Txina puska bat paper kiribilduan

Martina Dasnoyk 'Edo poetika garaikidea' obra inauguratu du Donostiako Koldo Mitxelenan. Paper txinatarraren gainean egin du lan, Txinara egindako bidaiak gogoan. Ekainaren 9ra arte ikusgai izango da erakusketa

Martina Dasnoy margolaria, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean ikusgai duen erakusketako obren artean. JON URBE / FOKU.
Maider Galardi
Donostia
2018ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Txinako kultura zaharraren ezaugarri nagusietako bat da kaligrafia. Arrozez egindako paperetan idatziak utzi dituzte milaka eta milaka urtetako kondairak, jakintzak, olerkiak, historia puskak... Horiek kiribilduta gorde, eta bermatu dute mendez mende tradizioa iraunaraztea. Txinatik Donostiara, horrelako kiribilak ekarri ditu Martina Dasnoy artistak lan berria egiteko. Ez du kultura txinatarra birsortu nahi, baina paperotan idatzita utzi nahi du herrialde horretara egindako bidaiek izandako eragina. Kiribilak askatuta, kolorez betetako hamar obra bikoitz inauguratu berri ditu Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Ekainaren 9ra arte izango dira ikusgai paper txinatarraren gainean egindako lanak,baita azken urteotan osatutako beste zenbait koadro ere.

Dasnoyk hiru elementu nagusiz osatu du instalazioa. Olioz eta margo akrilikoz margotutako hainbat koadro jarri ditu, baita eskultura edo elementu txiki batzuk ere. Urte luzez parte hartu du Pasaiako (Gipuzkoa) 12cm erakusketan, eta horretarako prestatu izan ditu hainbat lan txiki. Edonola ere, elementu nagusiak sabaitik zintzilik dauden paper txinatarrezko margolan koloretsuak dira. Paper kiribildua moldatu, eta hortxe islatu ditu Txinara egindako bidaiek sortutako emozioak. Argi du Dasnoyk: «Ez dut Txinako kultura zaharra egiten. Kultura horrek eta bidaia horiek nigan izandako eragina islatu nahi izan dut».

Hiru aldiz egon da Dasnoy Txinan, eta hiruretan egin du hilabete baino gehiago han: «Horrek aukera eman dit iparraldetik hegoaldera herrialdea nahiko ongi ezagutzeko». Ikusi du Txinako kulturak izandako bilakaera ere: «Lehen bidaian, ez genituen ikusi kultura zaharrari eskainitako hainbeste museo. Baina sumatu dugu bilakaera; orain, ongi zaintzen dute ondare hori». Gainera, gaur eguneko margolari txinatarren lanak ere bertatik bertara ezagutu ditu.

Azken bidaian, bestalde, Xinjiang eskualdeko monasterio bateko monje batekin hitz egiteko aukera izan zuen, eta hark eskatuta, paper txinatar batean egin zuen koadro bat unean bertan. Horren harira pentsatu zuen paper kiribilduaren gainean sortzea, eta bidaiatik bueltan ekin zion prozesuari.

Horren guztiaren ondorio da Donostian inauguratu duen erakusketa. Batik bat akuarela, tinta txinatarra eta pastel koloreak erabili ditu paper kiribilduan margotzeko. Teknika ez-materikoa erabili du, eta, artistaren esanetan, «poesia piktorikoa» da harena.

Koadroetako forma leunek eta kolore apalek badute beste zenbait artistaren kutsua. Kandinskiren traza suma daiteke batzuetan, baina Dasnoyk baditu beste erreferente batzuk ere: «Zao Wou-Ki artistaren nahasketa ikaragarri gustatzen zait, eta Hellen Frankenthalenen margolanak ere eragina izan du nire lanean». Alegia, Mendebaldeko kulturetako estiloa eta ekialdeko tradizioa uztartzea maite du artistak. Ongi islatzen du hori Egunsentia obrak. Europako edozein etxetako egongela irudikatu du, eta altzari txinatar bat jarri du gelaren erdian.

Musikaltasuna eta poesia

Egongela, merkatua, itsasadarra, mendi aldea... Dasnoyren helburua da modu abstraktu batean lekuan lekuko giroa irudikatzea. Horregatik dio musika eta poesia oso presente daudela bere lanetan. Are gehiago, gaztelania irakasle izan da urte askoan, eta maite du letren eta margoen arteko lotura hori egitea. Horregatik, koadro askoren izenburuek lotura zuzena dute musikarekin: Hori bemola da horren adibideetako bat. Kolore biziz osatutako lana da azken hori, eta zirriborro baten gisara idatzi du bemol hitza. Hain justu, azpimarratu du abstrakturako joera badu ere, azken denboran apurka hurbiltzen ari dela figuraziora berriz ere. Baina ukitu koloretsu eta musikal hori alboratu gabe: «Keinudun pintura da nirea, kolorista inondik ere».

Koldo Mitxelenako ganbaran giro harmoniatsua sortzea izan da Dasnoyren xedea, eta gustura dago lortutako emaitzarekin. Goitik behera zintzilikatutako paper kiribilduek ematen diote freskotasuna gelari, eta inguruko koadroek, berriz, sendotasuna. Bi munduren arteko jolasa, hori ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.