Txoriaren arrastoa iraunarazteko

Mikel Laboa gogoan, 'Zazpi aldiz elur' ikuskizun hibridoa prestatzen ari da Tanttaka konpainia

Iñaki Rikarte, Angel Unzu eta Maria Berasarte, zutik; Mireia Gabilondo eta Iñaki Salvador, jarrita. TANTTAKA.
Igor Susaeta.
2014ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Tanttaka antzerki konpainia beti ibili izan da Mikel Laboaren bueltan, Mireia Gabilondoren esanetan. «Gure ikuskizun gehienetan sartu izan dugu haren zerbait». Baina oraingoan ez dira artistaren jiran ibiliko, ez. Kasu honetan, 2008ko abenduaren 1ean zendutako musikaria bera izango da zutabea, hari buruz hitz egingo baitu Zazpi aldiz elur ikuskizunak. Musika, poesia errezitatua, irudiak eta interpretazioa nahastuko ditu. «Laboaren unibertsoa erakutsi nahi duen hibrido bat da». Bernardo Atxagak Erlea aldizkariaren lehen zenbakirako —2009ko urrian kaleratutakoa— idatzitako kantariari buruzko testua dauka oinarrian ikuskizunak. Honela amaitzen da testua: «Haren hitzak, haren kantak, ez daitezela ahaztu, ez daitezela gal, elur gainean txorien hankek utzitako arrastoak bezala...». Hain zuzen, txoriaren arrastoa iraunaraztea da ikuskizunaren helburuetako bat.

Asteon hasi dira prestatzen, Urnietan, Sarobe aretoan (Gipuzkoa) , eta otsailaren12an estreinatuko dute, Gasteizen, Principal antzokian. Gabilondok zuzenduko du —aktore lanak ere egingo ditu, Iñaki Rikartekin batera—, Angel Unzuk gitarra joko du, Iñaki Salvadorrek pianoa, Zumetak propio egindako irudiak proiektatuko dituzte, eta Maria Berasartek kantatu egingo du.

Orain dela urtebete inguru hasi ziren ideia mamitzen, Tanttakakoak Atxagaren Soinujolearen semea eleberriaren egokitzapena antzezten ari zirela. «Atxagak Erlea-n kaleratutako testua oinarri gisa hartuta, elurra metafora moduan erabiliko dugu Mikeli [Laboa] buruz hitz egiteko eta hainbat tokitara heltzeko». Mintzatuko dira psikiatriaz, konfiantzaz, ausardiaz, txoriez, heriotzaz... «Umoreaz ere bai, harentzat oso garrantzitsua baitzen. Hainbat kolore edukiko ditu ikuskizunak».

Zazpi aldiz elur-eko protagonistak oholtzan egongo dira une oro, eta haien asmoa da bostak izatea interpreteak. «Antzerkia edukiko du, bai, baina modu estilizatuagoan eskainiko da». Laboaren kantu eta poesiekin eta obrarako propio sortutako doinuekin emango diote forma ikuskizunari. «Mikel Laboa ezagutu zutenek, edo haren kantuak maite dituztenek, gauza asko gogoratuko dituzte. Eta ezagutzen ez duenak unibertso batekin topo egingo du». Maiatza bitartean hogei emanaldi dauzkate lotuta Tanttakakoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.