kulTURA

Txillida Lantokia, "artea eta industria lotzeko"

Gaur inauguratu dute Legazpiko museoa. Artistak artelanak bertan nola egiten zituen erakutsiko dute. Besteak beste, Haizearen Orrazia edota Arantzazuko elizako ateak egin zituen Legazpin.

2010eko uztailaren 21a
14:59
Entzun
Eduardo Txillidaren eskultoreari (1924-2002, Donostia) eskainitako gune berri bat inauguratu dute gaur, Legazpin. Lenbur Fundazioak eta Txillida Leku museoak 'Txillida Lantoki' izeneko museoa eratu dute antzinako paper fabrikaren instalazioetan. Mila metro koadro hartzeko ditu, "artea eta industria lotzeko", Olatz Conde Lenburreko ordezkariak gaur esan duenez.

Lenbur da gunea prestatzeko ardura duena. Elkargoak egingo eta kudeatuko du etorkizuneko Legazpiko Industrializazioaren Museoa ere. Lan guztiak bospasei urtean amaitzea da fundazioaren helburua, baina lehen fasea gaur bukatu dute, gunea irekita. Ekitaldian izan dira, besteak beste, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia.

Legazpiko erakusketa Txillida Leku museoaren osagarria da, artistak artelanak herri hartan nola egiten zituen erakutsiko baitute -besteak beste, Haizearen Orrazia edota Arantzazuko elizako ateak egin zituen han-. Horretarako, amaitutako obrak erakutsi beharrean, eskulturak egiteko prozesuan erabiltzen zituzten Patricio Etxeberria enpresako makinetariko bi gorde zituzten, eta artistaren lantoki txikia ere irudikatu dute, erreminta eta guzti.

Txillidaren sei argazki handi ere jaso dituzte museoan; tartean, Legazpiko lantokian lanean agertzen deneko batzuk. Argazkiok Francesc Catala Rocak egin zituen, 1970eko hamarkadan.

Erakusketan leku berezia dute Txillidarekin lan egin zuten Legazpiko langileen testigantzek. Hormetan jarritako telebista batzuetan proiektatu dituzte irudiak, "burdinaren lana inguratzen zuen gizatasuna" islatzeko. Hala, museoaren planteamendu orokorrean pertsonak dira ardatz. Azken hilabeteetan langile horiek guztiak elkarrizketatzen aritu dira Lenbur fundazioko kideak, eta hamarka elkarrizketa egin dituzte. Testigantzak osatzeko langileekin Txillida Lekura bisita ere egin zuten iazko ekainaren 19an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.