Israel Horovitz. Antzerki idazlea

«Umorea egokia da publikoa oso egoera serioetara eramateko»

Garai bateko galaitasuna du, eta irribarre bihurria. Egungo antzerki idazle saritu eta oparoenetako bat da Horovitz estatubatuarra. Miarritzen da egunotan; haren lan bat estreinatuko dute.

gorka erostarbe leunda
Miarritze
2011ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Jatorri europar eta judua du, izen-abizenek argi erakusten duten legez, baina Massachussetsen jaio zen (AEB), Bigarren Mundu Gerra hasi zen urte berean, 1939an. Hala ere, Europa beti izan du gogoan. Ingalaterran ikasi zituen antzerkiaren barneko kontuak, Arte Dramatikoko Akademian. Haren bi maisu eta adiskide handienetakoak ere europarrak izan ziren: Samuel Beckett irlandarra eta Eugene Ionesco errumaniarra. Miarritzen da egunotan, berak idatzitako Trois semaines après le Paradis lanaren bigarren zatia aurrenekoz eskaini dutelako munduan, Koliseoan, atzo, eta gaur ere bai (17:00etan). 2001eko irailaren 11n New Yorken bizi izandakoak eragindakotik sortu zuen lehen testua, eta hamar urte geroago sortu du bigarren hau. Zinema gidoigile, poeta eta nobela idazle ere bada Israel Horovitz, baina batez ere antzerkia maite du.

Non zinen 2001eko irailaren 11n. Zer sentitu zenuen erasoa izan zenean?

Bost seme-alaba ditut. Horietako gazteenak bikiak dira, eta mutila, Olivier, eskolan zegoen erasoa gertatu zenean, Dorre Bikien pare-parean. Hiru orduz ezin izan genuen jakin dorreak norantz erori ziren, eta ezin izan genuen jakin semea bizirik edo hilikzegoen. Hiru ordu denbora luzea izan liteke. Berak 25 urte ditu egun, bizirik dago, jakina, etafilmak egiten ditu. Shock egoeran geratu zen bera, eta shock egoeran egon ginen emaztea biokere, han bertan bizi ginen eta. Lehen hegazkinak dorrea jo zuenean izugarrizko zarata entzun genuen. Londrestik telefonodei bat izan genuen, nire emaztearen aitarena, esanez telebista pizteko eta zer gertatzen ari zen ikusteko. Korrika hasi ginen guztiok etxetik ihesi. Gerra baten barruan sentitu nintzen aurreneko aldiz.

Eta handik denbora batera idazteko beharra sentitu zenuen, antzezlan bat idazteko beharra?

Ez zen izan antzezlan bat hastapenean. Hura gertatu ostean inork ezin zuen lorik egin. Olivierrek 16 urte zituen, eta nire ohearen ondoan, lurrean, egiten zuen lo, babestuago sentitzeko. Psikologo batengana joatea erabaki genuen. Adin horretan jada film txikiak egiten zituen, eta atentatua gertatu ostean haren inguruko bat egin zuen eskolarako. Hura egin ondoren hasi zen ondo jartzen. Psikologoari galdetu nion ea nik ere zerbait idatzi beharko nukeen. 'Bai, dudarik gabe', erantzun zidan.

Eta hiru astera idazti zenuen.

Bai, hala da. Eta idatzitakoa bidali nien munduan barrena nituen lagunei. Testu horretan azaltzen nuen zergatik desagertu nintzen bizitza publikotik hiru astez. Eta jendeak berehala erantzun zidan esanez testu hori dramatizatu eta antzeztu egingo zutela beraien herrietan. Hiru asteren buruan testua 20 hizkuntzatara itzulia zegoen. Leku askotan eman zuten testua antzezturik, eta horietako bat ikusita konturatu nintzen ez nuela egin irailaren 11ri buruzko lan bat, baizik eta maite duguna babesteko ezintasunaren inguruko lan bat zela. Aita zara eta babestu nahi dituzu seme-alabak, babestu nahi duzu emaztea, zure lagunak... eta ezinezkoa da. Zentzu batean Jainkoa izan nahi duzu, baina ezinezkoa da Jainkoa izatea. Jainkoa misterio handi bat da. Era berean, pentsatu nuen George Bushek uste bazuen berak bakarrik mundua kontrola zezakeela, oker zebilela oso, mundua familia bat bilakatu baitzen. Ospitalean odol bila zebiltzan, eta nire auzoan bakarrik, di-da batean, mila lagunetik gora joan zen odola ematera. Arrazakeria arazoak ere desagertu ziren, beltz, zuri, hori... denak adiskide.

George Bush gustuko ez zenuela argi dago. Obamarekin erosoago bizi al zara?

Pozik nago Obama presidente dugulako. George Bush izan da nire bizitzan AEBei gertatu zaien gauzarik okerrena. Ezin dut irudikatu ezer okerragorik. Katastrofe handi bat. Munduan dugun krisian zerikusi handia du Bushek. Era berean, pentsatzen dut Osama Bin Laden hondamena izan dela mundu arabiarrarentzat eta mundu osoarentzat.

Baina Miarritzen erakusten ari zaretena ez da lehen testu horretatik abiaturiko lana, baizik eta bigarren zati bat ezta?

Hori da. Iaz, New Yorken nintzela, pentsatu nuen idatzi behar nuela gertaera hari buruz berriro, hamar urte geroago. Kasualitatez, beste lagun batek ideia bera izan zuen, eta mezu elektroniko bat bidali zidan, gauza bera proposatuz. Oso testu pertsonala da. Beste behin, hasieran pentsatu nuen irailaren 11ri buruzko testu bat idatzi nuela, testu politiko bat. Eta badu bietatik, batetik da gazte sentitzeko ahalegin bat, bestetik nire ingurukoak babesteko nahi hori adieraztea... eta konturatzea mundua aldatu egiten dela une oro. 1939an gerra handi bat izan genuen Alemaniarekin, eta gaur egun gure lagun dira. Beste gerra handi bat izan genuen Vietnamekin 1960an, eta gaur egun estatubatuarrak turista modura joaten dira Vietnamera, eta itzultzen dira esanez, 'zein ederra den!'. Eta zer pasatu da gerra horietan guztietan hildako haurrekin, zibilekin...? Hasieran uste nuen gauza bat idatzi nuela, baina beste zerbait da, zabalagoa, handiagoa. 2001ean jabetu nintzen zer den gerra batean egotea soldadu izan gabe, eta negargura ematen dit pentsatzeak Afganistango familia xume batek zer pentsa lezakeen gaur egun... Gutxi batzuk arduratzen dira gerra egiteaz, gehienak lanaz, familiaz eta lagunez arduratzen dira.

Errealitate gordinean jartzen duzu begirada zure lanak sortzeko, baina umorea, umore beltza, asko erabili izan duzu. Umorea al da errealitateari aurre egiteko modu bakarra?

Umorea modu egokia da publikoa osatzen duten norbanakoak euren mundu propioetatik zure errealitatera ekartzeko. Zu bazoazleku batera eta bestera zure antzezlanarekin, eta hura ikustera doana, bakoitza bere istorioarekin, bere eguneroko kontuekin doa. Batak tripako mina izango du, besteak egun txarra izan du nagusiarekin, beste batek senarrarekin... beraz egiazki inor ez dago une eta espazio horretan, antzezlanaren espazioan. Umorearekin, baina, zeure mundura ekar ditzakezu...

Non da umore inteligente eta eraginkorraren eta umore lerdo eta arruntaren arteko muga?

Uste dut sinplea dela. Ez dago amaiera zoriontsurik, hori bezain sinplea da. Amaiera zoriontsua duen obra bat obra faltsua da. Hollywoodeko film handiekin gertatzen den gauza bera da. Ez zaituzte pentsatzera eramaten; tira, ez zaituzte inora eramaten. Umorea bitarteko egokia da publikoa oso egoera serioetara eramateko eta jendea pentsaraztera bultzatzeko. Erantzunik ez diet emango nik ikus-entzuleei, baina saiatuko naiz galdera onak ematen. Gustura nintzateke galdera onak emango banizkie. Telebista ikusten duzu gaur egun, eta salbuespen gutxi batzuk kenduta, ez duzu ezer ikasiko.

Umorearen kontu horretan maisu bat izan zenuen: Ionesco. Nolako harremana izan zenuen?

Lagun handi bat izan zen, baina nire benetako aitabitxia, maisua, Beckett izan zen. Oso harreman desberdina izan nuen Ionescorekin eta Beckettekin. Ionesco zen lagun zoro moduko bat, eta Beckett zen aita moduko bat. BainaIonescok ikusten ninduen seme bat bezala, eta Beckettek, aldiz, lagun gazteago bat bezala. Ionesco ezagutu nuen 70eko hamarkadan. Line nire lehen antzezlana irakurtzeko bidali zioten, Parisen eman behar zutelako. Bera han bizi zen. Irakurri zuen eta sarrera bat ere idatzi nuen testurako. Adiskidetasun harreman bat izan genuen 20 bat urtean. Ume txiki baten modukoa zen, eta arrautza baten itxura zuen, oso txikia zen. Alaba bat zuen, eta ez zen oso polita. Uste dut berak nahi zuela ni bere alabarekin ezkontzea, baina ezetz esan behar izan nion... [barreak].

Eta Beckett? Nola ezagutu zenuen Samuel Beckett?

Nire bigarren aita izan zen. 27 urte nituela, The Indian Wants The Bronx izeneko obrarekin lanean ari nintzen. Al Pacino gazte bat eta John Cazale ziren aktoreak. Jaialdi batean geunden obrarekin, eta norbait hurbildu zitzaidan esanez ea ezagutu nahi nuen Samuel Beckett, berak ni ezagutu nahi omen ninduen eta. Oso urduri jarri nintzen, baina gero baietz esan nion. Irakurria zuen nire obra. Ordu erdiz egongo ginela esan zidaten, baina hiru orduz egon ginen azkenean. Orduz geroztik lagun izan ginen, 1989 arte, hil zen arte.

Nobelak idatzi dituzu, poesia, filmetarako gidoiak... Baina antzerkia al da zure adierazpide naturala?

Nobela bat idatzi nuen 13 urte nituenean, baina ez zuen arrakastarik izan. Oso kaskarra zen. Urte batzuk geroago antzezlan bat idatzi nuen, eta 17 urte nituenean ekoitzi egin zuten. Inork ez zuen esan antzezlan ona zenik, baina denek esan zuten antzezlan bat zela. Eta sentitu nintzen idazle, antzerki idazle aurrenekoz. Geroztik 70en bat obra idatzi ditut, eta horixe egiten dut oraindik...

Krisi garaiotan zenbaterainoko garrantzia dauka kultur sorkuntzak, eta zehazki antzerkiak?

Ohikoa da ekonomikoki krisi garaia denean antzerkiak gora egitea. Kontua da garestia dela antzerkia edo zinema ikustea. Merkatuko balira, jendea joango litzateke gustura. Krisi garaietan antzerkiak eta zinemak gora egiten dute kalitatean. Telebistak, aldiz...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.