Donostiako 60. Zinemaldia

Uda luzatu zitzaien

'To Say Goodbye' filmak 36ko gerran Euskal Herritik Ingalaterrara bidalitako haurren historia kontatzen du

Erdian, Maria Luisa Toole, 1937an Euskal Herritik Ingalaterrara bidali zuten haurretako bat, Izaskun Arandia gidoilari eta ekoizlearekin eta Jose Luis Rubio koproduktorearekin. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Gernikako bonbardaketak eragindako espantuak erabaki irmo bat hartzera behartu zituen Euskal Herriko hainbat guraso: seme-alabak atzerrira bidaltzea, harik eta egoerari traza lasaiagoa hartu arte. 1937ko uda partean, Santurtziko portuan, «lasai, laster zarete hemen» eta gisako esaldiak entzuten ziren, eta giro horretan abiatu ziren 4.000 ume inguru zenbait itsasontzitan, horietatik 250 Ingalaterrara, hiru hilabetean itzuliko zirela sinetsita. Matt Richardsen To Say Goodbye animaziozko filmak 36ko gerrako pasarte ahantzietako bat berreskuratu du, parentesia behar zuena luzatu eta75 urteren buruan han jarraitzen dutenena, hain justu ere.

Kanpamenduetan jaso zituzten lehenik; jatekoa eta jostailuak eman zizkieten han. Zenbaitek, ogi zuria gorde nahi izan zuten, etxerakoan eramateko. Itsasoz bestalde, baina, ez zen berri onik: nazionalek menpean zituzten errepublikanoak. Haurrak Ingalaterra osoan zehar barreiatu zituzten, familia etxebizitzetan, karitatezko erakundeetan eta gisakoetan. Izan ziren gerra amaitzean etxera itzuli ziren batzuk. Izan ziren orobat etxera itzuliz gero inor topatuko ez zuketen beste hainbat.

«Gutaz ahantzi dira», esan zion Paco Roblesek Izaskun Arandiari iazko azaroan, azkenetan zela. Ingalaterrara bidali zutenetako bat zen Robles. Ezetz zin egin zion Arandiak, eta film baterako gidoia idazten hasi zen. Hala, identitatearen galera da To Say Goodbye-n lantzen den gai zentrala. Hori, eta iraupen fisiko zein emozionala. «Miresgarria iruditzen zait hain haur txikiek nola gainditu dezaketen trauma hori, noiz itzuliko diren ez jakiteak sortzen duen segurtasunik eza», dio Arandiak.

Proiektuak, izatez, atzerago du hazia, ordea. Richardsek egina zuen dokumental bat Espainiako gerra zibilera laguntzera joandako Ingalaterrako brigadistei buruz, eta tartean sartu zuen Euskal Herritik ebakuatu zituztenen fikziozko pasarte bat, Arandiari bereziki interesatu zitzaiona. Gaiaren atzetik aztarrika, Alicia Pozok Southamptongo Unibertsitatean egindako ikerketa baten berri izan zuen. Ingalaterran bizirik gelditzen zirenak elkarrizketatu zituen Pozok, eta Arandiak audioak entzun zituenean hain iruditu zitzaizkion hunkigarriak, ezen proiektua zeharo aldatu baitzuen: «Ahots horiek berak nahi nituen filmean». Unibertsitateak elkarrizketak erabiltzeko baimena eman zienez, haiek entzuten pasaru zituen orduak, eta ohartu zen hizlari guztiek gogoratzen zituztela une traumatiko ia berberak: itsasontziko agurra, bidaian gaixotu zirenekoa... Bazen ildo komun bat hitz haietan guztietan, eta horri segika eraiki zuten gidoiaren bizkarrezurra. Hala ere, off-eko ahotsekin osatutako dokumentaletan hain ohikoak diren eszenen errekonstrukzioetatatik urrundu nahi zuen, eta gisa berean jende gaztearengana ailegatu, «horiek direlako gaiari buruz gutxien dakitenak eta behar handiena daukatenak».Hortaz, Richardsi galdegin zion, eta hark ondorioztatu zuen animazioa erabiltzea zela egokiena.

Nola homogeneizatu filma

Ian Harrold arduratu da animazioa sortzeaz, eta eredu garaikideak hartu ditu erreferentzia gisa, helduentzakoak gehienbat. Ari Folmanen Waltz with the Bashir eta Marjane Satrapiren etaVincent Paronnauden Persepolis-eko estetikara hurbiltzen saiatu dira, eta, era berean, artxiboko irudiak sartu dituzte, «erakusteko benetan gertatutako zerbait dela». Artxiboko irudiok, ordea, askotariko filtroz ukitu dituzte, animazioarekin kontrastean egon ez zitezen.

Audioan ere lan handia egin behar izan dute guztia homogeneizatzeko. Jose Luis Rubio koproduktoreak azaldu duenez, iturri oso desberdinetatik hartu dituzte ahots grabazioak. «Tabernan grabatuak ziren batzuk, sukaldean besteren bat, plater hots artean... Sekulako lana egin behar izan dugu errestaurazioan». Animazioei laguntzeko erabilitako soinuak ere garai hartakoak direla ziurtatu du Rubiok; orduko hegazkinen motor zaratak eta armen tiro hotsak erabili dituzte.

Oraingoz, jakinarazi diete Zineuskadiko euskarazko zirkuituan sartu dela, eta zenbait jaialditan ere ikusi ahal izango da. Arandiak, hala ere, baditu proiektu gehiago martxan. Orain, euskarazko bere lehen fizkiozko gidoia amaitzea du buruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.