Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

Unai Agirre sartu da zuzenean finalera Tolosako saioan

Beñat Gaztelumendi sailkatu da bigarren. Mailak gora egin du azken-aurreko finalaurrekoan.

Agirre, Eskoriatzan jokatu zen final aurreko saioan. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS
Beñat Zamalloa Akizu.
2015eko azaroaren 29a
20:45
Entzun

Unai Agirrek irabazi du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken-aurreko finalaurrekoa Tolosako Usabal kiroldegian. Saioa irabazita, zuzenean sartu da abenduaren 19ko finalera. Erraz eta bizi aritu da Agirre (517 puntu) ofiziotan zein bakarkakoan. Agirreren atzetik sailkatu dira Beñat Gaztelumendi (501 pt.), Iñaki Apalategi (493 pt.), Oihana Iguaran (482,5 pt.), Nerea Elustondo (476 pt.) eta Beñat Lizaso (458 pt.). Puntuek erakutsi bezala mailak gora egin du bigarren finalaurrekoan. Sei bertsolariek saio bizia osatu dute 1.600 bertsozaleren aurrean. Azken finalaurrekoaren faltan, hauek dira finalerako txartela: Alaia Martin (zuzenean), Agirre (zuzenean), Gaztelumendi, Agin Laburu, Apalategi, Iguaran eta Elustondo.

Hasieratik hartu du bizitasuna saioak. Erritmoz motelagoa izan da lehen hamarreko handiko lana; gainontzeko bi lanak, ordea, biziagoak izan dira gaiengatik eta aukeratu dituzten doinuengatik. Oro har, zuzen joan dira hamarreko handikoak. Gaztelumendi, Iguaran eta Agirre nabarmendu dira. Iñaki Apalategi eta Oihana Iguaran izan dira hamarreko handian lehenak. Haurdun egonda, betetako autobusean ez zien inork lekurik uzten. Indartsu hasi du saioa Iguaranek. “Berai begira geratu arren / e’ zaio bate’ ajola. / ‘Ze aulki ona galdetu diot’ / hanka zapaltzen niola / sabel barruan dedan pisua / sentitu dezala hola”, bota du Iguaranek bere bigarren bertsoan.

Apalategi eta Iguaranen atzetik, Lizaso eta Gaztelumendik kantatu dute ariketa berean. “Bikotea zarete. Sexu harremanak dituzuen bakoitzean argi guztiak itzaltzen dituzue”, jarri die gaia hamarreko handirako Lizaso eta Gaztelumendiri. Erritmo bizian kantatu dute. Gaztelumendik argitu du ertzik.  “Non ote daude zure laztanak? / Eta non zure poemak? / Guk bonbilari so egin arren / guregan daude problemak / alferrik pizten ditu argiak / itzalita dagoenak”, osatu du bigarren bertsoa saioaren irabazleak.

Hamarreko handian azkenak Agirre eta Elustondo izan dira. Iriartek langabezian kokatu ditu, eta politikarietatik lautik batek enpresa pribatuetan bukatzen dutela ohartarazi die. Jakin dute biek entzuleengana heltzen kritiken bidez. “Ta txarrena da noizpait / botoa eman izan diegula”, amaitu du aurreneko bertsoa Agirrek, eta “politikoek egin dutena / ezin genezake ahaztu / herrialdea krisira eraman / eta berak aberastu”, bigarrena.

Lehen puntua emandakoek emaitza onak izan dituzte. Iguaran, Agirre eta, batez ere, Elustondo gailendu dira bigarren eginbeharrekoan. Ez da Gaztelumendiren ariketarik finena izan. “Dibortzioek gora / egin omen dute”, puntuari honela erantzun dio Elustondok: “Hori besteren batek / esan behar luke / ezkongai daramat / hotamalau urte / eta ahal bada hala / jarraitu nahi nuke”.

Sei puntuko motzarekin segitu du saioak. Apalategik ofizio horretan jo du goia. Apalategi eta Gaztelumendi izan dira aurrenekoak. Zientzia politikoak elkarrekin ikasi ondoren, analista politikoa zen Apalategi eta politikaria Gaztelumendi. Apalategi analistak dena kritikatzen zion Gaztelumendi politikariari. “Beñat, aski jardun gera / orain, segi mitinera / jendeak entzun nahi ditun gezur / batzuk esatera”, biribildu du lana.

Biziago eta umoretsuago
Saioak bizitasuna berreskuratu du sei puntu txikiko azken ofizioan. Elustondo eta Lizasok goi mailako musikarien ahotik eginikoa eta gero, Iguaran eta Agirre egokitu dira. Hau zuten gaia: “Adineko bikotea zarete. Hil ondoren zuen gorpuarekin zer egin duzue hizketagai. Zuk, Oihana, hilerrian lurperatzea nahi zenuke; zuk, Unai, zientzia ikerketarako erabiltzea”. Heriotza tartean izanagatik, umoretik bideratu dute. “Zientziara zoazela / eta pentsatu dut bela / aguante eredu izan daiteke / zuk dezun gibela”, zirikatu du Iguaranek Agirre, eta Agirrek zetorren tonuan erantzun dio: “Ideia didazu tira / nere gibelai begira / asko ikusiko zituzten baino / harrituko dira”.

Tonuari eta mailari artez eutsi dio Agirrek azken ofizioan ere. Gaztelumendirekin egin du zortziko txikikoa. Gaiak honela kokatu ditu abiapuntuan: Gaztelumendi lantegi bateko garbitzaileak komunak garbitu orduko joaten zen komunera Agirre lantegiko nagusia komunera. Ipurdia ere garbituko dion galdetu dio Gaztelumendik bigarren bertsoan, eta goitik behera erantzun dio Agirrek: “Gogorikan badezu / neretzat primeran / bukatu ordurako / hor dezu aukeran / usaina ta zikina / joango dira hegan / mesedez lejiarik / e’ zaidazu eman”. Gainontzeko bi zortziko txikian mailaz zertxobait apalago joan diren arren, bizitasunik eta umorerik ez du galdu saioak.

Sarri pentsatua, sekula esana
“Sarri pentsatu izan duzun arren, ez diozu esan oraindik”, izan dute kartzelako gaia. Bertsolarientzako amen adierazpenak izan dira nagusi. Bide hori aukeratu dute Iguaranek, Lizasok eta Gaztelumendik. Bide hori hautatutakoen artean, Gaztelumendirena izan da lanik azpimarragarriena. Bakarkakoan ez du hutsik egin beste behin ere, eta bakarkako aparta josi du. “Aitak eta zuk hizketan / erakutsi zenidaten / eskutik helduta nola / ninduzuen eramaten / zuen eskutatik nola / nuen jan eta edaten / ohera nola hurbildu / ohi zineten gau beltz baten / gure ikaren ondoan / nola zineten etzaten / jasan ezin genuena / nola zenuten jasaten. / Ama, zure hitz ta laztanek / ene, ze indar daukaten! / Sarritan esan nahi dizut / baina ez dakit esaten”, kantatu du bigarren bertsoan. Tolosara eta bertso saiora ekarri du kontakizuna azken bertsoan: “Eman dizut Tolosara / ez etortzeko baimena / esan baitzenidan zela / gogorretan gogorrena / zure semea oholtza / baten ikustearena / baina zu nerekin zeunden / ta hori ez zen problema. / Gai jartzaileak eman du / etxeratzeko ordena / eta zugana hurbildu / naiz sukaldean barrena / besarkada bat lehenbizi / eta musu bat hurrena / hitzik ez det erabili / baina esan dizut dena”.

Agirrek ere amari esan beharrekoak izan ditu kantagai, baina langabeziagatik kanpora doan semearen roletik. Apalategirena izan da gai aukeraketan bereziena. Vanesa lagunari sarri pentsatua eta inoiz ez esana argitu du. Bigarren bertsoa asko eta artez jantzi du: “Beti izan da hain modernoa / hain fashion, cool, guay hain in-a / astean zehar spinninga ta larunbatez kokaina / baina bizitza ez da filma. / Ai, gure fashion victim-a… / Astero-astero aberasten du / herreratar Carolina / han utzi ordez propina / pozik zenuke arima / bertako apal baten salgai / balego autoestima”. Berezia izan da Elustondok lagun onenaz maitemindutakoarenetik osatutakoa. “Ta berak kolpez haize hartzera / bialtzen banau alafede / agian, ez da uste nuena / bezain lagun ona ere”, bukatu du.

Azken finalaurrekoa datorren igandean izango da Eibarren. Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Felix Zubia, Iñaki Gurrutxaga, Jon Maia, Mikel Artola eta Nahikari Gabilondok izango dut finalerako lekua lortzeko aukera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.