Udaberria heldu da museora

David Hockney artista ingelesak azken urteotan sortutako paisaiak bildu dituzte Bilboko Guggenheim museoanUrtaroek naturan eragiten dituzten aldaketak aztertu ditu bere lanetan

Bilbo
2012ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bidean bizi da gizakia, eta, aurrera egin ahala, askotariko paisaiak ikusteko aukera izaten du. Batzuek sorterritik kanpo egiten dute ibilbidearen zati bat, baina haurtzaroko eta gaztaroko paisaiak bihotzean gordetzen dira betiko. Sorterriak nola edo hala pertsonen identitatea moldatzen du, norberaren kode genetikoaren parte bihurtzen da, eta ezinezkoa da gogotik kentzea. Urte asko eman zituen David Hockney (Bradford, Ingalaterra, 1937) artistak atzerrian; Kalifornia (AEB) aldera egin zuen alde 24 urterekin, eta berton hiru hamarkada eman zituen, Ingalaterrako eguraldi euritsutik urrun, hiri handi batean. Baina mende berriaren lehen urteetan, Yorkshirera bueltan, bere haurtzaro eta gaztaroko paisaiak berraurkitu zituen, eta horiek pintatzeri ekin zion. Bertoko Wolds-ak irudikatzen dituzten 200 lan inguru bildu dituzte Bilboko Guggenheim Museoan, David Hockney: Ikuspegi zabalago bat erakusketaren bidez. Lanak irailaren 30ra arte ikusi ahalko dira, museoko 2. solairuko aretoetan.

Bere herrialdera bueltan, urtaroek hango paisaietan duen eraginarekiko interesa piztu zitzaion artistari, eta hango parajeak pintatzen aritu da ordutik, argiak eta eguraldiak horietan eragiten dituen aldaketak irudikatuz. 2005 eta 2009 artean sortutako artelan horien inguruan egituratu dute erakusketa, eta aurreko hamarkadetan pintatutako zenbait paisaia ere ikus daitezke. Guztira, artistaren espazioaren, kolorearen eta perspektibaren inguruko kezkak azaleratzen dituzten 190 lan bildu dituzte. Formatu handikoak nagusi badira, tamaina txikiko zenbait ere ikus daitezke. Besteak beste, oleoak, ikatz-marrazkiak, akuarelak, zirriborro koadernoak, argazki-collageak, bideo digitalak eta iPad-ekin sortutako marrazkiak ikus daitezke. Bilboko Guggenheim Museoak antolatu du erakusketa, Londoneko (Britaina Handia) Royal Academy of Arts eta Coloniako (Alemania) Museum Ludwig-ekin batera.

Lanak zenbait multzotan banatu dituzte, artistak paisaiak irudikatzeko erabilitako baliabide eta motiboen arabera. Basoko bideetan agertzen den tunelaren ideia, Woldgateko basoa, urtaroen igarotzea, udaberriko loratzea eta zuhaitz totemikoak dira motiboetako batzuk. Horietan guztietan bideak ezinbesteko garrantzia du. Erakusketako lanen arteko ikusgarriena da The Arrival od Spring in Woldgate, East Yorkshire in 2011 (Udaberriaren etorrera Woldgaten, Yorkshireko ekialdean 2011n). Oleoz pintatutako 32 mihisez osatutako instalazio erraldoi batek eta iPad gailu bat erabiliz sortutako 51 marrazkik osatzen dute lana. Kolorearen eta argiaren erabilera trebea egin du Hockney horietan, eta ikusleak udaberrira ihes egiten du berehala, giro magiko batera: «Maitagarrien ipuinen zaudela dirudi», azaldu du Edith Devaney erakusketako komisarioak.

Formatu handia hautatuta, artistak leihoaren ideiatik aldendu nahi izan duela argitu du Devaneyk: «Hockneyk tamaina handiko lanak pintatzen ditu, aukera hori duelako, baina, batez ere, paisaiaren inguruko zerbait esan nahi duelako. Perspektibaren erabileraren bidez, leiho batetik begirarazi beharrean, koadroan sarrarazi nahi du ikuslea», argitu du.

Formatu txikiko zenbait akuarela eta oleoek zabaltzen dute erakusketa. Artistak Yorkshirera bueltan margotutako lan hauetan, erakusketako beste lanetan errepikakorrak diren gaiak aurreikus daitezke: naturak, bideak eta urtaroak paisaian dituzten eraginak, besteak beste. Batera kokatu dituzte, lan erraldoi bi osatuko balituzte bezala; Midsummer: East Yorkshire (Uda erdialdea: Yorkshireko ekialdea) serieko akuarelak, batetik, eta bertoko uda eta udazkena irudikatzen dituzten oleoak, bestetik. Hockneyren emankortasun artistikoa utzi nahi dute agerian, lanak batera erakutsita. Izan ere, artistak ordu luzeak ematen ditu lanean, eguneko argiak eta baldintzak baliatzeko asmoz, eta lan asko pintatzen ditu.

Ikuspegi zabalagoaren bila

Serie bietako lanak pintatu aurreko urteetan, kameraren erabilerak artearen historian izandako garrantziaren inguruko ikerketa egin zuen artistak. Haren ustez, XV. mendetik, kameraren erabilerak izugarrizko garrantzia izan zuen perspektibaren erabileran. The secret Knowledge: Rediscovering the Lost Techniques of the Old Masters (Jakinduria sekretua: Artista zaharren teknika galduak berraurkitzen) ikerketa biltzen duen liburua argitaratu ostekoak dira akuarelak eta oleoak. Kameraren eraginetik ihes egiteko asmoz, artistak naturaren behaketa zuzenari ekin zion, ikuspegi zabalagoaren bila. Ikuspegi zabal horren bilaketa igartzen zaie erakusketako lan guztiei.

Ikuspegia zabaltzeko asmoa izan zuen, halaber, bederatzi kamera digitalekin konposatutako bideo irudien bidez sortutako «margolanetan». Horietan, 18 pantailetan proiektatutako bideolanen bidez mugimenduan diren paisaien irudi ederrak sortu ditu Hockneyk.

Aurreko mendeetako artista handien lanen eragina oso azalekoa da haren paisaietan. Bereziki estimatzen ditu Rembrandt eta Monet, eta haien lanetik ekarritako ikaspenak bere obran islatu ditu. Baina koadroek, batez ere, margolari ingelesak bere haurtzaroko paisaiekin duen harremana uzten dute agerian. Izan ere, Hockneyk azaltzen duen bezala, irudi guztiak subjektiboak dira, begiratzeko modu guztiak ere subjektiboak direlako. Naturaren behaketa zuzenaren bidez margotutako lanak dira horietako batzuk; estudioan pintatutakoak, besteak.

Paisaien testuinguru zaharra

Azken urteetako lanak haien testuinguruan kokatzeko asmoz, 1956etik 1998ra bitarteko zenbait lanen aukeraketarekin osatu dute, naturaren irudikapenak bere ibilbidean izandako garrantzia azpimarratzeko. Hala, 50eeko hamarkadako azken urteetako eta 60ko hamarkadako hasierako zenbait lan ikus daitezke. Horien artekoak ditu 80ko hamarkadan sortutako bere joiners izeneko foto collage ospetsuetako batzuk. Perspektibaren eta mugimenduaren inguruko ikerketa egin zuen Hockneyk 80ko hamarkadan horien bidez. Joiners-ak, ehunka argazkiren bidez osatutako irudiak dira; horietan, espazioaren bestelako tratamenduaren bidez, denboraren dimentsioa gaineratzen die irudiei. Hala, gizakiaren begiratzeko modura gerturatzen da, eta argazkiaren uztezko objektibotasunaren gezurra agerian uzten du. Guggenheim museoan, beste batzuen artean, Pearlblossom Highway, 11-18 April 1986 #1 (Pearlblossomeko autopista, 1986ko apirileko 11-18, #1) lan ospetsua ikus daiteke.

Sormen handiko aldia

Duela bost urte, Londresko Royal Academyko ordezkariek bere paisaien inguruko erakusketa egin nahi zutela azaldu ziotenean, artistak gogotsu hartu zuen proposamena, eta buru-belarri ekin zion lan berriak sortzeari: «Niretzat estimulu handia izan zen. Sormen handiko garaia izan da, oraindik ere bada, horren inguruko lanak sortzen jarraitzen dut», azaldu du Hockneyk Bilboko Guggenheim Museoan emandako prentsaurrekoan. Buru-belarri aritu da azken asteotan erakusketa muntatzen, eta, azaldu duenez, oso pozik geratu da azken emaitzarekin. Londresko Royal Academytik ekarri berri dute Bilbora, eta, lanak berton erakusteko sortu bazituen, Bilboko museoan erakusketa ederra osatzeko baldintzak izan dituela argitu du. Haren iritziz, Bilboko erakusketa eta Londreskoa kalitate berekoak dira.

Artistaren prozesu kreatiboaren inguruan ikasteko aukera zabalduko duten gune didaktiko bik osatzen dute erakusketa. Horietako batean, artistaren lanaren inguruko testuak eta material didaktikoa bildu dituzte. Hala, Hocneyk teknologia berriekin egindako saioen inguruan ikasteko aukera izango dute ikusleek. Horiekin batera, artistak operarentzat sortutako zenbait eszenografiak ikusteko aukera dago, eta haren bizitza eta lanaren inguruan Bruno Wollheimek zuzendutako A Bigger Picture bideo-dokumentala ikusteko aukera ere badago. Bigarren gunean, berriz, artistaren inguruko bibliografia zabala jarriko dute kontsultarako. Erakusketa osatzeko bidean, museoak zenbait ikastaro eta hitzaldi antolatuko ditu, horien artekoa izango da iPaden sortzeko hastapeneko ikastaroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.