Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia «erabat ados» daude Txillida Leku museoa berriro irekitzearekin. Hala adierazi zuen atzo Blanca Urgell Jaurlaritzako Kultura sailburuak. Jakinarazi du horretarako «lehen proposamena» egingo diotela Txillidaren familiari. «Garrantzitsuena eta lehenik egin beharrekoa familiarekin hitz egitea» dela gogorarazi du Urgellek. «Helburura elkarrekin eramango gaituen bidea aurkitzeko». Jaurlaritzak museoa berriro irekitzeko ahaleginak egin dituela gaineratu du, eta «eskura dauden bide guztiekin» horren alde egiten jarraituko duela.
Txillidaren familiari egingo dioten proposamenaren inguruan ez du datu zehatzik eman: «Gipuzkoako Diputazioarekin ados gaude lehen proposamen horretan, baina beste aldearekin kontrastatu behar dugu, eta ziur aski aldaketaren bat izango duela prozesuak». Urgellen arabera,«egoera ekonomikoarekin bateragarriak diren formulak» bilatzen ari da Jaurlaritza.
Atzo Diario Vasco egunkarian proposamenaren inguruan kaleratu ziren datuei erantzun nahi izan die horrela Urgellek. Egunkariaren arabera, Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Aldundiak urteko 200.000 euro emango lizkioke Txillidaren familiari, museoaren defizitaren zati bat ordaintzeko.
UPDren eskaera
Asteazkenean Eusko Legebiltzarreko Kultura Batzordeak aho batez onartu zuen Txillida familiarekin negoziazioak irekitzeko eskaera. UPD alderdiak, batzordean parte hartu zuten alderdi guztien babesarekin, negoziazioak «ahal bezain laster» hastea eskatu zuen, «museoaren kudeaketa bideragarritasuna eta bideragarritasun ekonomikoak bermatzeko».
Horrekin batera, museoaren «izaera monografikoa» mantentzeko eskatu zuen UPDk, baita«bildumaren osotasuna egungo lekuan mantentzeko» ere. Gainera, Txillidaren familiarekin haren ondarearen inguruan akordioa lortzeko deia egin zuen, «artistak sortu zuen proiektua transmititzen jarraitzeko».
Kultura Sailaren onarpenaren ostean, akordioarekin pozik agertu ziren proposamenarekin bat egin zuten alderdi guztiak. Hala ere, UPD, PP eta EAJ alderdien arabera, proposamena «motz» geratzen da, eta gogor kritikatu dute Jaurlaritzak museoaren auziaren gainean izan duen jokaera.
Iazko abenduaren 31n iragarri zuen Txillidaren familiak museoa itxiko zutela, kudeaketa pribatuaren bidetik ezinezkoa zelako museoa ekonomikoki sostengatzea. Martxoaren 18an itxi zuten behin betiko museoa, familiak ez baitzuen akordiorik lortu ez Jaurlaritzarekin ez Gipuzkoako Foru Aldundiarekin.
Txillida Leku irekitzeko nahia azaldu du Urgellek
Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Aldundiak «lehen proposamena» egingo diote Txillidaren familiari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu