Txillidaren filiazio frankista gogoratu egin behar dela uste dute gehien-gehienek

BERRIAren galdeketan parte hartu dutenen %90 inguruk uste dute gogora ekarri behar dela artistak familiaren bidez frankismoarekin izaniko lotura, eta errepublikano bati gaztetan eginiko erasoa.

Screenshot 2024 01 15 (10) Berria eus on X Gogoratu behar al da Txillidaren filiazio frankista Eduardo Txillida artistaren [...]
BERRIA
Edu Lartzanguren.
2024ko urtarrilaren 15a
12:13
Entzun

Gehiengo handia baino gehiago da: %90ren inguruan. Eduardo Txillida artistaren jaiotzaren urteurrena ospatzen ari da egunotan, eta ekitaldi ofizialetan eta hedabide gehienetan argitaraturiko erreportajeetan nabarmena da haren bizitzaren pasarte ilun batzuk ezkutatzeko joera. Eztabaida sortu da horren inguruan, eta BERRIAk galdeketa bat abiatu zuen joan den astean sare sozialetan, irakurle eta jarraitzaileei eskatuta galdera honi erantzuteko: «Gogoratu behar al da Txillidaren filiazio frankista?».

1.126 erantzun jaso ditu galdeketak denera, Twitterren (254), Instagramen (320) eta Telegram (254) sare sozialetan —baliteke erabiltzaile batzuek sare batean baino gehiagotan bozkatu izana—. Twitterren baietz erantzun dute %91,3k; Instagramen, %87k; Telegramen, %93k.

Haatik, gogoratzea ez dela beharrezkoa esan dute %8,7k. Twitterren, %8,7k; Instagramen, %13k; Telegramen, %7k.

Bai edo ez bozkatzeaz gain, BERRIAk eskatu zuen erantzunen bidez jakinarazteko zer ikuspegi duen norberak gaiaz, horretarako aukera ematen duten sareetan.

«Bere jarrera frankista garbitzeko, ekimen batzuk egin zuen, gestorak pro-amnistiaren logoa adibidez. Baina gero berriro bueltatu zen fazismo eta kapitalismoaren aldera!», idatzi du @RAULGARTZIA.

@pax_avant ezizena erabiltzen duen txiolariak, berriz, biografietan halakoak aipatu behar direla esan du, baina ohartarazpen bat egin du: «Zenbat izan ziren fletxilla edo pelaio 1958tik ezker abertzaleetan eta gainerako alderdietan?». Frankismoak haurrak doktrinatzeko erabilitako taldeak ziren Flechas y Pelayos, Alemania naziko Hitlerjugend-en (Hitlerren Gaztedia) estiloan eraturikoak.

Urtarrilaren 10ean jaio zen Txillida, 1924. urtean, eta haren mendeurrena ospatzen ari dira egunotan. Omenaldietan, erreportajeetan, hitzaldietan eta dokumentaletan  sistematikoki ezkutatzen dira haren iraganaren pasarte ilun batzuk, Hedoi Etxarte idazleak berriki salatu duenez.

Esaterako, gutxitan aipatzen dute artistaren aita militarrak Francoren estatu kolpearen alde egin zuela Donostian, eta gero epaile militar bezala aritu zela. Ezkutuan geratzen da, era berean, Txillidaren gaztetako jarrera politikoa eta Parisen gazte errepublikano bati emaniko jipoia, hark bandera frankista kendu nahi izan zuelako.

BERRIAk luze eta zabal aztertu du Txillidaren ondare artistikoa asteburuan argitaraturiko erreportaje berezian: Nor da Txillida gaur?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.