Nahi berezi bat zuen Unai Mendizabalek (Zizurkil, 1992) Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako aurreko fasean: “Orain lau urte ez bezala, pisuzko gaiei eta gai sozialei ahalik eta ondoena erantzuteko intentzioarekin joan nintzen”. Umorea egiten duen bertsolariaren etiketa jarri zaiolako irudipena eduki izan du, eta, horren erakusle, saio arruntetan, gehientsuenetan, gai arinak edo umorekoak tokatzen zaizkio. Nabarmendu du etiketa hori ez duela zama moduan hartzen , ez duela negatibotzat. “Neu ere jabetzen naiz neure buruari luzimendu gehiago ateratzen diodala mota horretako gaietan, baina baneukan erakutsi nahi bat, beste mota batzuetako gaietan ere badakidala bertsotan egiten”. Halako burutapenak eduki izan ditu Eñaut Martikorenak ere (Hernani, 1995). “Izan dut zaku horretan sartu izan nauten sentsazioa: ‘Lau grazia botako ditu, baina gehiago ez eskatu tipo horri’. Edozeri buruz kantatzeko eta esateko zerbait badudala erakutsi nahiko nuke”.
Final-laurdenetan, elkarrekin aritzea egokitu zitzaien bi bertsolariei. Andoaingo saioan kantatu zuten, eta bereziki gustura geratu ziren, serio ere ondo aritu zirelako ofizioetan. Lehen aldiz sailkatu dira biak finalaurrekoetarako, eta elkarrekin aritzea egokitu zaie berriz ere, eta berriz ere faseko lehen saioan. “Abantailak eta desabantailak ditu horrek, guztiak bezala”, uste du Martikorenak. Arrasateko Uarkape pilotalekuan kantatuko dute, etzi, 17:00etan, eta Nerea Elustondok, Agin Laburuk, Unai Gaztelumendik eta Iñaki Apalategik (Andoaingo final-laurdenean izan zen hura ere) osatuko dute seikotea.
“Aurreko fasean neukan nahi hori pixka bat ase dudala uste dut, eta bertsotan niretik egitera joango naiz. Txapelketatik kanpo egiten dudan bertsokera mantendu nahiko nuke, txapelketan karratuagoak-edo bihurtzen garela iruditzen zaidalako”, esan du Mendizabalek. Ahalik eta saiorik txukunena egitea, eta, ahal bada, ariketaren batean goia jotzea jarri dio helburu bere buruari. “Ez dirudi oso handizalea, baina horrelaxe sentitzen dut”. Martikorenaren helburua, berriz, ondorengo hau: “Saio on bat egitea, eta jendeari erakustea horraino iritsi izana ez dela kasualitatea; hau da, final-laurdenetan eguna izan nuen sentsazioa ez uztea”. Laugarren saioa izango du aurtengo txapelketan. “Baina besteetan ez dira mila entzule egoten. Jende askorentzat orain hasten da txapelketa, eta badut kezka hori: saio txarra egin, eta jendeak kasualitatez iritsi naizela pentsatzeko”.
Euskal Herrikoa, eskura
Hain zuzen, udaberrian hasi zen txapelketa bi bertsolarientzat, sailkapen fasean ere parte hartu behar izan zutelako. Asteasuko kanporaketan, Elgoibarko final-zortzirenetako saioan eta Andoaingo final-laurdenean kantatu du Martikorenak: “Asteasun, bertso batzuetan asmatu nuen arren, ez nintzen guztiz gustura geratu; Elgoibarren, hamarreko txikiko ofizioak alde egin zidan pixka bat, baina gustura geratu nintzen orokorrean; eta Andoainen, hobetzeko gauzak badauden arren, ariketa guztiekin geratu nintzen gustura”. Mendibazalek Lezon, Zumarragan eta Andoainen kantatu du: “Lezokoa arraro samarra izan zen; aurretik oso urduri egon nintzen, baina gero gehiegi erlaxatu nintzen, eta poto ere egin nuen. Zumarragan, uste dut, bueltan-bueltan, saio txukuna egin nuela, baina barrutik ez nuen eroso bizi izan; Andoaingoa da orain arte konformeen geratu naizen saioa”.
Finalaurrekoetara sailkatzen denak Euskal Herriko Txapelketarako txartela ere esku-eskura izaten du Gipuzkoan. Hemezortzi bertsolari izango dira finalaurrekoetan, eta horietatik lehen hamaseiak joango dira Euskal Herrikora (eta hamasei horietakoren bat Beñat Gaztelumendi bada, hamazazpigarrena ere bai). Hau da, bi urte barru ere plaza handiren batean kantatzeko aukera izango dute bertsolari horiek, eta, hori jakinda, lasaitua ere hartu dute batzuek.
Aurrekoan ate-ateetan geratu zen Mendizabal, puntuetan berdindu arren ez zuelako lortu finalaurrekoetara pasatzerik. “Momentuan ez nuen batere penarik hartu, baina gero, Euskal Herriko Txapelketa etorri zenean, bai. Ilusio handia egingo lidake behin, behintzat, han kantatzeak”.
Martikorena, berriz, kanporaketa fasean kanporatu zen orain dela lau urteko txapelketan, udaberrian. “Zaplazteko handi samarra hartu nuen. Aurtengo udaberrian berriz kanpoan geratu izan banintz, seguru asko azkenengo txapelketa izango zen niretzat”. Bertsoarekin duen harremana bertso eskolarekin lotzen du segituan. “Nik ez ditut saio asko; inguruan pare bat lekutan kantatzen dut, eta kito. Bertsoarekiko nire harremana bertso eskola da, eta, txapelketako emaitza gorabehera, ez dut uste harreman hori aldatuko zenik”. Astero biltzeko ohitura dute Hernanin, eta, txapelketaren aitzakian, maizago geratzen dira maiatzetik. “Kanpoan geratu den jendeak ere laguntzeko prest jarraitzen du, eta asko eskertzen da hori”.
Tolosaldean, orain lau urte baino lasaiago hartu dute txapelketa. “Orduan jo eta ke prestatu genuen udaberriko fasea ere. Horrek duen arriskua da zure buruarekin aspertzea, ikustea ez duzula ateratzen ezer originalik edo beti berdina kantatzen ari zarela iruditzea”.
Betiko zalantza da txapelketa batean aurrera egiteak edo ez egiteak zenbateraino irekitzen edo ixten dituen ateak aurrera begira. “Ez dago jakiterik. Amaitutakoan ikusi beharko da norbait gogoratzen den gurekin”, dio Martikorenak. Mendizabalek uste du saio kopurua batik bat bertsolari bakoitzaren profilaren, bizi den inguruaren eta estiloaren mende dagoela. Orain lau urteko txapelketak, ordea, plaza asko ekarri zizkion, kontatu duenez: “Bertsolaritza munduan erabat ezezaguna nintzen; Tolosaldean aritzen nintzen pixka bat, baina plaza oso gutxi egiten nituen, eta egiten nituenak lagunartekoak ziren, librean…”. Txapelketan kantatu ostean, berriz, sariketa ugaritatik deitu zioten. “Finalaurrekoetara pasatu ez arren, asko lagundu zidan neure burua ezagutarazten. Halere, ez dut uste lehendik zebiltzan bertsolariek plazak galduko dituztenik finalaurrekoetara ez sailkatzeagatik”.