Aitzindaria, Jakin Fundazioko lehendakariaren iritziz, politikan, pentsamenduan... "Gauza asko izan da batean: pentsalaria, irakaslea, idazlea, nobelagilea, linguista, kazetaria... Eta eremu horietako bakoitzean ondare galanta utzi du", nabarmendu du Torrealdaik, gaur Donostian, diputazioaren egoitzan, egindako ekitaldian. Horretan parte hartu dute Ikerne Badiola Kultura diputatuak, Jone Forcada Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren (1929-2012) alargunak, Lorea Agirre Jakineko zuzendariak, eta Martin Garitano diputatu nagusiak, besteak beste.
Jakin Fundazioa hasi da argitaratutako obraren bilketa egiten, eta katalogatu dituzten 948 idazlanak, 21.600 orrialdeak, dira lanketarako gaia. 43 liburu oso, 161 liburu zati, 690 aldizkarietako artikulu, 46 itzulpen lan, 7 prestatzaile eta antolatzaile, eta 11 berrargitalpen. 2016 bukaerarako espero dute dena sarean jartzea, eta horretarako 195.000 euroko aurrekontua edukiko dute. Argitaratuako lanez gain, gainera, egileari buruzko elkarrizketa eta azterlan nagusienak biltzen ere ahaleginduko dira.
Digitalizazioa "urrats kualitatibo handia" da Torrealdairen hitzetan. "Inork gutxik ezagutzen baitu Txillardegi osorik, inork ez esategatik. Batzuek ezagutzen dute bere alderdi politikoa, beste batzuek filolologikoa, linguistikoa...". Corpus digitalaren bidez, batasun hori medio, Txillardegiren obrak beste dimentsio bat hartuko du, Jakin Fundazioko lehendakariaren arabera. "Haren ekoizpen intelektual, kultural eta soziopolitikoa eskuragai egongo da oso-osorik eta sekreturik gabe".
Izan ere, obra hori guztia barreiatuta egon da orain arte, eta liburu gehienak deskatalogatuta daude. "Une honetan hari buruzko hiruzpalau tesi egiten ari dira, baina ikertzaileek sekulako zailtasunak dauzkate, materialera iristeko modurik ez daukatelako", nabarmendu du Torrealdaik. "Beraz, tresna honek erraztasunak emango ditu memoriaren transmisioa egiteko". Corpus horrek edukiko duen bilatzailea, gainera, "oso indartsua" izango dela zehaztu du.
Jone Forcada egilearen alargunak diputazioak eta Jakinek egindako "ahalegin erraldoia" aipatu du, eta gero ondorengoa azpimarratu: "Bere obra, orohar, ez da gehiegi zabaldu zenbait mediotan, eta berari, beste pentsalari askori moduan, iruditzen zitzaion zientziak eta informazioak denen eskura egon behar zutela. Hori baita jakintza demokratizatzeko modu bakarra".
Lorea Agirre Jakineko zuzendariarentzat, "deSkubritu beharreko pentsalari handi bat" da Txillardegi. "Egia da ez dugula asko ezagutzen. Ez dira transmisio bideak jarri horretarako. Oraindik ere nobedosoak dira haren tesi eta planteamenduetako asko".