Aljeriako independentzia gerrara bidali zuten Txomin Peillen (Paris, 1932), eta, bakezalea izanda, soldaduska Frantziako armadako Osasun Zerbitzuan egitea erabaki zuen. Harremandu zen gerran zeuden aldeko bateko zein bestekoekin, eta 1960 eta 1961ean zortzi ipuin idatzi zituen, borroka hori muinean daukatenak. Hordago argitaletxeak bildu zituen, eta Aldjezairia askatuta liburua 1982an kaleratu. Haren edizio berritua plazaratu du Txalapartak, 31 urte geroago, Joseba Sarrionandiaren hitzaurrearekin.
Idatzi zirenetik 50 urte baino gehiago igaro diren arren, oraindik ere «guztiz modernoa» iruditzen zaio Mikel Soto Txalapartako editoreari, «bai trataerari, bai ikuspuntuari, baita gaiei dagokienez ere». Hori izan da liburua berreskuratzeko funtsezko arrazoia. Torturaz, kolonizazio harremanez, maitasunaz eta bortizkeriaz mintzo da Peillen, besteak beste. Sotori harrigarria iruditzen zaio nola pasatu den liburua «oharkabean».
Peillen ahalegindu zen protagonisten larruan sartzen idazterakoan, eta arabiera ere ikasi zuen horretarako. Ipuinen erdiak «arabiar edo aljeriar batek bezala» idatzita daude, egilearen iritziz, eta beste erdiak, berriz, frantses ikuspegitik. Saiatu zen gizarte hartan gertatzen ari zena «ezagutarazten». Hordagok liburu batean bildu baino lehenago, Egan eta Saioak aldizkarietan erakutsi zituen ipuinetako batzuk.
Aljeria eta haren geroa izan da Peillen kezkatu duen gaietako bat, eta 2006an, esaterako, Abd el Kader «Aljeriaren sortzaileaz» idatzi zuen (Labayru). Liburu argitaratu berrian barneratu dute artikulu-poesia hura, eta, gainera, Aljerian jakile izeneko artikulua ere gehitu dute, «gaiari buruz esateko daukana horretan biltzen duelako», Sotoren ustez.
Txomin Peillenen 'Aldjezairia askatuta'-ren edizio berritua kaleratu du Txalapartak
Aljerian soldaduska egiten ari zela idatzi zuen, eta hogei urte geroago argitaratu, aurreneko aldiz

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu