Txillida Leku museoak ez dio berriz publikoari aterik zabalduko. Horixe izan da Eduardo Txillida eskultorea zenaren familiak hartu duen erabakia. Museoa «behin betiko» itxi eta bilduma pribatu gisa mantenduko dute, «ezinezkoa izan delako erakunde publikoekin akordiorik lortzea». Museoko hogei langileei lanposturik gabe geratu direla jakinarazi die Txillida sendiak.
Gaztelania hutsez kaleratu duten agirian azaldu dutenez, aurrerantzean Zabalaga landa jabegoan jarraituko dute eskultorearen lanek. «Ikerlariek izango dute eskulturak aztertzeko aukera, baina ez dira publikoarentzat ikusgai egongo». Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ez dituzte bere garaian Eduardo Txillidak jarri zituen baldintzak bermatzen, museoko arduradunen arabera. Hori dela eta, «bi erakundeok euren konpromisoetatik askatzea erabaki dugu, eta ez dugu nahi akordio berri bat behartu». Erakundeek ezin dituzte 2009an onartu eta sinatu zituzten konpromisoak bete, Txillida familiaren ustez.
«Hiru baldintza argi» dira artistak beti aldarrikatu zituenak. Lehena, «bildumaren batasun iraunkorra egungo kokalekuan», egungo forma berarekin. Bigarrena, «museoaren izaera monografikoa»; ezinezkoa da beste artista batzuen lanak erakusgai jartzea, «baina sor daitezke espazio gehigarriak aldi baterako erakusketak jartzeko». Azkenik, familiak beto eskubidea du «arte lanen zaintzari eta Txillidaren irudiari dagokienean».
Azken negoziazioetan erakunde publikoek baldintza horiek zalantzan jarri dituzte, Txillida Lekuko arduradunen esanetan. «Besteak beste, museoaren izaera monografikoa, azken hamar urteotan museoaren funtsezko oinarri izan dena».
«Berriz ere, harrituta gaude»
Sortzen duen defizita dela eta, bilduma pribatua publikoari zabalik edukitzea bideraezina dela dio Txillida familiak. «2010ean 600.000 euro jarri behar izan genituen geure poltsikotik». Atzo agiri bidez jakinarazitako «behin betiko» itxierak familia bera gehien tristatu duela nabarmendu dute, eta hemendik aurrera ere euren erantzukizuna izango dela ondarea mantentzea.
Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak «harriduraz» jaso dituzte Txillida familiaren adierazpenak, «Txillida Leku museoaren gaineko negoziazioak hautsitakotzat ematen dituztela esanez». Areago, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak negoziazioan zebiltzanekiko «desleialtasun» gisa hartu du txillidatarren erabakia.
«Urte eta erdi eman dugu lanean, zuhur eta isilik, denok asebetetzeko moduko irtenbide duin bat lortzeko. Eta, berriz ere, harrituta gaude berria hedabideen bitartez jakin behar izan dugulako», adierazi dute bi erakundeek.
«Ez genuen inolaz ere uste negoziazioak horrela haustekotan zirenik, gure ordezkariak une honetan jadanik akordioaren xehetasunetan lanean ari ziren eta». Nolanahi ere, astean bi erakundeek elkarrekin prentsaurreko bat egiteko asmoa dute, «Txillida Leku museoaren etorkizunaren alde lanean ari garen erakundeok jendaurrean azalpen lasaiago bat emateko ».
Txillida Leku «behin betiko» ixtea erabaki du artistaren sendiak
Txillidatarren erabakia «desleialtasun» gisa hartu du Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu