Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren oroimenezko horma irudia inauguratuko du Txillarde Udal Liburutegia herri plaformak, Donostiako Antigua auzoan. Leku sinbolikoa aukeratu dute irudiarentzat. Izan ere, Antiguako Gaskuina plazan margotuko dute, Txillardegi etxea zegoen tokian.
Inaugurazio ekitaldia 12:00etan izango da, eta omenaldian parte hartuko dute Joxe Manuel Odriozola idazleak eta Ibon Sarasola euskaltzainak.
Horma irudia egin ahal izateko, herritarren ekarpen ekonomikoa bildu du Txillardegi Udal Liburutegiak. Elkarteak adierazi duenez, "aitortza" egin nahi diote Txillardegiri, haren irudia espazio publikoan jarrita. Hala ere, nabarmendu dute Donostiako Udalak idazlearekin "zorretan" jarraitzen duela, eta hiriko Udal Liburutegiari Txillardegi izena jartzea galdegin diote beste behin udalari.
Horma irudiaren inaugurazioaz gain, bi hitzaldi antolatuko ditu elkarteak Donostian. Urtarrilaren 11n, Txillardegi, errotikako gogoeta izeneko hitzaldia eskainiko dute Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariak eta Alaitz Aizpuru filosofo eta Lilleko Unibertsitateko irakasleak. Hitzaldia 19:00etan izango da, Doctor Camino Liburutegian. Urtarrilaren 18an, berriz, Txillardegi intelektuala hitzaldia egingo du Fito Rodriguez idazle eta Txillardegi Udal Liburutegia elkarteko presidenteak. 13:00etan izango da, EHUren Filosofia mintegian.