Entseguetan dabiltza. Ez zegoen kideen buruan, baina oholtzara berriro igoko dira Urretxindorrak taldekoak, agertoki bat lehen aldiz zapaldu eta 50 urtera. Aitzakia hori hartu baitute haien herrian, Bergaran (Gipuzkoa), taldeari aitortza egiteko. Ekitaldiak antolatu dituzte omenaldi gisa, eta, larunbatean egingo den jaialdian, berriro ere kantuan ariko dira taldea sortu zuten lau lagunetatik hiru: Julio Unamuno, Juan Mari Narvaez eta Gotzon Bikuña —laugarrena, Raul Calvo, 2005ean hil zen—. «Hau segada bat izan da», dio barrez Bikuñak; harrituta baina «oso pozik» hartu dute berria.
Eskolako lagunak ziren Bikuña, Unamuno, Narvaez eta Calvo, eta kanturako afizioa zuten laurek. Zaletasunak elkartu zituen, kantuan aritzeko gogoak. «Hamazazpi-hemezortzi urterekin, gogoa... dena!», oroitzen du Bikuñak. Eta, gogoa sobran bazuten ere, haiek bultzatzeko prest egongo zenik ere ez zen falta izan. Txomin Amasorrain zegoen horien artean. «Oso gizon jator eta euskaltzalea zen. Ganbara batean entseatzen genuen, eta bera beheko pisuan bizi zen. Hitzekin laguntzen zigun. Guk kantu bat asmatu, eta hark orraztuko zuela esaten zigun». Taldekideek sortzen zituzten kantu gehienetako doinuak; hitzak, berriz, haiek asmatutakoak izan ezik, bertso zaharretan topatu ohi zituzten, Aita Onaindiaren Mila euskal olerki eder liburuan asko.
Martxan ziren jada, baina izenik oraindik ez zioten jarri taldeari. Apaiz batek, Serafin Esnaolak, bataiatu zituen azkenean. «Orduko apaizak oso iraultzaileak ziren», dio Bikuñak, barrez. «Entsegu batera etorri zen, eta zein izen genuen galdetu zigun, baina ez geneukan izenik. 'Ba, oso ondo kantatzen duzue, urretxindorrak ematen duzue', esan zigun. Gustatu, eta horrelaxe geratu zen».
Laguntasunak eta kanturako zaletasunak elkartu zuen laukotea, baina, batez ere, garai hartan euskararen aldeko mugimendua hartzen ari zen indarrak eraman zituen taldea osatzera, Bikuñak ondo gogoan duenez. «Guk ere mugimendu hartan sartzea erabaki genuen; kantu batzuk euskaratu, beste batzuk sortu, olerkari batzuenak hartu... horrelaxe sortu genuen taldea. Hori zen helburua, halaxe sortu ziren gauza hauek denak». Eta akuilu nagusia euskararen alde zerbait egitea izanik, ez da harritzekoa lehen aldiz ikastolaren aldeko jaialdi batean igo izana oholtzara. 1966. urtea zen. «Bergaran izan zen, herriko jaien inguruan. Euskararen alde jaialdi bat egin zen, eta hantxe eman ziguten kantatzeko aukera. Guretzat, oso pozgarria izan zen, zeren, guretzat, Benito [Lertxundi], Xabier [Lete], Lourdes [Iriondo] eta horiekin kantatzea...kristoren ohorea zen; mutiko batzuk ginen! 17-18 urte genituen!».
Ehunka kantaldi etorriko ziren ondoren. Asteburuero herriz herri ibili ziren lau lagunak, gelditu gabe. «Urte batzuk izugarriak izan ziren; agian, larunbatez jaialdi batean izaten ginen, eta, igandean, goizean batean eta arratsaldean beste batean... Gipuzkoan ere bai, baina Bizkaian ibili ginen asko. Nahiz eta garai hartan euskaraz gutxi egiten zen, euskal giro handia zegoen». Arrakasta handia izaten zuten kantaldietan: lagun asko biltzen ziren. «Azken finean, kantatutako mitinak ziren. Jendeak gogoa zuen, ez zegoen besterik, eta, jaialdi bat bazegoen, denak saldoan joaten ziren. Egun batez, Lekeition, kristoren manifestazioa egin zen jaialdia bukatzean, baina bat-batekoa! Aitorren hizkuntza zaharra azkena jo genuen, jendea berotu egin zen, eta denak atera ginen, kantariak eta publikoa... Orduko gauzak ziren», dio, irribarrea galdu gabe.
10.000 disko-jogailu bai?
«Garai gogorrak, baina oso politak» izan ziren haiek Bikuñarentzat. Zentsura aipatu du alde ilunen artean, taldeak ere sarri jasan zuena. «Eragozpen asko zeuden. Jaialdi guztietarako, kantu guztiak aurkeztu behar ziren; eramaten zenituen hogei, eta bi edo hiru kantatzeko baimena ematen zizuten agian, haiek esaten zituztenak, edo kantatzea debekatu...». Diskoetan ere jasan zuten halakorik. «Adibidez, lehen diskotik, gure kantu enblematikoena zen Aitorren hizkuntza zaharra grabatu ahal zen, baina, gero, irratiek ezin zuten eman».
Zentsurak zentsura, ehunka kantaldi eman zituzten, eta bost disko grabatu. «Bi disko egin nahi genituen, eta baimena eskatu genuen LP bat egiteko, baina ez ziguten eman, eta beste hiru txiki atera genituen; denera, bost. Denetan Madrilera joan ginen grabatzera, eta bueno... guretzat, lau kakamutiko Bergaratik Madrilera joatea demasa zen!». Cinsan grabatu zituzten lan guztiak, Xabier Gereñorekin, eta milaka ale saldu, orduan batere ohikoa ez zena. «Lehen diskotik 10.000 ale saldu zirela esan ziguten, pentsa... Joxe Mari Iriondok esaten zuen bezala, ez dakit Euskal Herri osoan egongo ote ziren 10.000 disko-jogailu! [barrez] Izugarria izan zen». Zein izan zen arrakastarako sekretua? Hitzen indarra, orduko giroa eta kantaera aipatzen ditu Bikuñak. «Euskara gose izugarria zegoen, eta hitzak ziren balio zutenak. Horrek eman zigun indarra guri, Aitorren hizkuntza zaharra kantuak, batez ere. Eta, gero, oso alai kantatzen genuela; jendearekin segituan kontaktatzen genuen».
Baina taldeari ere iritsi zitzaion amaiera. «Badakizu, lan kontuak eta... betikoa». Gerora elkartu ziren tarteka; Bergaran, 1991ko Kilometroetarako, kasurako. Calvo hil zenetik, ordea, ez ziren elkartu. «Eta, orain, hemen gabiltza berriro, entseatzen, ea behintzat dezente samar ateratzen den», barrez, berriro ere, Bikuñak. Xabier Olabarriarekin osatuko dute laukotea oraingoan. Harrituta, baina pozik hartu dute herrian egingo dieten omenaldia. «Sinestezina da guretzat, gehiegi. Alde batetik, kristoren poza ematen dizu, baina, bestetik, konpromisoa ere bai... baina pozik gabiltza». Entseatzen geratu dira, urretxindorren doinuak atzera probatzen.
Txorien kantuak, mende erdi
Orain 50 urte egin zuen Urretxindorrak taldeak lehen emanaldia. Frankismo garaiko euskal talde kutunenetako bat izan zenari aitortza egingo diote Bergaran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu