Donostiako 59. Zinemaldia. Nadine Labaki. Zinemagilea

«Umorea da irauteko dugun modu naturala; bestela ezinezkoa litzateke»

Musulmanak eta kristauak bakean elkarrekin bizi daitezen bateko zein besteko emakumeek egiten duten ahalegin irudimentsua jaso du libanoarrak 'Et maintenant on va où?' filmean.

gorka erostarbe leunda
Donostia
2011ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Ondo ezagutzen du Donostia Nadine Labaki libanoarrak (Baabda, 1974). Caramel estreinako lanarekin publikoaren saria irabazi zuen 2007ko Zinemaldian, eta urtebete geroago epaimahaiko kide izan zen Sail Ofizialean. Gai dramatiko bat umorez eta sentiberatasunez nola jorra litekeen erakutsi du Et maintenant on va où? (Nora goaz orain?) bigarren filmean. Ez du umore eta sentiberatasun bera erakutsi argazkiak ateratzeko orduan. Elkarrizketan irudirik ez diezaiogun atera eskatu du.

Zergatik hautatu duzu komediaren tonua kristauen eta musulmanen arteko elkarbizitzaren inguruko istorio hau kontatzeko?

Elkarbizitzarako ezinbestekoa delako norbere erruen kritika egitea eta norbere arazoez barre egitea. Arazoen aurrean erreakzionatzen dugun modukoak gara.

Ez zenuen beldurrik izan umoreak eta komikotasunak une dramatikoak erabat estal zitzan?

Nik ez nuen hala pentsatu, ni ez bainaiz halakoa. Eta horrek guztiak zerikusia dauka etxeko emakumeengandik jaso dudan kulturarekin. Bizi izan dituzten une gogor guztien gainetik, umorea mantendu izan dute. Umorea da bizirik irauteko dugun modu naturala, bestela ezinezkoa litzateke.

Emakumea prestatuago al dago bakerako eta gizonezkoa gerrarako?

Baietz uste dut. Ezin dut esan emakumezko guztiek bakea nahi dutenik eta gizonezko guztiek gerra nahi dutenik, jakina. Baina askoz ere errazagoa da bi gizon borrokan ikustea. Testosteronarekin lotura izan dezake horrek.

Caramel aurreko lanarekin eta berri honekin mendebaldeko gizartean ekialdeko emakumeari buruz dugun ikuspegi paternalista puskatzen al duzu?

Ez dut inolako ikuspegirik apurtu nahi izan. Filmean ikusten den modukoak gara Libanoko emakumeak. Baina ez nuen film hau idatzi klixe horiek apurtzeko, baizik eta egia azaltzeko. Horrelakoak gara.

Zure amatasunak filmaren ernalketan zerikusia duela esan duzu. Zergatik?

Tira, haurdun nengoela gatazka piztu zen beste behin Libanon. Eta pentsatzen hasten zara. Zer biziko du gure haurrak? Hau al da utzi behar diogun ondarea? Beste modu batera arduratzen zara, eta filma egiteko beharra sentitu nuen.

Ikuspegi irudimentsu eta eraikitzaile batetik landu duzu elkarbizitza erlijiosoaren gaia. Ez da izaten oso ohikoa gai hori jorratzen duten filmetan.

Bai, horrela da. Arazoa ez da soilik erlijioarena. Pertsonen arteko gatazkak dira, anai-arreben artekoak, bizilagunen artekoak, eta munduko edozein lekutan gertatzen direnak. Ez zen nire asmoa erlijioen arteko gatazkari buruz hitz egitea, ikuspegi unibertsalago bat jorratu nahi nuen. Ez da Libanon gertatzen den arazo bati buruzko filma, nahiz eta geografikoki bertan kokaturik dagoen. Sentitu nuen beharra kristauen eta musulmanen egunerokotasunaz hitz egitekoa.

Libanoko gatazka gorabeheratsua kontuan izanik, eta filmaren izenburuarekin jolas moduko bat eginez, norantz doa zuen herrialdea?

Nork daki, auskalo! Erantzuna jakingo banu, ez nuke galdera hori egingo filmean. Egunero-egunero egiten diot galdera hori neure buruari. Aldika-aldika komunitate desberdinen arteko gatazka piztu egiten da, eta gero barealdia etortzen da... baina oso zaila da jakitea norantz goazen.

Aurten mundu arabiarrean gertatu den errebolta interesarekin jarraitu al duzu?

Bai, jakina, interes handiarekin jarraitu dut. Esperantza handia sortu dit errebolta handi horrek, baina beldur pixka bat ere badut, jakin behar dugulako nola bideratu hemendik aurrera ere. Erlijioen arteko gatazkek oraindik ere aurrera jarraitzen dute, eta asmatu behar dugu guztien artean ondo konpontzen.

Artista libanoar gazteak ba al datoz zuen atzetik?

Ari da belaunaldi berri bat agertzen, baina ez dute erraza. Batzuk atzerrira ateratzen dira, baina asko-asko ere ez dira. Libano herrialde txikia da, eta aukera askorik ere ez dute.

Harrera ona izan zuen filmak Torontoko jaialdian, eta gaur ere (atzo) jendeak gogoz txalotu du zure filma. Non egon liteke sekretua?

Jendeak oso ondo hartu du, eta horrek hunkitu egiten nau. Uste dut jendeak bat egiten duela filmak kontatzen duenarekin, elkar-hartze bat dago. Jendeak nahi du mundua alda dadin, gatazka gehiago egon ez dadin. Jendea gogaituta dago munduko egoera ugarirekin, bai Libanon, bai Parisen, bai hemen... Jendeak ez du haserre egon nahi bere anai-arrebekin, bere bizilagunekin... Gogaituta dago jendea, eta horregatik bat egiten dute filmarekin.

Zer-nolako esperientzia izan da zuk zeure burua zuzentzearena?

Oso sentsazio arraroa da, oso harreman berezia da zeure buruarekin. Beste aktoreekin naizen bezain exijentea izan nahi dut, baina zaila da, iruditzen zaizulako ez zarela besteak bezain erreala, besteak bezain ona. Gainera, film honetan dantzatu eta kantatu ere egin dut. Abesti bat kantatu dut. Lur azpian ezkutatzeko gogoa ematen zidan ondoren, gaizki kantatzen dudalako, baina asko gustatzen zait gorputzaren eta ahotsaren bidez adieraztea. Horregatik egin nuen. Gainera, musikaren egilea Khaled Mouzanar da, nire bikotekidea, eta horrek konfiantza ematen zidan.

HURRENGO EMANALDIAK

Gaur: Principe 7n, 23:00etan.

Bihar: Antiguo 2n, 20:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.