Paradoxek zertarako balio duten. Tradizio kolonizatzailea duten kulturen atzaparrek itotzen dute kultura minorizatua. Ostera, ezinbestean, kultura kolonizatzaile horiek berberek elika dezakete kultura txikia ere. Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren Leturiaren egunkari ezkutua (1957) hartzen da euskarazko lehen nobela modernotzat, batez ere edukiari dagokionez. Txillardegiren nobelak asko zor dio existentzialismoari, Jean-Paul Sartre frantses hiztunari eta Miguel Unamuno espainiar hiztunari. Euskal literatura modernoaren ernatzean pentsamendu filosofiko batek eragina izan bazuen, existentzialismoak izan zuen. Maider Etxaniz unibertsitateko irakasleak existentzialismoaren eta euskal literaturaren arteko harremana azaltzen du Filosofia eta poesia liburuan: «Konpromisoa, izate minberakorra, argi-iluna, heriotza, larritasuna, askatasuna, autentikotasuna... Horra hor autore horiengan errepikatu diren ideia Existentzialak», dio pasarte batean. Eta, batez ere, Txillardegi eta Xabier Leteren literatur ekarpenak hartzen ditu paradigmatzat. Sartre eta Unamuno akuilu izan ditu euskarazko literatura modernoak.
Bigarren poema liburua eta Urrats desbideratuak jotzen dira Xabier Leteren liburu existentzialentzat. Lete da askorentzat literatura eta filosofia uztartzen egile behinena. Hala ere, besterik pentsatzen duenik ere bada. Beñat Sarasolarentzat, pentsamendu filosofikoa eta poesia elkartzeko ahalegin hori bera da Leteren poesiaren «arazo handienetako» bat. «Badakit askorentzat erreferente bat dela, baina, tira, sentitzen dut, bere lehenengo poema liburuan gauza bikainak aurkitzen dizkiot, baina gerora hartutako ibilbidea ez zait oso interesgarria egiten».
Sarasolak gogoan du bere filosofiako irakasle batek esaten zuela Kantek adierazitako oro dagoela Prousten Denbora galduaren bila nobelan. «Lehen begiratuan, bere amodio eta jelosia istorio horiekin, ez du ematen Proustek oso filosofikoa. Horrekin esan nahi dut artikulazio literario egokirik erdietsi ezean nekez edukiko duela poesia lan batek pentsamendu filosofikorik». Artikulazio literario hori Gabriel Arestiren ondorengo belaunaldiko zenbait poetak lortu dute «hobekien», Sarasolaren ustez: Joxe Azurmendik, Mikel Lasak, JosAnton Artzek, Amaia Lasak...
Amaia Iturbideren irudiko, Leteren poesiaz gain, honako hauek dira poesia eta filosofia ongien uztartu dituztenetako batzuk: Artzeren Lurra izarrez, ortzi lorez poema liburua —«budismoa euskal pentsamolde tradizionaleraino ekarri du»—, Felipe Juaristiren Begi-ikarak — «hausnarketa eta zentzumenen eremua elkartuz, giza existentziaren barne mintzo biluzia igortzen digu»—, Juan Kruz Igerabideren Mailu isila, Juan Ramon Makusoren Huntza hezur berritan eta Jon Gerediagaren Jainkoa harrapatzeko tranpa —«gizakiaren kezkak azaleratu eta bizitzaz eta munduaz jarduteko filosofiari eusten dio»—. Azken urteotako ibilbideari erreparatuz, pentsamenduaren poesiaren sustatzaileez gain, Jon Gerediaga eta Jose Luis Otamendi dira «esparru horretan gehien asmatu dutenak», Sarasolaren aburuz, «nahiz eta Otamendik ziur aski kolpetik ukatuko lukeen bere poesia filosofikoa dela».
Gaur egun, normalagoa da poetak kezka filosofikoak azaltzea. Hala uste du Felipe Juaristik. Klasikoen artean, Leteren eta Mikel Arregiren existentzialismoa eta Jon Miranderen panteismoa nabarmenduko lituzke. Markos Zapiainen iritzian, Lukrezioren De rerum natura da filosofia eta poesia uztartzen dituen «libururik bikainena». Eta euskaraz irakur liteke Gauzen izaeraz izenburuarekin, «Xabier Amurizaren itzulpen harrigarriari esker».
Unamunoren eta Sartreren akuilua
Euskarazko literaturak existentzialismoaren bidez izan zuen lehen harreman sendoa filosofia pentsamenduren batekin; geroztik, ugaldu egin dira lotura bide eta ildoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu