Udaberriko baso biziak

Alejandro Lochek olioz pintatutako paisaiak eta Nuria Unzurrunzagak alanbrez eta paperez sortutako zomorroak ikusgai daude Donostian

Nuria Unzurrunzaga eta Alejandro Loche, atzo, Donostiako Ekain Arte Lanak galerian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2015eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Udaberria bete-betean sartu da Donostiako Ekain Arte Lanak galeriara. Alejandro Lochek pintatutako baso argitsuek eta Nuria Unzurrunzagak sortutako paperezko eskultura zein marrazkiek hartu dituzte galeriako hormak. Zelai berdeak, zuhaitzetako hostoen artetik sartzen diren eguzkiizpiak eta askotariko zomorroak nonahi ikus daitezke egunotan, bi artistek Basabizia izenburupean jarritako erakusketan. Maiatzaren 30a arte izango da ikusgai.

Akuarelaz eta monotipo txikiz osatutako serie bana, eta hamahiru olio pintura eraman ditu Lochek erakusketarako, eta guztietan basoetako paisaiak ageri dira. Badira Euskal Herriko batzuk, Artikutza (Nafarroa) nahiz Herrerako (Araba) inguruak irudikatzen dituztenak, baina baita beste lurralde batzuetakoak ere, Asturias, Soria zein Errioxako parajeak (Espainia) kasu. Artistak onddo, gaztaina zein basaran bila joatean topatutakoak, argazkietan harrapatu eta, ondoren, patxadaz margotutakoak. «Jada ez dut tokian bertan lan egiten; orain, gustuko dudan leku bat aurkitzean, ehunka argazki ateratzen dizkiot, eta gero, gustukoena oinarri hartuta margotzen dut».

Pieza bakarrean ondu ditu batzuk, eta diptiko moduan beste zenbait. Hainbat obratan aldi berean aritzen da lanean. Hiruzpalau urte eman ditu erakusketako lanekin, eta orain gutxi amaitu ditu gehienak. «Olioak dira, baina akrilikoarekin hasten naiz margotzen, urtsuagoa, leunagoa gera dadin. Behin akrilikoarekin orbanak egin ditudanean, bernizekin dena suntsitu-edo egiten dut, eta gainean olioekin hasten naiz, beste edozein margorekin ezin baita lortu olioekin adinako kalitaterik ez argitasunik». Pintzelkada motzez, biziz aritzen da tarteka —belardiak irudikatzeko, adibidez—, margoa oihalaren gainetik arrastaka ibiltzen du besteetan... Paisaia bakoitzak eskatzen dionaren arabera.

Margolan gehienetan agertzen da pertsonaren bat, zuhaitz artean paseatzen edo erreka bazterrean arrantzan. Baina batzuei, giza aurpegia beharrean, otso nahiz azeri burua marraztu die Lochek. Azalpen bakarra du horrek, haren hitzetan: «Nire senideak izaten dira, eta aspertuta daude jada nire margolanetan agertzeaz. Horrela, gainera, ipuin kutsua ere hartzen dute lanek; izan ere, baso hauek hain dira ederrak, ipuinetako basoak baitirudite».

Sorgin-orratzak, muskerrak...

Bertako izaki bizidun txikiei erreparatu die Nuria Unzurrunzagak basoan Locherekin eginiko paseoetan, eta horietan oinarritu ditu bere sorkuntzak. Dozena bat marrazkitan, kakalardoak, matxinsaltoak eta bestelako zomorro hegodunak irudikatu ditu, koloretako arkatzez, tintaz nahiz beste hainbat teknika nahastuz. Batzuk egurrezko kaxa txiki batzuen barruan jarri ditu, eta, irudia biratuz, zomorroaren aurrealdea eta atzealdea ikus daitezke. Marrazkiez gain, grabatu batzuk ere badira.

Baina ez dira marrazkiak ondutako guztiak. Alanbrez eta zeta paperez sortutako hamar eskultura ere badira erakusketan, galeriako hormetan gora ibiliko balira bezala. Sorgin-orratz batez gain, muskerrak eta sugandilak dira gehienak; batzuk asmatuak, besteak errealistagoak, benetako izakian oinarrituak... «Interpretazioak dira azken batean», artistak dioenez. Oinarrian alanbrea dute, egunkari paperean bildua, eta ondoren, zetazko paper zati txikiekin eraiki die azala, pixkanaka, geruzaz geruza. Kolore bizikoak dira, eta bakarrari eman dizkio margo zertzelada batzuk.

Sorkuntzetarako gaiak hautatzean, bizilekuak eragina duela uste du Unzurrunzagak. Donostiarra da (1965), Errusian jaioa Loche (1955), eta urtetan Menorcan (Herrialde Katalanak) bizi ostean, Logroñon (Errioxa, Espainia) bizi da artista bikotea egun. Arte zein marrazketa irakasle egiten dute lan, eskola banatan. «Menorcan itsasoa, txalupak, arrainak eta halakoak gehiago marrazten nituen, adibidez», dio Unzurrunzagak. Itsasoa pintatzeari ekingo diola aipatu du, bere aldetik, Lochek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.