UDAZKENEKO LIBURUAK. ESKAINTZA OROKORRA. Denetarik Durangon, pisu eta arin

Idazle ezagun askoren liburu berriak argitaratuko dira hurrengo asteetan, Durangoko Azoka baino lehen

Juan Luis Zabala
2008ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Sei aste baino ez dira falta Durangoko Azoka has dadin. Horrenbestez, han eta hemen gero eta sarriago entzuten da urteroko galdera: «Zer liburu berri daude aurten Durangorako?». Eta Durangon, beti bezala, liburu berri asko izango da, genero ia guztietakoak, gaien eta taxueraren aldetik ere denetarikoak, batzuk oso egile ezagunek idatziak, beste batzuk opera prima-k edo egile ez horren ezagunek idatziak. «Denetarik munduan, pizu ta arin», dio Gotzon Garate idazle zendu berriak bildutako atsotitz batek. «Denetarik, Durangon, pisu eta arin» esaterik ere balegoke.

Aurtengo zerrendan Xabier Leteren Egunsentiaren esku izoztuak (Pamiela) da liburu aipagarrienetako bat, aipagarriena ez bada. Euskal poesiaren azken 40 urteetako historian derrigor aipatu beharreko izena da Leterena, eta hau du lehen poema liburua joan deneko 16 urteetan. Duela bi urte Abestitzak eta poema hautatuak (Elkar) argitaratu zuen, baina hura, izenburuak argitzen duen gisan, ez da poema berriz osatutako lana, egileak aurretik idatziak zituen poemen eta abestitzen antologia baizik.

Gainerako poema liburuen egileak ez dira inondik ere Xabier Lete bezain ezagunak. Kasu bat baino gehiagotan, egilearen lehen poema liburua da Durangoko Azokan izango dena.

Ipuin liburu berrien atalean ereidazle ez oso ezagunak eta aurten opera prima aurkezten duten egileak dira nagusi, Edorta Jimenez, Joseba Sarrionandia eta Joseba Aurkenerena salbuespen bakar direla. Sarrionandiarena ez da berez ipuin liburua, narrazio fantastiko luze samarra baizik.

Uribe eta Zaldua, nobelagile

Nobela berrien atalean, aldiz, izen ezagunak dira nagusi. Baina badira idazle ezagunak izanagatik atal horretan aurten aurreneko aldiz agertzen diren idazle bi: Kirmen Uribe eta Iban Zaldua. Uribe poeta gisa izan da ezaguna orain arte, Zaldua ipuin idazle gisa (nahiz eta nobela bat argitaratua izan, gaztelaniaz idatzitakoa).

Kazetaritza, saiakera eta dibulgazioko liburu berrien artean, urtero bezala, gai askori buruzko lanak aurkitu ahal izango da aurten ere: literatura (Aurelia Arkotxa, Yolanda Arrieta, Jon Kortazar eta Manu Lopez Gaseniren liburuak), filosofia eta pentsamenduaren historia (Filosofiaren historia eta Ilustrazioa, Ilustrazioak lan kolektiboak), gai sozialak (Xabier Etxaniz Rojo eta Koldo Zuazoren liburuak), Euskal Herriko gatazka politikoa (Goio Martinez de la Perarena)...

Haur eta gazte literaturako eskaintza oparoa izaten da urtero, eta aurtengo zerrenda ere ez da salbuespena izango. Pello Añorga, Pako Aristi, Leire Bilbao, Arrate Egaña, Juan Kruz Igerabide, Antton Kazabon, Miren Agur Meabe, Xabier Mendiguren Elizegi, Fernando Morillo, Xabier Olaso, Eider Rodriguez, Karlos Santisteban, Joseba Sarrionandia eta Ana Urkiza daude liburu berrien egileen artean.

Atzerriko idazle askoren obrak bereganatzen ari da euskara, itzulpenaren bidez, azken urteotan. Durangoko Azoka hasten denerako, honako idazle hauen liburu bana izango da, gutxienez, euskaraturik plazara iritsia: Nathatcha Appanah, Paul Auster, Thomas Bernhard, Agatha Christie, Wilkie Collins, S. Dovlatov, A. Douglas, Doris Lessing, Hanif Kureishi, Somerset Maugham, Patrick Modiano, Moliere, R.K. Narayan, Zarko Petan, Francisco de Quevedo, Arthur Schnitzler, Antoine Saint-Exupery, Alain Serres, J.R.R. Tolkien, Jenny Valentine, Oscar Wilde eta Franz Werfel.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.