Udako jazz printzak

Getxoko jaialdiarekin hasiko da jazz denboraldia, uztailaren 2an, eta Gasteiz eta Donostiakoa iritsiko dira gero.Bobby McFerrin, Chick Corea eta Jack DeJohnette ariko dira

Ilargi Agirre.
2014ko ekainaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Uda iristear da, eta horrekin batera jazza ere bai. Getxoko, Gasteizko eta Donostiako jazzaldiak izango dira laster, eta estilo horretan jarduten duten mundu osoko musikari handiak entzuteko aukera egongo da. Getxoko Jazzaldiarekin hasiko da jazz denboraldia, uztailaren 2tik 6ra; Gasteizek hartuko dio lekukoa, uztailaren 14tik 19ra, eta Donostiakoa etorriko da ondoren, uztailaren 23tik 27ra. Bobby McFerrin, Chick Corea, Michel Camilo, Jack DeJohnette eta Chucho Valdesek joko dute, batzuk aipatzearren.

Jazz jaialdiek turismo handia erakartzen dutela adierazi zuen atzo Donostian Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo sailburuorde Itziar Epalzak. Jazzaldietako hiru zuzendariek, Miguel Martinek (Donostia), Iñaki Saituak (Getxo) eta Iñaki Añuak (Gasteiz) jaialdietako egitarauak aurkeztu zituzten.

GETXO. ANIZTASUNA ARDATZ

Getxoko Nazioarteko 38. Jazzaldia izango da aurten. Jaialdiak aurreko urteetako ezaugarri nagusiak mantendu dituela adierazi zuen Iñaki Saitua zuzendariak: «Musika aniztasuna, kalitatea eta musikari gazteei ematen diegun babesa. Horiek dira gure hiru zutoinak». Laguntza horren adierazlerik argiena taldeen lehiaketa dela gaineratu zuen. Aurten laurogei taldek parte hartu dute, eta horietatik lauk jazzaldian joko dute. Algortako Bihotz Alai plazan egingo dituzte kontzertu gehienak, eta, urtero bezala, kontzertuekin batera jam session ugari antolatu dituzte.

Uztailaren 5a izango da jaialdiaren egunik garrantzitsuena. Michel Camilo pianistak joko du egun horretan. Jazz latinoan maisua da Camilo, baina musika klasikoan ere jardun du. Why Not! abestiarekin lortu zuen arrakasta, eta On Fire, On the Other Hand eta Live at the Blue Note dira haren diskorik esanguratsuenak. Iaz grabatu zuen What's Up azken diskoa.

Lehendabiziko egunean Natalia Dicenta abeslaria arituko da. Colours bere diskoko kantuak taularatuko ditu. Aktore gisa ere ezaguna da Dicenta, telebistan eta antzerkian jardun baitu. Jazza, bluesa, swinga, boleroak eta rhythm and bluesa lantzen ditu.

Jack DeJohnette bateria jotzailea uztailaren 3an iritsiko da Getxora. XX. mendeko bateria jotzaile handienetako bat da DeJohnette; Miles Davis, Sonny Rollins, Freddie Hubbard, Keith Jarrett eta John Scofieldekin aritu da, besteak beste. Bere talde propioak ere izan ditu, eta pianista eta konpositorea ere bada. Sound Travels bere azken laneko abestiak aurkeztuko ditu.

Hiromi Uehara pianista japoniar gazteak hartuko dio De Johnetti lekukoa, bere hirukotearekin. Uehara gero eta sona handiagoa hartzen ari da. Energiaz betetako kontzertuak eskaintzeaz gain, birtuosismo handikoa da. Jazza, rock progresiboa, fusioa nahiz musika klasikoa jo ditzake. Aurten atera du azken diskoa: Alive.

Flamenkoa eta jazza uztartuz amaituko dute jaialdia Getxon, Diego El Cigala-ren kontzertuarekin. Camaron de la Islaren oinordeko gisa hartu izan dute El Cigala. Bebo Valdes piano jotzailearekin batera, Lágrimas Negras diskoa kaleratu zuen 2002an, eta izugarrizko arrakasta lortu zuen. Geroztik makina bat atera ditu. Romance de la luna Tucumana da azkena.

Algortako Geltoki plazan musikari gazteen kontzertuak antolatu dituzte egunero. Juan Ortiz Quartet, David Pastor & Nu-Roots, ¡Zas! Trio, Artur Tuznik Trio eta The Groove Investigators Quartetek joko dute.

GASTEIZ. OMENALDIAK

«Esklusiba eta topaketa handiak izango dituen jaialdia izango da aurtengoa ere», esan zuen Iñaki Añua Gasteizko Jazzaldiaren zuzendariak atzoko aurkezpenean. Paco de Lucia gitarrista omenduko du Gasteizko 38. Jazzaldiak aurten; izan ere, joan den otsailaren 26an hil zen Paco de Lucia. Egunero, antzoki nagusian Luciak berak Arabako hiriburuan emandako bost kontzertu eskainiko dituzte pantaila batean. Tartean daude Chick Corea eta Chano Dominguezekin jo zituenak. Eguerdian izango dira emanaldiak. «Familiak ez zuen nahi haren izena sarrerak saltzeko erabiltzerik, eta, horregatik, doan izango dira», gaineratu zuen Añuak. Iaz, murrizketen ondorioz, bi egun gutxiago izan zituen jaialdiak, eta aurten, egun bat berreskuratu ahal izan dute.

Gospelarekin hasiko da jaialdia, Take 6 taldearekin, uztailaren 14an. Orain arte sari gehien eskuratu duen abeslarien taldea da Take 6 —hamar Grammy ditu—. Hurrengo egunean, Chano Dominguez eta Niño Joselek Chano y Josele diskoa aurkeztuko dute elkarrekin.

Noa abeslari israeldarra eta Miguel Poveda kantari kataluniarra elkartuko dituzte oholtza gainean, uztailaren 16an. Hain justu, duela 20 urte izan zen Noa Gasteizen lehen aldiz.

Uztailaren 17an, Louis Armstrong musikaria omenduko dute. Dr. John pianista ezaguna izango da omenaldian gidari lanak egingo dituena, eta New Orleanseko hainbat musikariz lagunduta egongo da. Tartean izango da, Toy Andrews Trombone Shorty ere. Down Beat aldizkariak tronboi jotzaile onena izendatu du duela gutxi, eta jazz klasiko, soul, funky eta hip hop estiloetan mugitzen da. Jeff Beck, Lenny Cravitz, edota Dave Mathews Bandekin jo du, besteak beste, batzuk aipatzearren.

Hurrengo egunean, Richard Bonaren laukote entzutetsuak joko du, eta Paul Ankak Rock Swings ikuskizuna eskainiko du. «Bere alabei eskatu zien gustatzen zitzaizkien abestiak aukeratzeko, eta jazzera moldatu zituen. Gazteengana iristea zen asmoa, eta lortu zuen», adierazi zuen zuzendariak. Big Band batek Bon Jovi, Nirvana, REM eta halako taldeen kanta ospetsuenak joko ditu.

Azken egunean, musikari handi batekin amaituko dute jaialdia. Chucho Valdes pianista kubatarrak kontzertu berezi bat emango du, Buena Vista Social Club orkestrarekin batera. «Udazkenean hasiko dira formatu horretan biran, baina Gasteizen emango dute euren lehen kontzertua», esan zuen Añuak.

DONOSTIA. 107 KONTZERTU

Donostiakoa bost egunez egingo da, eta aurtengoa 49. aldia izango da. Ekainaren 27an jakinaraziko dute programazio osoa, baina jada jakitera eman dituzte izenik gehienak. «107 kontzertu antolatu ditugu, eta horietatik 83 doan izango dira. Hamalau oholtza erabiliko ditugu», esan zuen atzo Miguel Martin zuzendariak.

Ray Davies rockeko izarrak irekiko du jazzaldia, Zurriolako agertoki berdean. The Kinks 60ko hamarkadan sortutako taldeko liderra izan zen Davies, eta azken urteetan bakarka jarraitzen du. «Abesti txar bakar bat ere ez duela egiten esan izan da. Kanta zoragarriak egiten dituela uste dut nik», azaldu zuen Martinek. George Clintonek joko du Daviesen ondoren. Funk estiloan mugarria da Clinton, James Brown eta Sly Stonerekin batera. Parliament/Funcadelic taldearekin jo izan du azken 40 urteetan. Hogei musikari inguru bilduko ditu oholtza gainean.

Uztailaren 24an, Bobby McFerrin ariko da, Trinitate plazan. Jazzeko abeslari ospetsuenetako bat da McFerrin; nahi bezala erabiltzen du ahotsa. Herbie Hancok, Winton Marsalis eta halako artistekin lan egin ondotik, bakarkaka jarraitu zuen ibilbidea. Don't Worry Be Happy abesti mitiko eta Simple Pleasures (1988) diskoarekin lortu zuen gailurra. Hiru aldiz izana da jazzaldian, eta aurten, Spirityouall gospel ikuskizunarekin itzuliko da. Horrez gain, Echo & Bunnymenen rock iluna eta Deloreanen dantzarako musika ere entzun ahal izango dira egun horretan, batzuk aipatzearren.

Uztailaren 25ean, Chick Corea pianista eta Stanley Clark baxu jotzaile historikoek joko dute, Kursaalean. Return to Forever talde historikoan aritu ziren biak, jazz fusion jorratzen zuten, jazza eta rocka uztartuz, eta Miles Davisek irekitako bideari jarraitu zioten. Norbere aldetik ere ibilbide oparoa dute, edonola ere. Aurretik bi aldiz izanak dira jazzaldian elkarrekin, Return to Forever taldearen kantuak joz, eta oraingoan ere horixe egingo dute. Berrikuntza batekin, ordea: biak bakarrik egongo dira akustikoan.

Bestelako proposamena izango da Nicholas Payton tronpeta jotzailearena. Sketches of Spain: Nicholas Payton & L'Instrumental de Gascogne izenburupean, Miles Davisen eta Gil Evansen Sketches of Spain diskoa berrinterpretatuko dute, Trinitate plazan. John Scofield gitarristak joko du haren ondoren, Uberjam bandarekin batera. Überjam Deux 2013an kaleratutako diskoa aurkeztera etorriko da. The Horrors taldearekin amaituko da eguna, Zurriolako agertoki berdean.

Asteburuak ere jazzez bustita jarraituko du Donostian. Uztailaren 26an, jazzaren historian eragin handia izan duen Sun Ra omentzen duen orkestrak joko du. Pianista, hainbat big banden liderra eta pentsalaria izan zen Ra. Hogeita lau musikarik gurtuko dute, hainbat dantzari eta malabaristarekin batera. Dave Holland kontrabaxu jotzailea entzun ahal izango da, halaber. Miles Davis, Chick Corea, Herbie Hancock, Path Metheny, Steve Coleman eta halako jenioekin lan egin du Hollandek. Prism proiektua aurkeztuko du, beste hiru musikarirekin batera. Egun horretan, Toshiko Akiyoshi eta Lew Tabackin Quartetek joko dute Kursaalean eta L'Orchestres d'Hommes Orchestres ezagutzeko aukera ere egongo da.

Azken egunean, Dee Dee Bridgewater abeslariarekin gozatu ahal izango da. Bluesa, scata, eta estandarrak nahasten ditu eta Midnight Sun diskoa kaleratu zuen 2011n.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.