Benetan handiak diren hondamendi guztiek itxura batean ezdeusa dirudien abiapuntu bat izaten dute. Tantaz tanta urtzeari ekiten dio ehunka urtetan iraun duen izotz bloke antartikoak. Zigarrokin ximur batek erretzen ditu erreserba naturaletako artelatz hektareak.Nire kasuan, Carlosen ezkontzan hasi zen dena.
Karrerako laguna nuen Carlos. Lagun mina. Benetan nolakoa zaren dakiten eta estimatzen zaituzten horietakoa. Bene-benetan nolakoa zaren jakin arren, esan nahi dut, estimatzen zaituzten gutxi horietakoa.
Ikasketak bukatuz gero, ez genuen sarri ikusten elkar baina —bere konstantziari eta tartean-tartean antolatzen zituen bazkari edo egun-pasei esker—. Denborak meheturiko harremanen soka, ahuldu arren ez etetea lortu genuen nolabait. Pentsatzen jarrita, ezin nuen gauza bera esan garai bateko nire adiskide gehienez. Pista erabat galdu nien ia denei, edota azaleko erlazio deserosoa izatera pasa ziren. Kalean topatzean betiko bi galderak eta inoiz beteko ez ziren promesa faltsuak trukatzen zituztenetakoak bihurtu ginen. Hauetako batean trago batzuk hartzeko geratu behar diagu, sin falta.
Beno, kontua da Carlos ezkontzekotan zela. Eva izena zuen, eta du, emaztegaiak eta hamabost urte zeramatzaten ordurako elkarrekin. Nahiz eta hamabost urte horiek ez ziren, nolabait esateko, denak segidan pasa. Carlosen hitzak erabiliz, hamahiru urteko urrezko aroa + lau urteko banaketa traumatikoa + bi urteko berraurkitze heldua izan ziren. Guztira, hemeretzi urte hartzen zituen denbora-epe zabala, Enpresaritzako karrera hasi genuenetik orduko momenturaino —koarentena konplitzeko gutxiren faltan— luzatzen zena. Bikote gehienen ibilbide erromantikoa markatzen duen pauso garrantzitsu hori emateko unea, beraz. Uztarrian sartzeko garaia.
Eta, nola ez, ezkontza-ospakizunera gonbidatu egin ninduten. Gintuzten, Naroa eta biok. Naroak, baina, berehala eman zuen ezezkoa. Medikuntza Internoko Europar Kongresua zuen Maastrichten larunbat horretantxe —aste guztia emango zuen han, izatez— eta ezin zuen, inondik inora, hutsik egin. Hiru hilabete bota zituen ospitaleko bi lankiderekin batera osteoporosi degeneratiboaren tratamendu berri bati buruzko txosten hura prestatzen, beste hiru hilabete in extremis iritsi zen baiezkoaren zain, eta ia hilabete bidaia finantzatuko zion enpresa farmazeutiko baten bila. Profesionalki urrats handi bat emateko aukera aparta zen Europar Kongresuan egitekoa zuen aurkezpen hura, ondotxo zekien berak. Joan beharra zeukan.
Carlosek ez zidan ezer esan, baina ez zuen ondo hartu Naroaren ezezkoa, ziur nengoen. Banketeko mahai borobilen bere plangintza perfektua hautsi nion. Nahiz eta Naroa eta bion artekoak aspaldi galdua zuen perfekzioaren berniza. Biribiltasunetik urrun, erpinez gero eta beteagoa zegoen gure harremana.
Horrelakoetan ohi denez, gaizki zebilena ez zen ezer, eta dena zen. Telebista ikusiz jan eta saloiko mahai gainean ahaztutako jogurtaren potoa, sultana baten moduan ibili ondoren ilez beteta utzitako bainuko toalla, irratia piztuta gosaltzeko nuen ohitura edota azazkalak jateko zeukan mania itsusi hura. Dena ongi zihoanean irribarrea edota kexa leuna sortarazten zuten hamaika detaile, jasangaitzak bihurtu ziren bat-batean. Arraroa zen azken aldian iskanbilarik gabeko eguna. Denborak, izan ere, ondu egiten ditu zenbait ardo; beste hainbat ozpindu.
Ika-mika haien guztien azpian zegoena beste zerbait zen, ordea. Sintomak baino ez ziren, Naroak zioen moduan, benetako eritasunaren sintomak. Eta gaitzak, gure harremana txartu zuen piztia hark, bi buru zituen, baina izen bakarra: alferkeria.
Piztiaren izena, baina, kondairetako herensugeena bezalaxe, ezin esanekoa zen. Tabua. Eta, halere, banekien nik, ondotxo jakin ere, horixe zela Naroak bene-benetan pentsatzen zuena: zorria baino alferragoa nintzelako geratu nintzela lanik gabe, alegia.
Urtebete, urte eta erdi, izango zen harrezkero altzari enpresa handi hartatik kaleratu nindutela. Txinatarren lehia gero eta handiagoa eta azken hilabete luzeetako merkatuaren uzkurtzea aitzakia gisa hartuta, zenbait arlotako langileen murrizketa —esportazio sailekoena, batik bat— enpresaren finantza egoerarentzat ezinbestekoa gertatzen zela jakinarazi zidaten. Alferrik izan ziren pertsonaleko buruari lehendabizi eta zuzendari orokorrari gero azaldu nizkien argudio zentzuzkoak: konpetentziari aurre egiteko modu egokiena ez zela baliabideak gutxitzea, ahalegin komertzial handiagoa egitea baizik; gure aukerak zabaltzeko bezero berriak topatzen saia gintezkeela; merkatuaren beheraldi hark ez zuela luze joko… Alferrik dena. Zuzendaritzaren erabakia bi piezako trailer baten modukoa zen; sendoa, astuna eta atzera martxarik gabekoa.
Gainera, nahiz eta tamalgarria edo behin-behinekoa bezalako adjektibo kalifikatiboak erabili zituzten nire kontratua bertan behera uzteko, bulegoko atea itxi orduko nire bizkar deskalifikazioa baino ez zela erori susmatzen nuen. Izan ere, departamentu buruak begitan hartua ninduen, argi neukan hori aspalditik. Zehazki, Azkoitiko jaietan kontzertua eman eta astelehenean gaupasa eginda eta arropaz aldatu gabe iritsi nintzen egun madarikatu hartatik. Hanka sartzea izan zen, banekien, berehala konturatu nintzen horretaz. Buru gutxi eta alkohol gehiegi konbinatzearen ezinbesteko ondorioa.
Hutsegite bat edozeinek egiten du, jakina. Horixe bera esan nion hurrengo egunean nagusiari azalpenak ematera joan nintzaionean. Haren kopeta zimurtuak zalantzarako tarte gutxi eskaini zidan ordea. Segi lanera, erantzun zidan. Irribarrerik ez ezpainetan. Txosten bat pila batetik bestera pasa zuen, egur iluneko mahai gain zabalean. Zigilua tintaz busti eta lehen orrian indarrez zapaldu zuen. Ezabatzen ez zen marka ipinia zegoen.
Liburu aurrerapena
Udazkeneko lorea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu