan bere burua. Eta nola horrek idazle zaharragoen ezin ulertua eragiten zuen. Existentzialismoari lotua aurrena, estrukturalismoari ondoren, bere lanaren bidez erakusten du Txillardegik gizakiaren izaera «hautu egiteak» definitzen duela. Eta berak hautua egin zuen. «Urbanoa, Peru Abarkaren kontrakoa; laikoa, Nemesio Etxanizek ulertu ezin zuena; eta iraultzailea, kolonialismoari aurre egiteko».
Rodriguezen entzuleen artean, adin guztietako lagunak. Baina batez ere emakumeak. Eta haien artean, Txillardegiren emazte Jone Forkada, seme-alabak eta baita biloba bat ere.
Bigarren geltokia. Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza, Gipuzkoa plazan. Eta han, zehazki, Urkixo gela. Bertan euskara eskolak eman zituen Txillardegik, eta hango giltzarekin zer egin izan zuen kezketako bat atxilotu zutenean. Euskara irakasle izan zen, euskara ikasle izan ondoren. Eta euskara batuaren alde modu aktiboan lan egin zuen, artean euskalkikeria nagusi zenean. Rodriguezek gogora ekarri zuenez, 1956an Euskaltzaindiari igorritako Karta idigia da horren erakusle agerikoena. «Euskara batuaren aldarrikapena egiten zuen han, baita forma aldetik ere, euskara batua erabiliz». Euskara garbiaren aldean, euskara bizia nahiago zuen Txillardegik, eta, horregatik, 1960an Jean Haritxelar Euskaltzaindian sartzeko ekitaldian irakurritako hiru hitzaldiak zubereraz, baxenafarreraz eta gipuzkeraz aditu ondoren, «gu bagoaz» adierazi zuten Txillardegik berak eta Piarres Xarritonek.
2012ko urtarrilaren 14an hil zen. Viktoria Eugenia antzokian omendu zuten Txillardegi. Bi aldiz omendu ere. Batetik, omenaldi politikoa egin zioten, eta, bestetik, literarioa. Ramon Saizarbitoria, Joanmari Irigoien, Koldo Izagirre, Arantxa Urretabizkaia, Rafa Egiguren... donostiar idazleek parte hartu zuten ekitaldi hartan, eta atzo ere geltoki izan zuten Rodriguezek gidatutako lagunek.
Handik, Parte Zaharrera. Arrano Beltza elkartera. Hainbat egitasmo sozial eta kulturalen babesleku ez ezik, Euskal Herrian Euskaraz-en habia izan den lekura. Hizkuntza eta politika elkarri lotuta daudela gogoratzeko. Glotopolitikaren garrantzia gogoratzeko, hizkuntzak testuinguru soziopolitikoarekin lotura zuzena duela.
Eta amaiera, Parte Zaharrean bertan, Lasala plazan. Eta han dagoen lehoiari begira, Joxe Austin Arrietak BERRIAn argitaratutako artikulu bat irakurri zuten. Txoko horri Txillardegi plaza deitzeko eskatzen zuen testua.
Ibilbidea modu sentikorrean amaitu zen, Nerea Txapartegi Donostiako Udaleko Kultura eta Euskara ordezkariak Jone Forkadari emandako lore sortarekin.
Txillardegiren bideak
Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi'-ren pentsamendua eta literatur lana ezagutzeko ibilbidea egin dute Donostian, 'Leturiaren egunkari ezkutuaren' egilearentzat garrantzitsuak izan ziren txokoetan barrena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu